Alderdi Sozialistako zenbait kide legez kanpoko komisioak kobratzen aritu ziren ikertzen ari da Guardia Civila. Komisio horien ordainketetan lotura duten enpresetako batzuk Acciona eta Servinabar dira. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak erabaki du enpresa horiekin sinatutako kontratuak berriro aztertzea. Fiskalizazio lan hori Nafarroako Kontu Ganberak eta Nafarroako Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoak eginen dute.
Aztertuko dituzten kontratuen artean Arbizuko eskola eraikitzeko kontratua dago. Lana Uxue Barkos Berruezo Nafarroako lehendakari eta Maria Solana Arana hezkuntza kontseilari zirenean eman zen. Hezkuntza Departamentuak lanak CPEIP Arbizu aldi baterako enpresa-elkarteari eman zion 2.630.767,13 euroren truke (BEZik gabe) 2018ko garagarrilaren 29an. Deialdira sei eskaintza aurkeztu ziren, haietako hiru enpresa txiki eta ertainak ziren.
Kontratua eskuratu zuen enpresa elkarte hori Acciona Construcción SA eta Alegure SM enpresek osatu zuten. Aurrenak elkartearen %80 zuen eta atzenak %20. Bi enpresen jarduna ikertzen ari da Guardia Civila. Antxon Alonso Egurrolak Alegure SM enpresa 2017an sortu zuen, baina haren %4ko jabetza Iñaki Alzagarena zen. Alonsok aurretik, 2015ean, Servinabar enpresa sortu zuen Koldo Garciarekin batera. Ikerketapean dago ere Alonso eta Garciaren jarduna.