Rubenen bigarren auzipetzea salatu dute

Guaixe 2022ko mar. 18a, 13:01

Gaur ere elkarretaratzea eginen dute Arbizun. ARTXIBOA

Arbizuko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, arbizuarrari Espainiako Auzitegi Nazionalean bigarren akusazio bat zabaldu diote. Rubeni eta beste hiru euskal herritarri Guardia Civilaren kuartel baten kontrako atentatuan parte hartu izana egozten diete. Elkartasun egitaraua antolatu dute gaurko.

ETAren hainbat atentaturen egiletza argitzeko hainbat auzi zabalik daude Espainiako Auzitegi Nazionalean. Juan Carlos Beiro guardia civila hil eta beste lau agente zauritu zituen ETAren 2002ko irailaren 4eko atentatuagatik auzibidea zabaldu zieten joan den urtean Jon Lizarribar, Itxaso Zaldua, Mikel Karrera Sarobe eta Ruben Gelbentzu Gonzalez arbizuarrari. Arbizuko Gazte Asanbladak (AGA) jakinarazi duenez, lauei orain ETAk Guardia Civilaren kuartel baten kontra egindako atentatuan parte hartzea leporatu diete eta auzibidea zabaldu horregatik. 

AGAko kideen iritziz, “errepresio kasu horrek agerian uzte du Espainiar eta Frantziar Estatuen izaera zapaltzailea. Urteetan zehar kapitalismoa irauli eta independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan ibilitakoen kontrako mendeku gosea dago errepresio kasu horren atzean”. Gazte erakundekoek gaineratu dutenez, “Estatuak eta hura kontrolatzen duen burgesiak horretarako erabiltzen ditu errepresio indarrak, atzo eta gaurko militanteak zigortu eta biharkoak beldurtzeko, ezin duelako onartu sistema kapitalista kolokan jarri duen edo dezakeen inor”. Auziperatuei elkartasuna adierazteaz gain, AGAk “bi auzibideak bertan behera gelditzea eta Euskal Herria bakean uztea” exijitu du. 

Gazteek azaldu dutenez diru asko behar da “errepresio erasoaz babesteko. Militantea eta bere ingurua ekonomikoki itotzeko diseinatuta dago”. Rubenek kontuak blokeatuta dituela eta aurreko akusazioari aurre egiteko 8.000 euro baino gehiago ordaindu behar dituela jakinarazi dute AGAtik. “Horri aurre egiteko elkartasuna beharrezkoa da” eta, horregatik, AGAk  Errepresioari stop! Elkartasuna Rubenekin! leloa duen egitaraua prestatu du gaurko. 

Egitaraua 

  • 18:00 Pilota partida: Arbizu & Andoain.
  • 20:00 Kontzentrazioa.
  • 22:00 Kontzertuak: Bake Faltsua, Boot Boy eta Igitaia.