Karrika Nagusiko 1 zenbakia du Arbizuko eskola zaharren eraikinak, 2019ko udazkenetik ikaslerik hartzen ez duena. Ordutik eskola zaharrean zenbait jarduera egin badira ere, hari zer erabilera eman erabakitzeko Arbizuko Udalak parte hartze prozesua abiarazi zuen. Hasteko, udalak irailaren 20 eta 21ean eraikinaren ate irekien jardunaldia antolatu zuen, arbizuarrek eskola zaharrak bertatik bertara ezagutzeko. Ondoren herrian inkesta zabaldu zuen, 16 urtetik gorakoek erantzun zezaketenak, beti ere, eraikin hori zertarako erabil litzatekeen azaltzeko.
Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, 74 inkesta jaso dituzte, (38 paperean eta 36 web bidez). Parte hartze prozesua bideratzeko udalak Elhuyar enpresa kontratatu du, eta bera izan da inkestak aztertu dituena. Biharko batzarrean Elhuyarrekoek ondorioen txostena aurkeztuko dute. Ondoren “ideiak jorratu eta erabakiak hartuko” dituzte, udalak azaldu duenez. Horregatik, udalak arbizuarrak batzarrean parte hartzera gonbidatu ditu.