Nafarroa Oinezek sortzen duen ekologia aztarna gutxitzeko modu gisa proposatu zuen Patxi Lakuntzak Oinez Basoa egitea. Hau da, ospakizunaren lekuan ingurumen kalitateko lekuko iraunkor bat uztea. Andra Mari ikastolak ideia bere egin eta aurreneko Oinez Basoa Arbizun sortu zen 2009an. Beraz, Oinez Basoa jasangarritasunari lotutako ekimena da, eta jai eredu iraunkor baterantz egitea helburu duena.
Nafarroako ikastolen festaren lekukoa, atzera ere, Andra Mari ikastolaren esku dago. Eta harekin batera, Oinez Basoaren lekukoa. Ikastolakoek Arbizuko basoa garatzea erabaki dute. Hori egin ahal izateko, proiektuan inplikatutako hiru erakundeek hitzarmena sinatu dute: Nafarroa Oinez fundazioak, Andra Mari ikastolak eta Arbizuko Udalak. Horren arabera, ikastolak landaketak eginen ditu basoan, zehazki: 80 haritz, 20 astigar, Galiziatik ekarritako 20 gaztainondo tratatu eta bertako 5 gaztainondo. Ikastolak landatutako zuhaitzak zaintzeko konpromisoa hartu du. Horretaz aparte, basoan integratuta egonen diren hegazti behatokiak sortuko dira. Bakoitzean 30 lagunendako tokia egonen da, hau da, ikasgela oso bat hartzeko moduan. Izan ere, baliabide pedagogiko gisa ere erabili nahi da ikasleekin bisitak eta bestelako jarduerak egiteko. Gainera, basoaren itxitura konponduko du.
Arbizuko Udalak, bestetik, basoa garbituko du, itxituraren mantentze lanez arduratuko da eta xenda bat ere eginen du. Bestalde, hitzartutakoaren arabera, Andra Mari Ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak, udalarekin batera, jardunaldi bat antolatuko dute Arbizuko Oinez Basoa mustutzeko eta jendaurrean aurkezteko.
Ekarpena
Oinez Basoan dauden zuhaitzak babesteko, www.oinezbasoa.eus webgunera jo daiteke. Babestu atalaren bidez zuhaitza edota hegazti begiralekua babesteko aukera dago, hamar eurotik hasita.
Hamar baso
Proiektuaren 16 urteko ibilbidean 51.000 zuhaitz baino gehiago landatzea lortu da. Hona Oinez Basoen zerrenda:
- Arbizu
- Tafalla
- Tutera
- Zangoza
- Baztan
- Andosilla-Sartaguda
- Lesaka
- Altsasu
- Arguedas (suteak erreta)
- Barindano-Antzin