Arbizuko eskolatik Zarauzko sari banaketara

Guaixe 2023ko aza. 21a, 09:00

Bideo finalistako inkestetako bat.

‘Arnasetik’ bideo sormen lehiaketan  finalista da Arbizuko eskolako talde bat. Hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eginez bideoa aurkeztu zuten lehiaketara. Irabazleen izenak Zarautzen eginen den sari banaketan jakinen dira.

Aurreneko edizioan jasotako lanen kopurua handitu du aurten Arnasetik bideo sormen lehiaketak, guztira 112 sormen lan jaso ditu antolatzaileak, Arnasa Gara ekimenak. Lan horiek guztiak, hiru mailatan banatuta, 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek egin dituzte. Guztiak ere euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetakoak dira eta, lehiaketaren bidez, gazteek hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitera gonbidatu zitzaien. Haiek irudi, soinu edo ikus-entzunezko formatuetan euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratu dute, arnasguneek euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko. 

Gazteek gai baten inguruan landu behar zuten sormena. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako kategorian talde parte hartzaileek beraien herriak nolakoak diren azaldu behar zuten, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, zergatik diren egokiak euskara maila hobetzeko azaldu behar zuten. Helburu hori betetzen zuten 34 sormen lan aurkeztu dira, haietako bost Arbizuko eskolako ikasleek egindakoak. 

Maila horretan Iturengo Pulunpa Rap eta Tolosa-Idiazabalgo Euskara ikasteko gomendioak bideoekin batera, Arbizuko Arbizu eta euskara bideoa finalista da. Haren egileak Oihan Erdozia Alvarenga, Amets Martiarena Martiarena, Maren Mendinueta Perez de Villareal eta Szabolcs Ciprian Loati dira. Laukoteak herriari buruzko kale inkesta egin zuen herrian eta lau arbizuarren iritziak jaso zituzten, hiru kalean eta bestea eskolan bertan. Lan horrek azaroaren 22an, asteazkenarekin, 18:00etan, Zarautzeko Modelo Aretoan egoteko txartela eman die. Izan ere, han banatuko dira Arnasetik bideo sormen lehiaketako sariak. Hiru mailatan hiruna sari banatuko dira, baita publikoak aukeratutako hirurendako sariak ere. 

Arbizuarren gainontzeko lanak

Gure inguru euskalduna 
Egileak: Iker Loidi Lakuntza, Haitz Lazkoz Ginea, Berezi Carrascal Ardanaz eta Aiora Resano Larrayoz
Sormen lana: diapositiba aurkezpen baten bidez herriko hainbat txokoren berri eman zuten. Loturan ikusgai: https://labur.eus/IqFCm

Euskara euskaraz bizitzen ikasten da.
Egileak: Sarah Arregi Ormaetxea, Ariane Flores Razkin, Walid El Akkari eta Ekaitz Paularena Arce
Sormen lana: euskara batere ezagutzen ez duen ikasle bat eskolara iritsi da, eta klasekideek harrera egiten diote. Bi urteren ondoren, ikaslea klasekideekin euskaraz majo hitz egiten ageri da bideoan. 



Arbizu arnasa da
Egileak: Ihintza Mendoza Rodrigo, Ilargi Auzmendi de Marcos, Marcos Jimenez Saez eta Jose Humberto Flores Garcia
Sormen lana: Arbizuren berri ematen duen diapositiba aurkezpen baten bidez, herriko eraikinak erakutsi, bertan zer egiten den, eta euskararen erabilera non egiten duten azaldu zuten, Arbizu bisitatzeko gonbidapena egitearekin batera. 



Arbizu da zure aukera
Egileak: Jare Berastegui Armendariz, Egoitz Yeregui Carretero, Katia Sokoleuska eta Aiert Flores Berastegi
Sormen lana: ETS taldearen Aukera Berriak kantaren bertsioa egin zuten. Haiek sortutako letra ilustratzeko Arbizuko irudiz osatutako diapositiba aurkezpena sortu zuten. 



Lehiaketaz
Arnasa Gara egitasmoak bulkatu du. Haren atzean daude Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.