Aroa Petriati

"Dena emango dugu"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 27a, 13:26

Aroa Petriati entrenatzen, Aritz Agirrebengoa sparring duela. ARBIZU BORROKA KLUBA

Arbizu Borroka Klubeko Aroa Petriati Goikoetxea arbizuarrak Etxarri Aranazko beilaldian debutatuko du

Ikusmin handia piztu du Joxe Vicente Eguzkiza borrokalari ezagunak sustatzen duen Burlatako Kanku Gym gimnasio ezagunak larunbatean, maiatzaren 28an 19:00etatik aurrera Etxarri Aranatzen antolatu duen boxeo, kick boxing eta K1 beilaldiak. Aroa Petriatik Garazi Autor izando du arreo, kick boxingean. 

Garazi Autorren kontra kick boxingean lehiatuko zara. Zenbat roundetara jokatuko da borroka?
Borrokak hiru round izango ditu, bakoitza 2 minutukoa. Iratik baino denbora zerbait gutxiago. Azkenean barruan egonda eta nerbioak eta estresa asko izanda, minututxo horiek nabarmentzen dira.

Nola prestatu zara? 
Entrenamenduak betiko moduan joan dira, baina astean bizpahiru egun izan beharrean, egunero entrenatu dugu. Irati eta biok beilaldian aritzean, biek dugu antzeko prestakuntza eta konpromisoa. Berak boxeoan eta nik kick boxingean lehiatu arren, batera entrenatu dugu ia egunero. Gogorra da, baina bion laguntza eta babesarekin, motibazioa ez da bukatzen.

Zer espero duzu? Arerioa, Garazi Autor, ezagutzen al duzu?
Espero dudana denok disfrutatzea da. Ez da erraza izango, momentuko urduritasunagatik: jendea, presioa... baina ahal dena egingo da. Garazi ez dut ezagutzen, Etxarriko ringean ezagutuko dugu elkar. Horrek ere urduritasun pixka bat eragiten dit, nola borrokatzen duen ez jakite horrek. Dena emango dugu.

Urduri al zaude?
Eguna heldu ahala gero eta urduritasun gehiago sumatzen dut. Jokoaren zatia da eta gustuko dut, bestela ez luke graziarik izango. Nik uste denok eguna ailegatzeko irrikaz gaudela.

Arbizutik gertu, etxean arituko zara zu ere. Lagunak eta gertukoak zu ikustera joango dira? Zer esaten dizute? Animatzen zaituzte?
Bai, ilusio asko egiten dit lagunek joan behar direla esatea. Amak, ordea, ez dit berdina esaten. Beilaldian parte hartu behar nuela esan nionean, kartela ikusita zuela baina ez zuela sinistea nahi, eta beilaldiko egunean ez zuela alabarik esan zidan. Pixka bat dramatizatu zuen.  

Erlazionatuak

Ez dago sarrerarik

Maider Betelu Ganboa 2022 mai 27 Sakana