Boxeoa / Kick boxinga

Ez dago sarrerarik

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 27a, 13:30

Aroa Petriati, Aritz Agirrebengoa, Irati Altzelai eta Ruben Gelbentzu. ARBIZU BORROKA KLUBA

Etxarri Aranatzek boxeo, kick boxing eta K1 beilaldia hartuko du larunbatean, eta sarrera guztiak agortuta daude. 10 borrokaldi dira, eta lau sakandarrek egin dute tokia: Irati Altzelaik, Aroa Petriatik, Garat Floresek eta Oihan Arnanzek

Ikusmin handia piztu du Joxe Vicente Eguzkiza borrokalari ezagunak sustatzen duen Burlatako Kanku Gym gimnasio ezagunak larunbatean, maiatzaren 28an 18:00etatik aurrera Etxarri Aranazko frontoian antolatu duen boxeo, kick boxing eta K1 beilaldiak. Agian, beilaldia iragartzen duen kartel deigarrian aurpegi oso ezagunak ageri direlako, lau borrokalari sakandar, hain zuzen ere: Irati Altzelai Karasatorre etxarriarra, Aroa Petriati Goikoetxea arbizuarra, Garat Flores Gorriz etxarriarra eta Oihan Arnanz Ziordia altsasuarra.

Garat Flores eta Oihan Arnanz Kanku Gym gimnasioan trebatzen dira eta Kanku Gym-en izenean lehiatuko dira. Floresek Felipe Escudero izango du aurkari, eta Arnanzek Edu Mata. Irati Altzelai eta Aroa Petriati, aldiz, Arbizu Borroka Klubean trebatzen dira eta larunbatekoa euren lehenengo borroka izango da. Arbizu Borroka Kluba gertutik ezagutzeko aitzakia bikaina.

Arbizu Borroka Kluba
Aritz Agirrebengoa altsasuarrak aurten hartu du Arbizu Borroka Klubeko helduen taldeko ardura. “Aspaldi ezagutzen nuen klubeko jendea, Altsasun irakasle moduan nenbilenetik. Gure eta haien elkartearen artean Lagunarteko Borroka Egunak antolatzen genituen urtean behin edo bitan, gure ikasleei, intentsitate kontrolatu batean, borroka egiteko aukera eskaintzeko. Orduko irakaslea Jon Arakama zen, Yoseikan Budoan trebatzen ezagutu ginen aspaldi, eta bera medio, nik aurten bere erreleboa hartu dut Klubean irakasle moduan aritzeko” aipatu du Aritz Agirrebengoak. “Kuadrilla potentea gaude. Kick boxinga lantzen duen gimnasio bat denez, orain arte ukabil-zango arloan aritu gara gehienbat, baina asmoa da pixkanaka beste borroka eremutan sartzea, lurreko borroka edo proiekzio (“derribo” delakoa) lana izan daitezkeenak” dio.

Txalotzekoa
Dituen ikasleen artean daude Irati Altzelai eta Aroa Petriati, Etxarri Aranazko beilaldian mustuko diren borrokalariak, “klub gonbidatu gisa”. Irati Altzelaik Sheila Muruzabal izango du arerio, boxeoan, eta Aroa Petriatik Garazi Autor, kick boxingean. “Erronkari aurre egiteko prest daude biak, ez dira atzera egiten duten horietakoak. Seriotasunez entrenatu dira eta borroka ederrak eskainiko dituzte, zalantzarik gabe. Determinatuta ikusten ditut, borroka egunerako nerbioak ongi kudeatzen eta ringera igotzeko gogotan. Etxarriko harmaila astinduko dute, ziur” argi du Agirrebengoak.

Bi konbate hauek Etxarri Aranazko beilaldiko emakumezkoen lehia bakarrak izango dira, “eta horrek erreferente bihurtzen ditu. Zorionez gero eta neska gehiago trebatzen dira kontaktuzko kiroletan, baina ez dira asko borroka egitera animatzen direnak eta hori txalotzekoa da”.

Entrenamenduak
Azken asteetako entrenamenduak “intentsitate handikoak” izaten ari dira. “Intentsitatea igo dugu, borroka egunaren simulazioa eginez, baina azken asteko erritmoa pixka bat jaitsi dugu, Aroak eta Iratik pilak kargatu eta borrokara energiarekin joan daitezen. Hau prestaketa mentala lantzeko momentua da gehienbat, konbatea planifikatu eta estrategiak fintzeko unea, gimnasioan lantzen diren tematikak, kolpe konbinazioak eta bestelakoak estres egoera batean ateratzea ez baita hain sinplea. Pentsa kolpeak jasotzen dituzten bitartean aurkariaren borroka estiloa gailentzeko estrategiak asmatu behar dituztela” dio irakasleak.

Klubari aitortza
Ikasturtearen “balorazio positiboa” egiten du, “urte osoan gogor entrenatu eta gero, Arbizu Borroka Klubak borroka beilaldi batean parte hartzeko aukera izatea sekulakoa baita, borrokalarien eta klubaren lanaren erakusle izango dena. Horrelako ekintzek klubaren bizirautea bermatzen dute eta gimnasioak, talde gisa, egindako esfortzua eta ekimena ikusgai jartzen du”. Eta hori guztia, Arbizukoa “gimnasio herrikoia” dela kontuan hartuta. “Bertan sakandarrak biltzen gara, arte martzial eta kontaktu kirolean elkarrekin aurrera egiteko, norbera gainditu eta diziplinan trebatzeko, jakina, beti giro atsegin batean”.

Irati Altzelai eta Aroa Petriati
Irati Altzelai gaztetan hasi zen Yoseikan Budoan. 2019 urtean borroka talde bat sortu zen Etxarri Aranatzen, Jon Arakama entrenatzailea zela, eta han aritu zen, joan zen urtean Arbizu Borroka Klubera joan arte, lehenengo Arakamarekin eta gero Agirrebengoarekin. “Arbizun kick boxinga lantzen da eta Aroa eta biak kick boxingean trebatzen gara, berez. Baina ni boxeoan erosoago sentitzen naiz, eta Etxarri Aranazko beilaldirako azkenaldi honetan boxeoa entrenatzen dut” dio Altzelaik.

Aroa Petriati 17 urterekin hasi zen mundu honetan. “Aspaldi arreta deitzen zidan, eta lagun batek Irurtzunera probatzera gonbidatu ninduenean, irudikatuta nuen bezalakoa zela ikusi nuen. Esfortzua eskatzen duen kirola da, oso konpletoa baita, kirol osoa” dio. Arbizuko Borroka Klubean duela bi urte hasi zen. “Kick boxinga dibertigarriagoa iruditzen zait, baita nekagarriagoa ere. Boxeoari ez diot meriturik kentzen eta gustuko dut, baina hobe moldatzen naiz kick boxingean” argi du.

Boxeoaren eta kick boxingaren arteko ezberdintasun nagusiena da boxeoan eskuak erabiltzen direla, eta kick boxingean, eskuez gain, hankak erabili daitezkeela. “Hankak kokatzeko modua ezberdina da. Batendako onuragarria denak, bestearendako ez du horrenbesteko baliorik” azaltzen du Petriatik. “Eta guardia ez da berdina. Kickean, ostikoez defendatzeko hankak arinago egon beharko dira, eta boxeoan hanketan defendatzeko beharrik ez dagoenez, gehiago jaitsi zaitezke” gaineratu du Altzelaik.

Eskertuta
Altzelaik hitz onak ditu Agirrebengoarekiko. “Boxeorako prestatzeko eta horretara moldatzeko erraztasuna erakutsi du, eta asko eskertzen diot egin duen esfortzu guztia. Borrokatzeko prest bagaude, bere lanagatik ere bada. Laguntzeko prestutasun handia izan du” dio. “Ni ere oso gustura nago. Aritz irakasle oso ona iruditzen zait, bereziki duen inplikazioagatik eta gauzak azaltzeko moduarengatik. Aritzek gauzak sinplifikatzen ditu eta guztiok erraz ulertzen dugu dena” gehitu du Petriatik.

Etxarri Aranazko beilaldia aukera paregabea da biendako, borrokan mustuko direlako. “Aroak eta biok gure lana erakusteko aukera bat nahi genuen, eta Etxarri Aranatzen beilaldi bat egingo zela jakin genuenean, Arbizu Borroka Klubeko Ruben Gelbentzuk Kankuko entrenatzailearekin hitz egin zuen eta konbateak lortu zizkigun” azaldu du Altzelaik. “Berak mugitu zuen dena eta aritu nahi genuen proposatu zigunean, ilusio handia piztu zitzaidan” gogoratu du Petriatik.

Kolpea baino gehiago
Garai batean borrokalari oso onak izan ziren Sakanan, eta orduan antolatzen ziren borrokak eta beilaldiak oso ezagunak ziren, “horregatik Etxarri Aranazkoa bezalako beilaldiak egotea oso pozgarria da niretako, gurea sarritan gaizki ikusia dagoen kirola delako. Aukera polita iruditzen zait kirol mota hauek kolpeak ematea baino gehiago dela erakusteko. Kirol honek teknika handia eskatzen du, beilaldian argi geratuko den bezala” azpimarratu du Altzelaik. Gutxika, baina geroz eta emakume gehiago ikusten direlako pozik daude, “horrela normalizatuagoa izango delako. Kanpotik ikusita kirol bortitza dirudi, baina dirudiena baina adiskidetasun gehiago dago kirolarien artean” dio Petriatik. Izan ere, aurkariarekiko errespetuan oinarritzen den kirola da.

Beilaldian ere Garat Floresek eta Oihan Arnanzek parte hartuko dute. “Nik Garatekin entrenatu izan dut, eta oso ondo ibiltzen da. Seguru nago oso borroka ona egingo duela eta ikuskizun polita eskainiko duela” uste du Altzelaik. “Potentzia asko duten bi mutil dira, oso ongi ibiltzen direnak. Ikuskizuna eskainiko dute, eta ikusteko gogotsu nago” gaineratu du Petriatik.  

Beilaldiko sarrerak saldu dira, jaialdiak sortu duen interesaren erakusle. "Halakoak ez dira sarritan antolatzen eta uste dut jendeari gustatuko zaiola. Kirola eta festa giroa uztartuko dira eta giro izugarria egongo dela uste dut” espero du Altzelaik.

Etxarri Aranazko beilaldiko borrokak
Joseba Diaz vs Victor Vega (boxeo profesionala)
Jon Cardenas vs Oihan Perez
Sheila Muruzabal vs Irati Altzelai
Raul Carvajal vs Steven Pilco
Mario San Martin vs Txomin Iturbe
Garat Flores vs Felipe Escudero
Garazi Autor vs Aroa Petriati
Oihan Arnanz vs Edu Mata
Izan Ibiriku vs Ezeiza
Erik Hernandez vs Hegoi Olite (Nafarroako Kick Boxing Txapelketa)

 

 

Erlazionatuak

"Dena emango dugu"

Maider Betelu Ganboa 2022 mai 27 Arbizu