Astekaria

"Joseba Ezkurdia pilotari handia da, eta pertsona hobea"

Maider Betelu Ganboa 2025ko uzt. 1a, 12:30

Lino Arrutik eta Joxe Mari Berastegik txapela oparitu zioten Joseba Ezkurdiari.

Arbizuko herriak omenaldi sentitua egin zion Joseba Ezkurdia pilotariari. Lino Arruti bere lehen entrenatzaileak ez zuen huts egin.

Lino Arruti eta Joxe Mari Berastegi Joseba Ezkurdiaren lehen entrenatzaileak izan ziren Arbizuko Aldabide pilota klubean. 

Lino Arruti, zenbat urte Aldabiden pilotariak trebatzen?
Gutxi gorabehera 22 urte inguru. 2019an utzi nuen, eta gazteek hartu dute lekukoa, talde polita dago.

Hasieratik ikusi zenuten Josebak urrutira iristeko dohainak zituela?
Ez nizkion aparteko dohainak ikusten, argi esango dizut. Orduan bazeuden beste pilotari batzuk: Bergera,  Ansotegi, Lukin... Josebak atzelari gisa jokatzen zuen, eta ez zuen horrenbeste destakatzen. Baina oso langilea zen, eta segi, segi, segi... Gure aurrelari bat beste klub batera joan zen, eta orduan Joseba aurrean jarri nuen. Hori ikusgarria izan zen: Ezkurdiak booma egin zuen. Hala izan zen. Duen bolea hori horregatik dauka, atzelaria zelako eta lauean edo bostean jarri eta beti bolean zebilelako. Joseba boleista arbizuarra da. Duen bolea hori bere arma da.

Sarritan ongietorriak egin dizkiozue Ezkurdiari, baina honetan merezitako omenaldia, gainera, gorenean, sasoian dagoenean. Hau ez da agur bat.
Ezta pentsatu ere! Nik uste dut oraindik etorriko direla beste txapel batzuk, Joseba oso ongi dagoelako, jaitsi denik ez dut ikusten. Aurten Binakakoan txapelduna geratu zen Rezustarekin batera, eta horregatik omendu nahi du herriak, merezi duelako. Sekulako mutila da: pIlotari handia, baina pertsona bezala izugarria, noblea. 

Binakako azken txapela Arbizun ospatu zen, baina berehala aitaren heriotza gertatu zen eta sentsazioa, gazi-gozoa.
Oso arraroa. Txapela irabazi, txapelarekin ospitalera joan, aitaren ondoan eseri, eta hurrengo egunean aita hiltzea... gogorra. 

Omenaldia oso polita izan da. 
Aldabiden 23-24 neska-mutiko trebatzen dira pilotan, etorkizuna hor dago. Pasilloa egin diote, aurreskua... Joxe Marik eta biok txapela eman diogu, udalekoek eta kuadrillakoek oroigarriak eta Aldabidekoek Arbizuko zilarrezko barkilloa, nire ustez, oparirik bereziena. Betirako geratuko zaio opari hori, ziur. Pilota jaialdi ederraz gozatu dugu festen bezperetan. Sekulako giroa dago. Ezkurdiak familia handia du, eta guztiak etorri dira. Julio Soto lehengusuak bertsoa kantatu dio... oso polita izan da. Bestalde, Mata omendu dute pilotariek.

Hunkitu zara, ezta?
Nola ez naiz hunkituko? Ilusio handia da. Ez nuen pentsatzen Baztanetik Arbizura etorrita, halako familia bat aurkituko nuenik, ezkurdiatarrena. Mila, Martin, Mattin, Maitane, Joseba...