Egunero ez da final bat jokatzen, eta hori oso argi du Joseba Ezkurdia Galarragak. Une gozoa ari da bizitzen, igandean bere lehendabiziko Buruz Buruko finala jokatuko duelako Unai Lasoren kontra, non, eta Nafarroa Arenan. Gozatzen ari da eta gozatzen jarraitu nahi du.
Buruz Buruko aurkezpenean esan zenuen Nafarroa Arenako finalean egon nahi zenuela eta lortu duzu.
Esandakoa ez da beti betetzen, baina kasu honetan hala izan da eta pozik. Hasieratik txapelketa honek ilusio berezia sortu zidan; Buruz Buruko finala Nafarroan eta frontoi berezi horretan jokatzeak asko motibatzen ninduen, eta momentu onean iritsi nintzela txapelketara, sekulako motibazioarekin. Finala jokatzeko aukera dut eta oso pozik nago.
Buruz Buruko bitxia izan da, final laurdenetako ligaxka lehendabizikoz jokatu delako. Formatu ikusgarria bezain arriskutsua, finalerdietara ligaxkan partida bakarra jokatuta iritsi zinen.
Lehen partida Agirreren kontra jokatu nuen, final zortzirenetako kanporaketa. Urduri hasi nintzen, galduz gero etxera nindoalako. Hasieran sufritu nuen, baina gero hobeki jokatu eta 22 eta 7 irabazi nuen. Final laurdenetan Zabaletaren kontrako partida oso gogorra izan zen, estua, tentsio handikoa. 21 eta 22 irabazi nuen, eta sekulako paliza hartu genuen. Bizpahiru eguneko atsedena hartu behar izan nuen errekuperatzeko, ez bainion bueltarik ematen.
Finalerdian partida perfektua egin zenuen Erik Jakaren kontra. Ikusgarri jokatu zenuen.
Finalerdietara kezka puntu horrekin iritsi nintzen, erritmo falta horrekin ea nola egongo ote nintzen, baina ongi nengoela mentalizatuta nengoen, gauzak ongi egin nituela. Kemen handiarekin jokatu nuen, uneoro zer egin nahi nuen jakinda: airez, joko azpitik, botean… sentsazio onekin jokatu nuen. Emaitza (22 eta 2) oso ona izan zen, baina garrantzitsuena da konfiantzaz beteta atera nintzela frontoitik, joko puntu oso onarekin.
Ongi errekuperatu al zara?
Bai. Ez zen partida gogor-gogor horietakoa izan, baina bai tentsio handikoa. Dutxan bola guztiak igo zitzaizkidan, tentsioagatik. Halakoetan gertatu izaten zait, baina ongi nago jada, finala prestatzen.
Biondako zuen Buruz Buruko lehen finala izango da. Ez zaizu arerio erraza tokatu.
Unai Laso arerio oso zaila da. Bigarrenez profesionaletara igo zenetik sekulako maila ematen ari da eta jokatu diren txapelketa guztietako finaletara sailkatu da. Gorenean dago. Pilotan jokatzeko dohain handia du, txispa handikoa da, pilotari sekulako abiadura ematen dio, tantoa erraz bukatzen du eta asko gozatzen du. Aurkari zaila da, baina partida polita. Final gogorra izango da. Puntutxo batean Unai izango da faborito, momentuko pilotaria baita. Zaila izango dut.
"Oso harro nago ematen ari naizen mailarekin eta egiten ari naizen ibilbidearekin"
Zu ere sasoi betean zaude.
Bai, ongi nago, txisparekin eta badakit nirea egiten badut irabazteko aukera izango dudala. Horri eutsi beharra dut. Nire lanean kontzentratu, defendatu behar denean ongi defendatuz eta tantoak egin behar direnean beldurrik gabe arituz. Jokoaren ekimena hartu beharra dut, bestela, jai daukat.
Nafarroa Arenak oroitzapen onak ekarriko dizkizu, 2018ko eta 2019ko Lau eta Erdiak bertan irabazi baitzenituen, Altunaren kontra.
Frontoi zaila da jokatzeko, estrainu batzuk egiten ditu, baina gustatzen zait. Zoru oso ona du, frontoi goxoa da eta sekulako giroa egoten da. Unairendako ere frontoi ona dela uste dut. Bi finalak hor irabazteko zortea izan nuen eta ea aurtengoa ere hala den.
Galdetu dizute ea horrenbesterako garrantzia ematen diozun finala Nafarroan jokatzeari. Ez gaitu nafarrak ezagutuko.
(Kar, kar…). Etxean jokatzea ederra da. Finala Bilbon jokatuko balitz ez litzateke berdina izango, nahiz eta frontoia beteta egon. Hobe etxean. Goizetik hasita Iruñean sortuko den giroa itzela izango da, Nafarroa Arenan lehertuko dena.
Nafarroa Arena bete egingo da. Zenbat sarrera eman dizkizute?
130 inguru. Arreba ari da kudeatzen. Familia handia gara, eta gero kuadrillakoak ari dira antolatzen. Gehiago gustura hartuko nituzke, baina...
"Etxean jokatzea ederra da. Final hau Bilbon jokatuko balitz ez litzateke berdina izango"
Sanjuanak hilabete bat aurreratzeko prest?
Zalantzarik gabe! Irabazi ala galdu, ospatu beharra dago, finala jokatzea egindako lan guztien saria baita. Egunero ez da final bat jokatzen, lan izugarria dago horren atzetik. Hau Buruz Buruko nire lehen finala da, eta finaleko egunaz, eta aurreko egunez ere disfrutatu nahi dut.
Buruz Buruko txapela da falta zaizun bakarra. Hiruko koroa lortzeko presioa duzu?
Agian beste txapelekin presio gehiago izan dut, baina txapelketa hau inoiz baino lasaiago ari naiz jokatzen. Ez naiz hiruko koroan pentsatzen ari; etortzen bada handia litzateke, baina ez bada etortzen ere oso harro nago ematen ari naizen mailarekin eta egiten ari naizen ibilbidearekin.
Txapela lortuz gero hiruko koroa lukeen lehen sakandarra zinateke.
Pilotaren historian hiru txapelak dituen bederatzigarren pilotaria izatea sekulakoa litzateke. Lortuko banu, ez nuke sinistuko.