Hemezortzi gazte arbizuarrek osatzen dute aurtengo kintada: Irati Nuñez, Naiara Chacon, Anartz Garcia de Albeniz, Inge Martin, Ekain Razkin, Lexuri Petriati, Amaia Petriati, Amaiur Garmendia, Iraitz Imaz, Xabier Lakuntza, Oier Arretxe, Hasier Baztarrika, Izai Lens, Aitor Monroy, Gari Novoselskyy, Itxaso Mendinueta, Xabier Ieregi eta Oskia Gorrotxategi. 15 urterekin festetarako atorra egin zuten, kolore granate eta txuria duena eta bizkarrean galgarriyek irakur daitekeena. Kintoen jantzia izanen da egunotan.
Otsailaren 17an, ostirala, kintoak afaltzera elkartuko dira eta, ondoren, haiek antolatutako parranda izanen dute Argi Bidea elkartean. Otsailaren 18an, larunbata, hiri ihoteak izanen dira Arbizun eta kinto ospakizunen atsedena izanen da, baina igandean, otsailaren 19an, kintoak izanen dira berriz protagonistak. 10:00ak aldera, baserritarrez jantzita eta trikitilariak lagun, kinto eskean ariko dira. Eskuzabal direnei pastak edota moskatela eskainiko diete. Bazkariaren ondoren, poteoan ibiliko dira eta iluntzean Tolosako inauterietara joanen dira. Otsailaren 20an, astelehena, bazkaltzera elkartuko dira eta arratsaldean Tolosarako bidea hartuko dute berriz ere.
Otsailaren 21ean, asteartea, lanpetuta egonen dira kintoak txatarrak, herri ihoteak, ospatzen direlako. Bazkaldu ondoren, haurrendako jolasak eta txokolate jana prestatuko dute. Gainera, Attun Handiya eta Amin Ttikiya erreko dituzte eta irudiak kintoek egindakoak izanen dira. Afaldu ondoren, Arbizuko kintoek Altsasun jarraituko dute haien ospakizuna.
Arbizuko kintoek urtean zehar bi egiteko dituzte: Olentzero eta Mari Domingiren etorreran laguntzea eta herriko festen hasieran, San Joan ermitan, Maria Lonbreren Zaldiya dantzatzea.