Astekaria

Fran ezagutu zutelako “zorioneko” sentitu dira

Guaixe 2021ko eka. 15a, 10:32
Ekitaldia topa eginez despeditu zuten.

Hala adierazi zuen Porrotxek Fran Balda Arañari Arbizun egindako omenaldian. “Gozada bat izan da, Fran”, gaineratu zuen. Baina militantzia kide, lagun eta herrikide izandakoari ahots eta doinu ugarik eman zioten azken agurrean

Trikitilarien doinuak batetik, zanpantzarra eta momotxorroak bestetik, Fran Balda Arañaren irudia oholtzara eramaten. Ken 7ren doinura dantzatutako aurreskua. Hitzartzeak. Arbizuko musikarien kantuak. Lagunak. Argi Bidea elkartea. Nafarroako ezker abertzaleko, Sortuko eta Ernaiko kideen esanak. Horien bidez oroitu zuten igandean Fran Balda Araña zena, hari emandako azken agurrean. “Bizitza oso bat militantziari emana. Zailtasunetan, beti aurrera. Ezker abertzaleko militante osoa, leiala beti”. Hala definitu zuten eta “bere tokia kolektiboki betetzen saiatuko” zirela gaztigatu zuten oholtzatik. Akaberan arbizuarrek eta kuadrillakoek Franen omenez eta bizitzaren alde topa egin zuten. 

Hitzartze batzuk
Amaia Izko Baldarekin bat egin zuen epaitegiek zabaldutako sumario batean, eta hortik hartu zuen hitza adierazteko ez zuela Arbizun egon nahi, Baldarekin “presoen eta askatasunaren alde lanean, borrokan” jarraitu nahi lukeela esan zuen. Balda lankide eta burkidetzat jo zuen Izkok. Arbizuarra hainbat tokitan opatu zuela aipatu zuen abokatuak. “Eta nekea eta egon eza zabaltzen zenean, zure prestutasuna, Fran: beno, beno, baina zer egin behar da?” Arbizuarra erreferentzia zela nabarmendu zuen. 

Jesus Mari Mendinueta alkate zela Arbizu Palestinako Marda herriarekin senidetu zen. Eta hara Baldarekin joan zen. Herrien arteko harremana mantentzen da eta Mendinuetak Mardako garapen elkarteko lehendakariak bidalitako oharra irakurri zuen. Palestinarrendako Baldarena “galera handia da, askatasunaren eta justiziaren alde borrokan ari direnendako. Ez dugu ahaztuko, lagun izan genuelako gure herriak okupazio sionista eta arrazistaren kontra daraman borroka honetan. Espero dugu Baldak gurekin sortutako harremana bizirik irautea eta gure bi herrien arteko harremana ere sendotzea, hori nahi zuelako Baldak ere”. 

Porrotxek nabarmendu zuen “bizitza abenturetan neurtu daitekeela eta Franek milaka abentura bizi ditu”. Pailazoa Baldarekin Palestinan egon zen eta “bertan ikusitakoa eta ikasitakoa Euskal Herrira ekarri genuen”. Arbizuko haurrei erakutsi zieten hori guztia “eta kalejiran joan ginen San Joan ermitaraino eta olibondoa landatu genuen”. Igandean berriro ermitara joan ziren eta gereziondoa landatu zuten olibondoaren ondoan. Baldak “mundua denona eta denondako” nahi zuela azpimarratu zuen Porrotxek, “mundu berri bat, koloretakoa. Eta hori denon artean eginen dugu, gutako bakoitza gure koloretik, baina ostadarra osatuz”. 

Mikel Mundiñano Sareko kideak esan zuenez, “Fran pozik zegoen, eta gu ere pozik gaude. Azken hilabeteetako espetxeetako mugimenduek itxaropena sortu dutelako, orain arte mugitzen ez zen Estatuaren posizioa mugitzen hasi delako; aukera leiho bat ikusten hasi delako presoen etxeratze bide horretan”. Pozarekin batera Fran “arduratuta” zegoela gaineratu zuen Sareko kideak: “inoiz baino garrantzitsuago delako presoen etxeratzearen aldeko bide horretan pausoak ematea, behingoz presoen korapiloa askatzeko”. Kartzelak husteko aukerak ikusten zituen arbizuarrak. Bide horretan “gehiago izanda urrutirago iritsiko gara”. Franek emandakoak eskertu zituen Mundiñanok. 

Zoila Berastegi Mariñelarenaren olerkia: 
Nekez bihurtzen baita zahar arbola 

Oraingoan heriotzak konbokatu gaitu. 
Gorputzetik gorpura doan instante horrek. 
Azken hatsak. 
Eta hemen gaude, 
bizitzaren misterio handiena ulertu ezinik. 
Minari hitzak jarri nahiean, eta hitzak ihes. 
“Ai eneak” joaten direnean, isiltasuna dator 
eta hor sentitzen da beharbada zauriaren gordina bere sakontasunean. 
Ur gaziak badaki begietatik ezpainetarainoko bidea egiten 
eta malkoak garratzak dira; 
garratzagoak barruko ur handietan atera ezinik geratzen badira.  
Eta egia da, 
badu minak minetik,  
baina badu minak kuttunetik eta desiotik ere, euskaraz bederen. 
Horregatik…
Aio lagun maite, 
aio lagun kuttun, 
aio lagun-min. 

Zuhaitz bat bazina, 
arramak zenituzke beso, 
eta besoak luze 
eta besarkadak lepo. 
Hostotsua zinake 
eta zuk sortutako gerizpe horretara edonor litzake ongi etorria. 
Ongi etorriak egiteaz bazenekien zertxobait,  
lagunak, kideak, zaintzeaz bezain beste. 
Bazenekien urrutiko zuhaitzak gurera ekartzen, gure egiten, 
eta orain olibondo bat daukagu San Juanen. 
Hain luzeak ziren zure elkartasun besoak. 
Zeure izanarekin, 
eginarekin, 
agerian utzi diguzu Maitasuna, 
elkar zaintza, 
iraultzailea dela. 
Zu aldiz, 
feminismoei esker, 
hasia zinen jabetzen pertsonala politikoa dela, 
eta hortaz, 
mundu kabroi hau aldatzeko barrura begira dauden leiho horiek,
 hainbesteko beldurra ematen duten leiho horiek, 
ireki beharrean gaudela, ezinbestean. 
Eta ireki zenituen batzuk… 
ez denak. 
Berri Txarrak-ek dioen bezala “koherentea naiz nire kontraesanekin”. 
Ez baita beti erraza umearen loa eta kaleko bizitza uztartzea. 
Eta hara, jaiotzen ari zaizun kimu berri hori indartsu bezain hauskor dator. 
Zuk ereindako maitasun hazien fruitu gara, 
eta hona hemen udaberria loratzen. 

Zuhaitz bet baziñe, 
sustreyek hemen ziñuzke, 
ez beste iñun, 
Arbizun. 
Leziza ta Beldarrin errekako udsa aanko ziñuke, 
ta Trosketako ganbeletik gora faan ziñeke. 
Hatsai emanik aurki, 
beya gora. 
Siempre pa’ lante. 
Mezeengo egunek meixi beitu; 
Sandindeikuek debei. 
Noona heiz ba hi? 
Martintxonekua ama, 
Errekondokua aitta. 
Lau senidetatik zaharrena. 
Udalien zinegotzi, 
alkate orde rebei, 
ta nehi izeneskio herriko enbajadoria iguel; 
korbatipe hoi bei. 
Gauzat ezpaa bestia, 
plaza inguubortan beti. 
Helikoptero ta guzia, txakurrek atzetik irui, 
zizadei bet ikusi 
ta zizek bildu o ez duda en zubena.  
Ziza esaten dubenak esaten du onddo, pintada, amurrei, barrikada o langosta. 
Denetaa de furtibo bintzet. 
Makinat pankarta jarritakua, 
ta aldiko kiloka prezinto gastatu rebei. 
Ta pankarta jarri bezela, jendu. 
Herriya bintzet beti txukun. 
Jokuba bei, enbido. 
Heldu. 
Heldu jokubai. 
Makinat partida fan dia zar ta gazte tartien, 
ta batzun ta bestien arteko zubi lanak eten de habila aittun haundiyau. 
Arantzazun ibilliya, 
jainkua bia axalazten. 
Dena den, eukaristiana barneratu zuben, 
hoi bei, Karriken gauzatzeko elizen ordes. 
Izarrak San Juanetan, 
beti de gorriyek, 
ta izarra hauts bilakatuta de bizigai izeen dela bazakiyena. 
Nola ahaztu batzun ta bestien itxen txintxilika utzitako onddo poltsak?
Nola ahaztu bi-hiru astes launa babesteko ladrillo artien ibili izena? 
Nola ahaztu baikortasun sutsubura (ozin hauteskunde. Zenbat ataa bittau Balda? Maximo)? 
Nola ahaztu punttuben prestatutako paellada herrikoyek? 
Nola ahaztu presuen aldeko rifek, prentsaurrekuek, saskiyek, gutunak, eta abar, eta abar eta abar? 
Nola ahaztu saretze lana? 
Nola ahaztu?
Sarrik esanko luke nekez uzten dubela bee sorterriya sustreyek han dazkanak. 
Ta guk geittuko giñuke: 
nekez uzten du herriya, herriya en dubenak. 

Erlazionatuak

Zuhaitz bat bazina...

Guaixe 2021 eka 07 Arbizu