Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura Planaren bidez herrietan egiten diren lanak diruz laguntzen ditu. Arbizuko Udalak plan horretara bi lan aurkeztuko dituela jakinarazi du Francisco Javier Razkin Flores alkateak. Alde batetik, udaletxeko erdiko solairua eraldatzea. Razkinek azaldu duenez, "artxiboa txiki gelditu da, eta egoki jartzeko erdiko solairua eraldatu beharra dago. Aurreko dirulaguntza deialdira aurkeztu genuen obra hori. Ez ziguten eman eta orain berriro aurkeztuko dugu".
Deialdi horretara Arbizuko Udalak aurkeztuko duen beste lana da Fernando Urkia kaleko zati baten sareen eta zoladura berritzeko. "Gauzak ongi, martxoan hasiko da Fernando Urkia kaleko lanen lehen fasea. Gelditzen den kale zatia da dirulaguntza deialdira aurkeztuko duguna", azaldu du Razkinek. Kale horretako 45 eta 32 zenbakietatik 22 eta 23 zenbakietarainoko zatia berrituko da kalea, Lizarragabengoarako bidegurutze paretik Nagusia kalearen bidegurutzeraino. Lanak Lacunza Hermanos enpresak eginen ditu eta horien truke 588.801,37 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Enpresak lanak egiteko sei hilabete izanen ditu.
Bestalde, Arbizuko Udala dirulaguntza baten ebazpenaren zain dago. "Kultur etxea janzteko, eszenatoki txiki egin, proiektorea, aulkiak, armairuak eta beste jartzeko dirulaguntza eskatu genuen Cederna-Garalurren bidez", argitu du Razkinek. Eraikinaren barne araudia onartuta, jantzi bitartean taldeak erabiltzen ari direla azaldu du: "joskintza eta pintura taldeak han aritzen dira, Arbizu Kantuzekoak ere, eta liburu aurkezpen eta halakoetarako ere erabili izan da".
Razkinek gaineratu duenez, gabonetako oporrak baliatu dituzte igerilekuan klimatizagailu berria jartzeko. "Ikastarorik ez zegoen garaia baliatu genuen obra egiteko". Aurreko klimatizagailua eraikina txikiagoa zenean jarri zen. Kiroldegia handitu zuten eta makinak ez zuen bere funtzioa ongi betetzen. Makina aldatuz, igerilekuen guneko egungo baldintza termikoak hobetu ditu udalak, aurrekoarekin ez baitziren lortzen horrelako espazioetarako behar diren tenperatura eta hezetasun balioak, sistemaren energia eraginkortasuna hobetu da eta, bide batez, foru legedia betetzen da. Lanek 135.000 euroko aurrekontua izan dute. EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa baten bidez udalak lan horretarako 120.000 euro jasoko zituen.