Astekaria

"Ehunmiletan bigarren, oso pozik nago"

Maider Betelu Ganboa 2022ko uzt. 19a, 13:00

Ander Erice, helmugara iristen. UTZITAKOA

168 km-ko Ehunmilak ultra trailean Javi Dominguez txapeldun handiaren atzetik sartu zen helmugara Arbizun bizi den Ander Erice Torneria mendi korrikalaria

Uztailaren 8an eta 9an XI. Ehunmilak (168 km, 11.000 +), XI. G2Haundiak (88 km) eta VI. Marimurumendi Marathon (42 km) lasterketa ikusgarriak jokatu ziren Beasainen, Arrastaka mendi taldeak antolatuta, parte hartze handiarekin. G2 Haundietan Aritz Egeak errekorra apurtu zuen (9:51:45) eta Aitor Salinas etxarriarra izan zen lehen sakandarra, 69. postuan (14:26:28). Ander Ehunmiletan, Ander Erice arbizuarra izan zen ultra traila despeditzea lortu zuen sakandar bakarra, Mandubia, Gorlako gaina, Txindoki, Lizarrusti eta San Adrian lotu eta bero. Seigarren aldiz irabazi duen Javi Dominguez gasteiztar txapeldunaren atzetik (23:04:06) sartu zen Erice (25:36:03). 

Ehunmilak ultra trailean bigarren, Javi Dominguez handiaren atzetik. Meritu handikoa da hori.
Oso pozik nago, lehenik eta behin Ehunmilak bukatu izanagatik, 100 miliako lasterketa osatzea kontentu egoteko modukoa delako. Duela hilabete eta erdi Euskal Trails ultra traila (133 km) irabazi nuen Baigorrin (16:30) eta errekorra apurtzeko 5 minutura geratu nintzen. Horregatik, Ehunmiletan lasterketa ona egingo nuela sentitzen nuen, proba 24 orduren bueltan egiteko aukera ikusten nuen. Sentsazio onak nituen. 

Nola planteatu zenuen lasterketa?
Beti planteatzen ditudan bezala. Lasterketa luzeetan korrikalari bakoitzak bere lasterketa egin behar du. Hau da, gainontzekoak ahaztu eta norbera berean zentratu behar da. Norberak bere gorputza, erritmoa, lasterketa nola kudeatu behar duen… primeran ezagutzen du, eta burua horretan jarri beharra dago. Nahiko lasai atera nintzen, lehendabiziko kilometroetan gehiegi estutu gabe, uneren batean beheraldia etorriko dela baitakizu. Erritmoa hartuta, bereziki jaitsierak kontrolatzen saiatu nintzen, jaitsiera lasaiak egiten, bukaerarako indarrak gordetzeko. Sentsazio onak nituen, baina 30. kilometroaren ondoren urdailean arazoak sumatu nituen eta elikadura, hidratazioa eta beste kudeatu behar izan nituen. Ez nintzen oso ongi sentitzen, eta denbora galtzen ari nintzela konturatu nintzen. Baina aurrera egin nuen, denbora kontuak alde batera utzi eta lasterketa ahalik eta hobekien bukatzea izan zen nire erronka.

"Baigorriko Euskal Trails irabazita, Ehunmiletarako sentsazio onak nituen"

Lortu zenuen, Beasainera bigarren heldu baitzinen.
Bigarren sartu nintzen, 25 ordu eta 36 minututan. Nahiz eta ez zen esperotako denbora izan, 24 orduren bueltan ibiltzea aurreikusten bainuen, izan nituen arazoak kontuan hartuta oso kontentu nago. Lasterketa aurretik, eta lasterketa egunean ere, ez nintzen komunera behar bezala joan eta horrek gorputzean eragina izan zuen. Halakoak ez zaizkit orain arte gertatu, baina Ehunmiletan hala izan zen. Beraz, guztia kontuan hartuta, kontentu nago proba bukatzeagatik eta, gainera, bigarren izateagatik. 

Pentsatzekoa da hemendik aurrera denboraldian etena egin eta atseden hartuko duzula.
Oporrak hartu ditut eta aste pare batean lasai ibiliko naiz. Korrika egitea ahaztu, eta mendira paseoa ematera joango naiz. Hemendik hiru astera korrika hasiko naiz, baina lasai, eta abuztuaren erdialdean entrenamendu fuerteekin hasiko naizela aurreikusten dut, irailaren 23an Asturiasen Por Donde Camina el Oso izeneko ehun miliako ultra traila jokatuko dudalako. Joan zen urtean antolatu zuten lehen aldiz, eta aurten deitu naute bertan aritzera gonbidatuz. Toki ederra omen da, Somiedo eta Leondik gertu, eta ez dudanez ezagutzen, bertan aritzeko gogotsu nago. Hori da aurtengo hurrengo helburua. 

Erlazionatuak