Eusko Jaurlaritzak Euskadi Literatura Sarietako euskarazko hiru saritu zein ziren jakinarazi zuen, eta gaur gainontzeko lau sarituen izenak eman ditu. Horien artean Mikel Reparaz Extramiana dago, Saiakera Gaztelaniaz modalitateko saria eskuratu duena Las grietas de América (2020, Península) liburuarekin. 18.000 euroko saria izanen du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.
Epaimahaiak esan duenez, liburua “egileari eta Estatu Batuei buruzko liburu bat da. Ez da, beraz, bitakora koaderno bat bakarrik. Bidaia horretan, bere egileak iraganeko ikertzaile eta orainaldiko erreportari gisa jarduten du, Ameriketako Estatu Batuetako historia lotsagarriena egungo errealitate pitzatuarekin lotuz”. Epaileen “bikain idatzita” dagoela gaineratu dute, eta azpimarratu dutenez, “gaiaren interesa eta gaurkotasuna nabarmentzen dira, bai eta tratamenduaren koherentzia ere”
Mikel Reparaz Extramiana
Arbizuarra (1975) nazioarteko informazioan espezializatutako kazetaria da. Nafarroako Unibertsitatean Kazetaritza ikasle zelarik, Balkanetako gerraren azken uneak gertutik bizi izan zituen, 1995eko udan. Ordutik, etengabe aritu da munduan barrena lau kontinentetako gatazka eta gertakizunez informatzen. EITBrako korrespontsal lanak egin izan ditu Bruselan eta New Yorken, Radio Euskadiko albistegiak ere zuzendu zituen, eta gaur egun ETBko Nazioarteko arlo buru da. Amerikako Estatu Batuetan egindako urteen eta bidaien emaitza da Peninsula argitaletxearekin 2020an argitaratutako liburua.