Liburuetatik pantailetara salto eginen du Jon Arretxe Arbizun bizi den idazlearen Toure pertsonaiak; urtarrilaren 31n, asteazkena, 19:00etan, Bilboko Sala BBK aretoan Toure Detektibea telesailaren aurrestreinaldia eginen dute, eta otsailaren 1ean PRIMERAN plataforman estreinatuko da; lehendabizi euskaraz.
Telesailak sei kapitulu izanen ditu, eta Bilbon bizi den etorkin ginearraren istorioa kontatuko du: paperak lortu bitartean bere asmoa oharkabean igarotzea bada ere, sen berezia dauka eta detektibe lanetan hasiko da. Arretxeren liburuetan oinarrituta sortu dute ikusentzunezkoa.
Protagonista Malcolm TreviñoSitte aktorea da, eta harekin, besteak beste, Unax Ugalde, Loreto Mauleon, Itziar Ituño, Jon Olivares eta Ane Gabarain aktoreak agertzen dira. Esteban Crespo eta Violeta Salama zinemagileek zuzendu dute telesaila.
Telesaila gaztelaniaz grabatu dute, eta euskarara bikoiztu. PRIMERANen ondoren RTVEn eta EITBn emitituko da.