Ekainaren 19an eta 20an Pello Reparaz musikari arbizuarraren ZETAKen Mitoaroa III izanen da, Bilboko San Mamesen. Bi saioetako sarrerak agortu dira. Sakanako zenbait herritik Divertis konpainiaren eskutik autobus zerbitzua izanen da (Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Etxarri eta Altsasu) eta 18 urtetik azpikoek baimena sinatuta eraman beharko dute. Ostiralean, 20:30ean irekiko dituzte ateak eta ikuskizuna 22:30ean hasiko da, eta larunbatean 20:00etan irekiko dituzte ateak eta 22:00etan hasiko da. ETB2 eta ETBON-en ikusteko aukera izanen da.
ZETAKek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du ekoizpen erraldoia egiteko; guztira 700 bat profesionalek parte hartuko dute eta 150 bat pertsona izanen dira eszenan. Mariren etorrera izenburua du Mitoaroaren hirugarren zatia; eta 2084. urtean kokatu du ikuskzina, etorkizun distopiko batean.