Arnasetik bideosormen lehiaketara deitu dituzte gazteak

Guaixe 2023ko ira. 21a, 09:00
Aurreko edizioan sarituak izan ziren parte hartzaileak. ARNASA GARA

10 eta 16 urte arteko gazteek hainbat istorio kontatu beharko dituzte beren sormenaz baliatuz. Bideosormenak lastailaren 1etik 24ra aurkez daitezke. Sari banaketa Zarauzko Modelo aretoan azaroaren 22an eginen da. Baila bakoitzeko 500 euroko balioa duen saria dago. 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA; Arruazu, Arbizu eta Etxarri Aranatz kide dira), Eusko Jaurlaritzaren eta Euskarabidearen ekimena da Arnasa Gara. Haren baitan dago Arnasetik bideosormen lehiaketa, bigarren edizioa duena. Lehiaketa hori euskararen arnasguneetako, udalerri euskaldunetako, 10 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izanen da. Lehiakideen sormena pizteaz aparte, lehiaketaren helburua arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea ere bada. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, gazteek lanak banaka edo taldeka, lagunartean edo ikaskideekin batera, garatu ahal izango dituzte, nahieran. Adinaren arabera hiru kategoria daude. LHko 5. eta 6. mailako ikasleek beraien herriak nolakoak diren azaldu beharko dute, bertan zer egin daitekeen eta, garrantzitsuena, euskara maila hobetzeko zergatik diren egokiak azalduz. Promozio-bideo baten bitartez edo formatu librean (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) aurkeztu ahal izango dira kategoria honetako lanak. Arnasgune asko udalerri txikiak direnez, horiek ezagutarazteko ariketa interesgarria da. 

DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek herrietako esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu beharko dute umorezko bideo baten bitartez. Arnasguneetan entzun daitezkeen euskalkiei balioa aitortzeko ariketa da hori, euskararen aniztasuna agerian utzi nahi duena. Azkenik, DBHko 3 eta 4. mailakoek modu sortzailean bideo bat eratu beharko dute, euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz. 

Maila bakoitzeko bideo ereduak eta oinarriak arnasagara.eus webgunean daude ikusgai. Kategoria bakoitzak 500 euroko balioa duen sari bat izanen du, Irrisarri Land-en, Durangoko Azokako denda birtualean edo EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean trukatu ahal izanen dena. Publikoaren saria ere banatuko da. 

Egitasmoaz
‘Arnasa Gara’ aipatutako hiru erakundeek elkarrekin sustatutako egitasmoa da eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Arnasetik lehiaketa, zehazki, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasle zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleei zuzenduta dago.

Erlazionatuak