Aurreko ostegunean, ekitaldi garrantzitsua hartu zuen Gasteizko Artium Museoak: Euskadi Literatur Sarien sari emate ekitaldia. Mikel Reparaz Extramiana kazetari eta idazle arbizuarrak Euskadi Literatur Saria jaso zuen Saiakera Gaztelaniaz modalitatean, Las grietas de América (2020, Península) liburuari esker. EITBko Nazioarteko arduraduna denak 18.000 euroko saria jaso zuen, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.
Zorionak Euskadi Saria lortzeagatik. Zeinen sorpresa ederra, ezta?
Eskerrik asko. Ba bai, sorpresa izugarria. Ez nuen inondik inora espero, eta izugarrizko poza izan da horrelako errekonozimendu bat jasotzea. Kontuan hartu behar da Euskadi Literatur Sarira ez dagoela aurkezterik. Hau da, idazleek edo argitaletxeek ez dituzte euren lanak sariketara aurkezten. Epaimahai bat dago eta epaimahai horrek urte osoan argitaratu den guztia kontuan hartzen du, kasu honetan 2020ko argitalpenak, finalista batzuk erabakitzen ditu eta hortik ateratzen da sariduna. Egia esan, ez nuen horrelakorik espero, eta oso pozgarria da.
‘Las grietas de América’ liburuaren argitaratze prozesua gorabeheratsua izan zen. Pandemiak argitarapena atzeratu zuen, argitaletxeekin ere bueltaka ibili zinen, eta azkenean Península etxeak argitaratu zuen.
Liburua hasiera batean 2020ko maiatzean ateratzekoa zen, baina pandemia zela eta irailera atzeratu zen, beste hainbat liburu bezala. Eta nik uste dut hein batean horrek liburuari lagundu ziola, gaurkotasunak nolabait bulkada eman ziola, urte horretako azaroan AEBetako hauteskundeak izan baitziren, Joe Bidenek irabazi zituenak, eta ondoren Gabonak pasata, Errege egunean, Kapitolioaren oldarraldia gertatu zen. Uste dut aktualitateak liburuari bigarren edo hirugarren bizi bat eman ziola. Liburuaren lau edizio egin ditu argitaletxeak. Badirudi Euskadi Sariarekin berriz ere izan duela bultzadatxo bat, baina hor gelditu da, laugarren edizio horretan. Momentuz hor dago.
Liburuak AEBak aztertzen ditu begirada oso berezi batekin. Arrazakeria du oinarri, arrazakeriak AEBetako arrakala bortitzenetako bat izaten jarraitzen duelako gaur egun ere. Euskadi Literatur Sarietako epaimahaiak dioenez, liburua “egileari eta AEBei buruzko liburu bat da. Egileak iraganeko ikertzaile eta orainaldiko erreportari gisa jarduten du, AEBetako historia lotsagarriena egungo errealitate pitzatuarekin lotuz”. Ados zaude egin duten definizioarekin?
Las grietas de América azkenean kronika bat da, kazetaritza kronika bat. Egia da epaimahaiak dioen bezala, nolabait ere orainaren edo gaurkotasunaren erreportari moduan idatzi dudala, eta baita iraganeko ikerlari gisa ere. Neurri handi batean, nik uste baitut egungo historia kontatzeko ezinbestekoa dela iragana ezagutzea. Liburuan egin dudana, edo saiatu naizena behintzat, AEBetan gaur egun dagoen zatiketa ikaragarria, arrazakeria eta faxismoaren gorakadak sustraia non duen azaltzea da. Horretarako, ezinbestekoa da iragana ikertzea eta liburuan agertzen diren hainbat historia kontatzea, gaur egun, AEBetan gauden tokian zergatik gauden ulertzeko. Nola den posible Donald Trump bezalako presidente bat izatea, edo gaur egun Joe Bidenek dituen erronka zailak, izan ere zatiketa hori ez baita amaitu. Are gehiago, nik esango nuke arrakalak oraindik ere handiagotzen edo areagotzen ari direla. Eta hori guztia ulertzeko ezinbestekoa da iraganera jotzea. Testuinguru historiko hori azaltzeko dokumentazio lan handia egin dut, historiari eta memoria historikoari asko begiratuz. Hain zuzen ere, AEBetan existitzen ez den kontzeptu hori, memoria historikoarena, Hollywoodek eta AEBetako botere ekonomikoak erabat zapaltzen baitu iragana. Eta hori ulertzea ezinbestekoa iruditzen zait gaur egungoa ulertzeko.
“Liburua euskaraz argitaratzea nahiko nuke; argitaletxearekin aztertuko dugu, ea posible den”
Noiz izan zinen azkenekoz AEBetan?
Kapitolioko oldarraldia izan eta gero izan nintzen, eta Joe Bidenen kargu hartzean ere lanean izan nintzen. Hori izan zen azken aldia. Lagunak bisitatzera joaten saiatu gara, baina pandemia dela eta, orain arte ezinezkoa izan da hara bidaiatzea. Orain posible da, eta ikusiko dugu.
Bertara zoazen aldiro sentsazio bera duzu, hau da, egoera ez dela konpontzen?
AEBetan gauzak aldatzea oso zaila dela uste dut. Gizartearen zatiketa hor dago eta luzaroan geratuko da. Esanen nuke Obamaren garaitik gaur egunera arte, trauma asko jasan dituela AEBetako gizarteak. Gauza asko gertatu dira. Trumpen urteak oso gogorrak izan dira batez ere gutxiengoendako: afroamerikarrak, indigenak, hispanoak edo beste kolektibo batzuendako. Horrek asko zatitu du gizartea eta gaur gaurkoz horrela jarraitzen du. Joe Bidenek sendagile baten moduan zauriak sendatuko zituela esan zuen, baina ikusten da oso zaila dela. Bidenek orain duen onarpen maila oso baxua da, ez da % 42ra iristen. Oraintxe bertan ospe gutxien duen historiako hirugarren presidentea da, Forden eta Trumpen atzetik. Hor argi ikusten da ez duela berak nahi zuena lortu, zauriak sendatzea, eta prozesu hori oso luzea izanen dela. Gainera, oraindik mehatxupean dago, Trumpek itzuli nahi duelako eta oraindik kanpaina egiten ari delako. Datorren urtean hauteskundeak izango dira eta Trumpen hautagaiek presentzia handia eta garrantzitsua izanen dute, zalantzarik gabe. Gauzak egun batetik bestera ez direla aldatuko iruditzen zait, eta esanen nuke bide onean ere ez doala.
Gaur egungo AEBak ezagutzeko zure liburua ezinbesteko tresna da. Beste hizkuntza batzuetara itzultzea pentsatu duzu?
Nahi nuke, baina hori ez da hain erraza izaten. Euskadi Literatur Sariak duen beste aukera bat da beste hizkuntza batera itzultzeko diru laguntza ematen duela. Argitaletxearekin begiratuko dugu, ea posible den eta lortzen dugun, baina momentuz ez da gertatu.
Hala izanez gero, itzulpena zuri egitea gustatuko litzaizuke?
Hasiera batean liburua euskaraz idazten hasi nintzen, baina argitaletxearekin hasi nintzenean, gaztelaniaz argitaratu nuen eta beti izan dut arantza hori. Euskaraz argitaratzea nahiko nuke, eta kasu horretan nik neronek idatziko nuke. Baina ikusi beharko da ea aukera hori dugun.
Ingelesera itzultzea hurrengo pausoa litzateke?
Ez legoke gaizki. AEBetako lagun batzuk liburua irakurri zuten. Nola hartzen zuten ikusteak halako beldur bat ematen zidan, oso liburu kritikoa baita, AEBetako gizartearekin eta herrialdearen historiarekin, eta oso iritzi onak jaso ditut handik. Kazetari batek, Associated Pressen Washingtonen lan egiten duenak, esan zidan liburua itzuli beharko nukeela eta AEBetan argitaratu, estatubatuarrendako ere klabe oso garrantzitsuak ematen dituelako. Baina ez dakit hori gertatuko den.
"Sari bat jasotzeak beste zerbait argitaratzera bulkatzen zaitu nolabait; nahiko nuke"
‘Las grietas de América’ idaztea une jakin bateko erabakia izan da edo idazten jarraitzeko asmoa duzu? Beste libururen bat etor daiteke?
Nahiko nuke, eta uste dut halako sari bat jasotzeak nolabait horretara bultzatzen zaituela. Liburua argitaratzen duzunean ez zaude ziur, ez dakizu irakurlearendako zein puntutaraino izanen den interesgarria, baina onarpen ona izan duela ikusten duzunean, egia da horrek beste zerbait argitaratzera animatzen zaituela. Egia da orain bertan lanez gainezka gabiltzala eta agian ez dudala horretarako beta handirik, baina beste proiekturen batean sartzera gustatuko litzaidake.
Saria merezi bezala ospa dezazula.
Bai, gauza hauek ospatu behar dira, argi dago. Nire bizitzan ez ditut sari asko jaso, eta eszenatoki batera igo behar izatea da sari bat jasotzearen gauza txarrenetako bat, baina oso pozik nago.