Astekaria

Betiko esentzia rock ukituekin

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko eka. 12a, 12:23

Beietz! taldea Burlatako MaiatzaRocken. UTZITAKOA

Beietz! taldeak bederatzi abestiz osatutako 'Sutan' diskoa kaleratu du 2024an. Izen bereko bideoklipa ere ikusgai dago. Taldeaz gozatzeko modu hoberena zuzenekoak direla esan du Hiart Leitzak. Hurrengo kontzertua: ekainaren 15ean, Agurainen.

2018ko Arbizuko festetarako sortu zuten Beietz! taldea zazpi arbizuarrek. Abiapuntua kontzertu hura izan zen, eta ondoren kontzertu batzuk eman zituztela esan du Hiart Leitza taldeko abeslariak. "Ondo joan ziren". 2019an Erraietatik diskoa kaleratu zuten, 2022an Askatu Aingura diskoa eta 2024an Sutan diskoa kaleratu dute, izen bereko abestiaren bideokliparekin batera. Aurretik ere Beldurraren balada diskoan dagoen abestiaren bideoklipa kaleratu zuten ere. Hala ere, Beietz! entzuteko modu hoberena zuzenekoak direla esan du abeslariak: "Dantzatzeko musika da". 

Zeltik parranda deitu zioten taldearen estiloari. Beietz! kontzertuan ikusteko hurrengo aukera ekainaren 15ean, larunbata, Aguraingo Herriko tabernaren urteurrenean izango da, Dupla taldearekin batera. Udan ere zuzenekoak aurreikusi dituzte, baina oraindik datak konfirmatzeke dituzte. 

Garapena
Erraietatik diskoa Beietz! taldearen aurkezpen diskoa zen, "eta pandemia ospetsua etorri zen". Taldeak "erabateko etenaldia" izan zuen, musikari askok bezala, "baina gure hasiera bezala zen; ezin izan genuen hasi". Pandemiaren ondorengo urtea ona izan zela azaldu du Leitzak, kontzertuak eman zituzten, baina ondoren "pixka bat" gelditu dela azaldu du: "Zergatik? Fenomeno bat ikusten ari gara; talde batzuk jende asko eramaten dute eta beste batzuk, gu bezalakoak, kontzertuak ematen ditugu eta jendea badago, baina gehiago etor zitekeen".  

Sortu zenetik Beietz! taldeak garapen bat izan duela esan du abeslariak. "Hasiera batean herriko festetarako herriko jendearekin sortutako taldea izan zen, eta birkokatzen joan gara. Talde batean zaila da guztiok helburu berdina izatea; kontzertu baterako sortu genuen, batzuk jarraitzeko helburua genuen eta beste batzuk horretarako bakarrik edo zerbait txikiagoa nahi zuten". Badira bidean taldean utzi duten musikariak, "harremana ona daukagu, herrikoak dira", baina taldean beste herrietako musikariak hartzen joan dira. "Beste asmo batzuk dituztenak". Esaterako, akordeoilaria Sakanarekin harremana duen Tafallakoa da eta Aguraingo bi kide daude orain. 

Musikari dagokionez "hasierako izpiritua" mantentzen du Beietz!-ek. "Agian hasieran gehiago folkari lotutakoa zen eta orain erritmo rockeroetara joan gara". Oinarrian punk erritmoa dagoela azaldu du Leitzak. "Gertatzen dena da sartzen dituzun instrumentu edo ahotsaren arabera leundu egiten duela pixka bat". Zeltik parranda deitu zioten egiten zutenari: "Polita eta dibertigarria iruditu zitzaigun. Rock doinuak, punk, batzuetan ska nahasten dugu, zeltiar doinu horiek... Horrela jarri genion". Esperimentatzen joaten dira eta azken diskoa, esaterako, gaita digitala sartu dute ere. Alberto Collado galiziar gaita jole ezagunak grabatu ditu abestiak. 

Sutan da Beietz! taldeak kaleratu duen azken diskoa. Bederatzi abestik osatzen dute, eta horietako bat instrumentala da. "Diskoari dagokionez baditu ska doinu batzuk, aurrekoan probatu genuen horrekin, Sakon infinituan abestia, adibidez; Saltoka azkarragoa da; gero Begiraden Mirabe abestiak doinu mexikarrak ditu... Esperimentatzen". Furra furra Oskorriren abestiaren bertsioa ere egin dute. "Zuzenekoetan jendeak ezagutzen duenez gustatzen zaio eta gure estiloarekin bat egiten du". Letren gaiek ere "pixka bat denetarik" lantzen dute: Hauts eta kez abestian Palestinaren gaia hartu dute, "Entzuten dira olibondoak negarrez, ikusten da zerua hauts eta kez dio estribilloak"; Noraezean diskoari abiapuntua ematen dion abestiak aldaketa klimatikoari buruz hitz egiten du. "Denak poesiarekin, ez dira oso zuzenak". 

Zuzenekoak

"Taldea dinamiko da, asko mugitzen gara, dantzatezko musika da; festa girokoa"

Beietz! zuzenekoetan aritzeko taldea dela uste du Leitzak. "Abestiak eta letrak entzuteko ere, baina batez ere zuzenean aritzeko taldea da. Dinamikoa da, asko mugitzen gara, dantzatzeko musika bat da. Festa giroan egoteko musika bat da; zeltik parranda, hitzak esaten du". Abeslariak kontatu duenez, kontzertuetan jendea "lasai" entzuten hasten da, pixkanaka "gerturatzen" joaten da eta azkenean "dantzatzen eta saltoka" amaitzen dute: "Modu aktibo batean parte hartzen, eta eskertzen da". Sakanan ez omen da hori gertatzen.  

Leitzarendako Beietz! taldea eta eszenatokietara igotzea "opari bat" da; "pixka bat hustu bezala. Egia da batzuetan kontzertu bat dagoenean nekatuta gaude edo, baina gero oso ondo pasatzen dut. Askatzeko modu bat da". Aurretik Skalariak taldearekin "bizimodu" bat izan zen, "eta bukatzean pentsatzen genuen ez genuela ezer gehiago egingo, baina beti egon da barruan".