Noiz sortu zen Arbizu Borroka Kluba?
2020ko udan, pandemia inguruko murrizketen ondorioz, ordura arte Irurtzungo Kick Boxing taldean entrenatzen genuen sei arbizuarrok aukera hori galdu genuenean. Entrenamenduekin jarraitzeko aukera ezberdinak aztertu, eta Arbizun bertan kirol mota honek sortzen duen interesa probestuz, arte martzial ezberdinetan aritutako 20 arbizuarron talde bat osatu, eta udalarekin harremanetan jarri ginen. Elkarrizketa horien ondorioz, Arbizuko eskola zaharra gure esku utzi zuen Udalak, entrenatzen jarraitu ahal izateko. Bertan entrenamenduak hasi eta kluba ofizialdu egin genuen. Horrela, Arbizu Borroka Kluba Nafarroako Kick Boxing Federazioaren parte izatera pasatu zen eta taldekideek federatu eta borroka ofizialetan parte hartu ahal izateko lizentzia lortu genuen.
Lehen udalak utzitako eskola zaharretan entrenatzen zenuten, baina aurten tokiz aldatu zarete, ezta?
Bai, eskola zaharra beste proiektu batzuetara bideratuta egonik, aurten Utzubarren herriarena den pabilioi bat alokatu dugu, zati batean Arbizuko Udalaren laguntza jasotzen dugularik. 140 metro karratu egokitu ditugu.
Zenbat kidek osatzen duzue kluba? Nola kudeatzen duzue taldea?
Taldea, 25 kide helduk osatzen dugu momentu hauetan. Sakandarrak guztiak, arbizuarrak, etxarriarrak, altsasuarrak... Helduekin batera, Arbizuko 20 haurrek ere Yoseikan Budo entrenamenduak jasotzen dituzte astean bi egunetan, klubeko kide diren Asier Maiza eta Adur Insaustiren eskutik. Gure antolakuntza kide parte hartzaileen asanbladan oinarritzen da, autogestioan. Batzarretan erabakiak hartu eta hauek auzolanean ematen ditugu praktikara. Entrenatzera etortzen denak hileroko kuota bat ordaintzen du, alokairuari eta entrenatzaile gastuei aurre egiteko. Nik, momentu honetan, klubeko idazkari lanak egiten ditut.
Zein nolako klaseak eskaintzen dira Arbizu Borroka Klubean?
Helduok kick boxinga lantzen dugu eta haurrek Yoseikan Budoa. Honekin batera eta tarteka, boxeoa, lurreko borroka eta beste zenbait modalitate jorratzen ditugu, entrenatzailearen planifikazioaren arabera.
Kontentu zaudete klubak duen harrerarekin?
Helduen eta haurren artean 50 lagun inguru aritzen gara, eta aldea egonkortzen ari garen heinean, bai, pozik gaude. Kirol gogorra izanik, errespetuan eta elkarlanean oinarritzen diren entrenamenduetan giro polita sortu da eta horri eustea nahiko genuke. Edozein unetan lanean hasteko ateak zabalik dituen kluba gara.
Joan zen urtera arte Jon Arakama zen irakaslea, baina aurten Aritz Agirrebengoak hartu du bere tokia.
Azken bi urte hauetan beraien esku utzi dugu gure prestaketa fisikoa eta emaitzarekin oso pozik gaude. Prestaketa fisiko, tekniko eta psikologiko integrala jasotzen dugu entrenamendu bakoitzean, sparring saioetan bukatzen diren, luzaketa, ariketa tekniko, fisiko eta psikologikoei esker. Bilatzen genuena jasotzen dugu eta entrenamenduetan barnean daukagun gogo eta interes guztia, ikasketa bihurtzea ahalbidetu dute. Jonen alde egin genuen bezala, aurten Aritzen alde egin dugu apustu eta beraien inplikazioak onura besterik ez dizkigu ekarri. Teknikoki asko ikasten ari gara, arte martzialak barruan daramatzaten pertsonek ahalbidetu dezaketen arreta eta inplikazio berezi horri esker. Emaitza begi bistan dago: Aroa Petriati eta Irati Altzelai ringera igo ziren larunbatean, Jon eta Aritzen eskutik jasotako prestaketa jarraituari esker lortutako konfiantzan, eta denbora luzez elkarrekin tatamia izerdituz, kluba osatzen dugun kide guztion indar, miresmen eta babesarekin.
Datorren ikasturteari begira, noiz hasiko dira klaseak, noiz eman daiteke izena eta zein eskaintza izango duzue?
Entrenamenduak iraila hasieran hastea da gure asmoa. Oraindik asanbladan bildu eta aurtengo urtearen nondik norakoen balorazioa egiteke daukagu. Bertan, heldu den denboraldirako helburuak eztabaidatu eta finkatuko ditugu. Helduon kick boxing entrenamenduez aparte, modalitate ezberdinetako master classak martxan jartzea da gure ideietako bat. Jakinaraziko dugu. Gurekin kontaktuan jartzeko, taldeko edozein kideren bitartez egin daiteke. Esan bezala, ateak zabalik daude, etorri eta probatu.