Nafarroa Arena prest dago martxoaren 29an Binakako Pilota Txapelketako final handia hartzeko. Altuna-Ezkurdia, batetik, eta Laso-Albisu, bestetik, katedrak voltio handiko finala espero du. Dirua parean aterako dela aurreikusten da, agian Laso-Albisuren alde, tarte oso gutxiagatik, Irabazi edo galdu, ospakizunak prest daude, eta zaleendako gozatzeko eguna izango da.
Iaz Rezustarekin irabazi zenuen Binakako finala. Urtebete geroago, egoera berberean zaude, baina aldaketa handiarekin: Altuna duzu bidaide, eta atzelari izanda iritsi zara finalera.
Aurreko urtetik honetara asko aldatu da. Iaz oso gustura geunden hemen Beñatekin. Ilusio handia egiten zidan berarekin jokatzeak, eta txapel hura berarekin irabazteak. Orduan ez nuke pentsatu ere egingo aurten Jokinekin elkarrekin jokatuko nuela, atzelari. Ikaragarri pozik nago berarekin hemen egoteagatik, finalaren atarian. Txapelketa polita, zaila... denetatik izan da, eta finalean egotea sekulako ilusioa da.
Biak egokitu zarete jokamolde berrira. Hasieran bazirudien atzerago jokatzen zuen aurrelari bat zinela, baina azken partidetan aurrean kokatuta jokatzen duen atzelari baten planta hartu duzu. Salto handia eman duzu, eta atzean segurtasuna irabazi.
Azkeneko partidetan lasaiago aritu naiz; gauzak ongi atera dira, eta horrek asko laguntzen du. Seguruago ikusten naiz. Oraindik urduri jartzen naiz, ezin bainaiz atzelari klasiko bat izan; gure jokoak ezberdina behar zuen izan, erasokorragoak izan. Nire jokatzeko moduak Jokini bere jokatzeko era aldarazi dio, beste bi aurkariak beti gainean dauzkagulako. Jokinek asko laguntzen dit, eta berarendako tantoa bukatzea ez da erraza, esandakoa, bi arerioak gainean ditugulako. Azken partidetan puntu bat erasokorragoak izaten ari gara, horrekin mina egiten dugu, eta asmatu egin dugu.
Ligaxkako lehen bi partidak irabazi zenituzten baina gero, zuloan erori eta Eguberrietan estu eta larri zeundeten. Jokoa hasierako ia berdina da, zuk laugarren eta bosgarren koadroen artean kokatuta jokatzea. Zer aldatu da?
Abendu txarra pasatu genuen, baina galdutakoan ere ongi lehiatzen ari ginen. Ez genuen alde handiarekin galtzen, partida gogorrak eta lehiatuak izaten ari ziren eta horrek lasaitasuna ematen zigun, bagenekielako partidak gure aldera erortzeko aukerak bazeudela. Hasieran zalantza asko izaten nituen: pare bat pilota ongi gurutzatuz gero zer egin, aurrera joan, atzean gelditu... zalantza horiek.
Senak aurrera egitea eskatuko zizun.
Bai, aurrelaria naizelako, baina orain atzelari izatean... aldatzen da. Zalantza horiek dituzunean zaila da pilotan ongi jokatzea, eta xehetasun txiki horiek une haietan markatzen ziguten.
"Aurre horretan gure armak erabili beharko ditugu, beraiek eroso egon ez daitezen"
Txapelketa hasieran esan zenuen sekulako errespetua ematen zizula atzean jokatzeak, erronka handia zela, eta eskuek eutsiko ote zuten, hori zela zure kezka nagusienetako bat. Txapelketako partida guztiak jokatu dituzu, eta ongi zaude.
Ligaxkako erdialdeko pare bat partidetan pixka bat justuago bukatu nuen eskuetatik, baina ongi nago. Eta alde fisikotik ongi, inongo arazorik gabe.
Oso fin zaude.
Finago nago, bai. Pisua jaitsi nahi nuen; partidak exijenteak dira eta ikusi nuen kilo batzuk jaitsita hobeki egon eta eutsiko nuela.
Noiz sinistu zenuten goraka zindoaztela?
Hamabigarren jardunaldian Gasteizen hil edo bizi egon ginen, eta Peña eta Imazi partida hartan irabazteak (22-15) konfiantza handia eman zigun. Hurrengo astean Jaka-Iztuetaren kontra galtzen hasi ginen Bilbon, baina buelta eman eta irabazi genuenean (22-18) ligaxkan laugarren jartzeko aukera genuela ikusi genuen, eta horrek motibatu gintuen, play-offetara bi aukerekin iristea oso ezberdina baita. Ilusioa piztu zitzaigun, geure buruan sinistu, eta play-offak lehen aukeran irabaztea ederra izan zen. Finalerdietan gauzak aldatu egiten dira, beste txapelketa bat hasten delako. Gurea ongi eginez gero aukera izango genuela jabetuta, partidaz-partida, lortu dugu.
Gainontzeko atzelariek zure jokatzeko moldeaz ikasi beharko luketela entzun da, zure boleak goraipatuta. Katedra sortu duzu.
Beste ezaugarri bat izango bagenu, azpitik eskubi ona, gure jokoa ez litzateke horrela izango (kar-kar). Jokin txapelketa oso ona egiten ari da, hasieratik. Berarendako tantoak bukatzea ez da erraza, baina oso azkar ari da jokatzen, txisparekin dago, eskubiarekin atzera jotzen duenean min handia egiten du, ezkerrean hanketara ere bai, eta lan zikin asko ari da egiten. Asko laguntzen ari zait, eta meritu handia du.
"Laso eta Albisu faboritoak dira. Sekulako txapelketa egin dute, bikoterik hoberena izan dira eta ongi prestatuta gaude. Final ikaragarri zaila dugu aurretik, baina polita eta motibagarria"
Zurekin jokatzeak ilusio handia ematen diola dio berak.
Bion gauza da. Elkarrekin jokatzea proposatu zigutenean bioi ilusioa egin zigun, erronka handia zelako, eta oso polita izaten ari da. Zaila, gogorra, baina ederra da Jokinekin jokatzea.
Zintzoki, finalera iritsiko zinetela espero al zenuen?
Final batera sailkatzea oso zaila da. Aurrelari gisa, zaila; eta atzean jarriz gero, zailagoa. Gure helbururik handiena lehiakorrak izatea zen. Ez genuen erraza ikusten; zein bikote zeuden ikusita, are gehiago. Txapelketa oso ona izan da, eta zeuden bikoteekin geure burua finalean sartzeak meritua badu.
Zein da zuen indargune nagusia?
Ez dakit... Agian momentu kritikoetan buruz ongi eutsi dugula. Une zailetan aurrera egin dugu. Buruz konstante izan gara, eta partida erabakigarrietan gurea eman dugu. Burua esango nuke, eta jokatzeko era, erritmo hori jartzea.
Finalean Laso eta Albisu dituzue aurkari. Ligaxkako bi partidetan euren kontra galdu egin zenuten, baina finalerdietako ligaxkan, ordea, zuek gailendu zineten. Faboritoak eurak direla pentsatzen jarraitzen duzue?
Zalantzarik gabe. Sekulako txapelketa egin dute, bikoterik hoberena izan dira eta ongi prestatuta daude. Final ikaragarri zaila dugu aurretik, baina aldi berean polita eta motibagarria.
Nafarroa Arena frontoi oso gogorra da. Jokatzeko era aldatuko duzue?
Momentuan ikusi behar da nola hasten garen eta non egiten dugun minik gehiena. Tantoak bukatzeko ez da oso frontoi erraza; pilotak sei eta erdiko horretan botea egiten badu sekulako bueloa hartzen du. Dituzten ezaugarriak kontuan hartuta beraiendako frontoi hobea da, baina finalean gaude, ikaragarri pozik, eta aurre horretan ongi egoten eta gure armak erabiltzen saiatuko gara, beraiek eroso egon ez daitezen.
Final baten aurrean aurrelari gisa ardura gehiagorekin sentitu zara? Atzelari gisa jokatzen ari zarenez, presio gutxiago sentitzen duzu?
Agian, baina txapelketa honetan ongi egin nahi izate horrekin nahiko presionatuta sentitu naiz, neure buruarekin nahiko exijentea naizelako. Jokin txapelketa ia guztietan aurrean egoten da, eta pentsatzen nuen: "ea Jokinekin ez naizen finalerdietara sartzen!" Txapelketa on bat egitea nahi nuen, eta jardunaldiz-jardunaldi hobetzea. Neure buruari presio dezente sartu diot, baina ongi eraman dugu.
Lau finalisten artean Binakako txapel gehien dituzun pilotaria zara, hiru txapelekin. Laugarrena lortzea itzela litzateke, baina galdu edo irabazi, ziur ospatuko duzuela. Iaz aitaren heriotza izan zenuten tarteko, eta final honek urte gogor hau atzean uzteko parada emango dizu.
Zalantzarik gabe. Urte arraroa eta ezberdina izan da, eta galdu edo irabazi, gustura ospatuko dugu, finalak ez baitira egunero jokatzen. Joan zen urtean txapela irabazi, eta ezin izan genuen gustura ospatu. Bizitza bizitzeko da, eta galdu edo irabazi, Jokinek eta biok familia artean eta lagunekin elkarrekin ospatuko dugu, Arbizun.
"Txapela atzelari gisa lortzea, Jokin nire areriorik handienarekin batera, ederra litzateke"
Bikote guztiak engainatzen dituzu ospakizunak Arbizun izateko.
Bidean harrapatzen ditu eta... (kar-kar). Bion kuadrillak elkarrekin ari dira gauzak antolatzen. Binakakoan biok batera ospatzea politago izaten da, ahal bada, behintzat.
Berehala Buruz Burukoa hasiko da eta oso ongi entrenatuta iritsiko zara. Atzean jokatu izana ongi etorriko zaizu.
Buruz Burukoan dena asko aldatzen da, baina, egia esan, nire jokoa Buruz Buruko hortara hurbiltzen da. Lehenik eta behin, ea finaletik, eskuetatik eta fisikoki, nola bukatzen dudan.
Agian gustua hartu diozu atzean jokatze horri.
Ez ba. Hau bukatutakoan beste txapelketa bat atzean jokatzea zaila ikusten dut.
Nolanahi ere, esperimentuak funtzionatu du.
Oraingoz ongi ari da ateratzen. Lasai nago. Final aurreko egunak gustura pasatzen ditut; entrenatu, elkarrizketak egin, eta lanean zentratuta, gustura.
Lortuz gero, txapel honek zapore bereziago izango luke, edo aurreko seiek izan duten berbera?
Aurrena txapela lortu behar da. Txapel bereziena joan zen urtean Rezustarekin lortutakoa izan zen, baina honek ere zapore ona izango luke: atzelari gisa lortzea, Jokin nire areriorik handiena izan denarekin batera... ederra litzateke!