Aurki, uda aurretik izan daiteke, Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapena erakunde internazionalistako bost kide epaituko dituzte. Haien artean dago Aritz Ganboa de Miguel arbazuarra. Beste kideen modura sei urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre. Auzian ere Askapena bera eta beste erakunde batzuk legez kanporatu edo ez ebatziko du epaileak.
Auzi hori dela eta deitu da larunbaterako batzarra deitu dute. Ganboak azaldu digunez, “bere militantzia gaur egun edo noizbait elkartasun internazionalistan kokatu duten pertsonei deialdia egitea erabaki dugu, batu gaitezen estatuaren errepresio tresna honi erantzuteko”. Batzarra irekia da, “irekia zentzu guztietan. Batzarrean erabaki nahi dugu Sakanan nola antolatuko garen, eta sakandar eta internazionalista gisa espainiar estatuaren estrategia errepresiboari erantzuna emateko zer eginen dugun erabakiko da”.
Ganboaren iritziz, “argi eta garbi dago ezker abertzalearen kontrako kolpe bat izateaz aparte, euskal internazionalismoaren kontrako kolpe bat dela. Hau da, Euskal Herrian elkartasuna ulertzeko modu batek min ematen dio estatuari. Estatuaren izaera ez demokratikoa agerian uzten du. Min ematen dion posizio bat kolpatzeko errepresioa erabiltzen du”.
Sakanak izan duen izaera internazionalista “garrantzitsua” gogoratu zuen Ganboak, horren adierazle gisa Arbizu eta Marda edo Altsasu eta El Salvador arteko senidetzeak, Saharar haurrak udan hartzen dituztenak jarri ditu. Aldi berean, Askapenak hilaren 25ean Zarautzen antolatu duen ekitaldira joateko gonbitea ere luzatu du.