Arbizuko Udalak igerilekuko inguratzaile termikoa hobetzeko lanak eman nahi ditu. Lanak 87.748,22 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Egitekoa bere egin nahi duen enpresak bere eskaintza garilaren 20ko 10:00etarako aurkeztu beharko du. Behin kontratua sinatuta, hiru hilabete izanen dira lanak despeditzeko. Lana finantzatzeko udalak Nafarroako Aurrekontuetatik 90.000 euro jasoko ditu, EH Bilduren emendakin baten ondoren jaso zena.
Kiroldegia eta igerilekua 1997an eraiki ziren, eta lanekin helburua da kanpoko inguratzailearen portaera termikoa eta higrotermikoa hobetzea. Horretarako panel isolatzaile termikoak jarriko dira fatxadetan eta dauden leihoak berrituko dira. Gainera, fatxadan kaltetuta dauden elementuak konponduko dituzte.