Larrazak Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzendaritzan segituko du

Guaixe 2023ko api. 25a, 13:00
Martin Larraza Kintana. NUP

Ramon Gonzalo Garciak errektore karguan errepikatu du eta bere zuzendaritza taldeari eutsi dio.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) errektorea aukeratzeko hauteskundeak martxoaren 27an egin ziren. Azken lau urtetan errektore izandako Ramon Gonzalo Garciarena izan zen hautagaitza bakarra. Unibertsitate komunitatearen babesa jaso ondoren, Gonzalo beste lau urtez izanen da errektore. Kargua garagartzaroaren 2an hartuko du. Hala ere, errektoreak jakinarazi du zuzendaritza lanean aldamenean izanen duen lantaldea aurretik zuen bera izanen dela, aldaketa bakar batekin. 

Biografia 
Martin Larraza Kintana Enpresa Zientzietan diplomatua da (1992) eta Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua (1994) Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ekonomia doktoretza lortu zuen Madrilgo Carlos III Unibertsitatean (2000), kalifikazio gorena eskuratu zuen. Doktorego-aldian, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko Unibertsitateko Irakasleak eta Ikertzaileak Prestatzeko Programa Sektorialeko bekaduna izan zen. Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean fakultateko irakasle laguntzaile gisa aritu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen lanean 1999an. NUPen irakasle eta ikertzaile lanetan aritu ondoren, katedra lortu zuen 2019an. Egonaldiak egin ditu Essex, Arizona State eta Cranfieldeko unibertsitateetan.

Bere ibilbide akademiko luzean, Enpresen Antolaketaren arloan aritu da beti irakasle, eta hainbat jakintzagai eman ditu gradu eta graduondoko mailan (masterra eta doktoregoa).

Larrazaren ikerketak agerian uzten du interesa duela pertsonen portaera erabakitzailea aztertzeko, eta, bereziki, beren jarduera profesionala enpresetan garatzen duten pertsonek erakusten duten erabakitze portaera aztertzeko. Hori oinarri hartuta, 20 urte baino gehiagotan egindako ikerketa-lanari esker, ekarpenak egin ditu giza baliabideen kudeaketaren, zuzendaritza estrategikoaren, familia-enpresaren eta ekintzailetzaren arloko nazioarteko eztabaida zientifikoan. Lan hori 48 artikulu akademikotan islatu da, eta horietako batzuk enpresen antolaketaren arloko aldizkari akademiko ospetsuenetako batzuetan argitaratu dira, esaterako: "Academy of Management Journal", "Administrative Science Quarterly", "Strategic Management Journal", "Journal of Management", "Entrepreneurship Theory and Practice", "Journal of International Business Studies", "Small Business Economics" edo "Human Resource Management". Gainera, liburuko 4 kapitulu argitaratu ditu, 4 doktore-tesiren zuzendaritzan parte hartu du, mintegiak eman ditu Espainiako eta atzerriko unibertsitateetan, eta 80 ekarpen baino gehiago egin ditu estatuko eta nazioarteko kongresuetan. Larrazaren lan akademikoari hainbat sari eman dizkiote, hala nola 2009-2010 aldiko Gizarte Zientzietako Ekarpen Zientifiko Onenaren Saria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak emandako Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloko Ikerketa Ibilbidearen Saria.

Deialdi publikoetan finantzatutako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta, horien artean, I+Gko Plan Nazionaleko 3 proiektutan ikertzaile nagusi gisa duen papera nabarmendu daiteke. Halaber, enpresetara transferitzeko proiektuetan parte hartu du, eta, gaur egun, Enpresen Antolaketako ikerketa-taldearen arduraduna da. Arlo horretan, aipatzekoa da, halaber, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko aditu gisa Plan Nazionaleko ikerketa-proiektuen ebaluazioan egindako lana.

Kudeaketaren arloan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sarbide koordinatzaile nagusia izan da. Europako Goi Mailako Hezkuntza Esparrura egokitutako Ekonomiako Graduaren ikasketa-plana egin zuen lantaldeko kidea izan zen, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduaren arloko koordinatzailea. Gaur egun, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Kalitatea Bermatzeko Batzordeko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Familia Enpresaren Katedraren Jarraipenerako Batzorde Mistoko kide da. 1998tik Iberoamerican Academy of Management erakundeko Board-eko kidea da, eta idazkari, diruzain eta lehendakariorde karguak bete ditu. Gaur egun, "Management Research" nazioarteko aldizkari akademikoko editore burua da.