Askapenaren kontrako auzia gaur hasiko da

Guaixe 2015ko urr. 19a, 08:03

Aritz Ganboa de Migel eta erakunde internazionalistako beste lau kideendako seina urteko espetxe zigorra eskatzen dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalean Askapenako bost militanteen kontrako epaiketa gaur hasiko da. Haiekin batera Askapena, Askapeña konpartsa, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteak legez kanporatzeko eskaerak daude. Erakunde internazionalistari “ETAren agindupeko egitura” izatea egotzi zion Pablo Ruz epaileak. Baita harendako “kanpoko babesak” lortzea, “elkartasun batzordeak” sortzea, Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea leporatu zien ere.

Herriak Libre dinamikaren barruan Altsasun egin zen herri epaiketaren ondoren Ganboak haiena “oso kate luze bati lotutako beste epaiketa politikoa” zela nabarmendu zuen. “Herri honi dagozkion eskubide zibil eta politikoak urratzera datorren beste epaiketa politiko bat da”. Espainiar estatuak “”etengabe askatasun demokratikoak zanpatu nahi ditu. Herri honek behar dituen askatasun demokratikoak bere borondatez aurrera modu askean egin ahal izatea ekiditea bilatzen du”.

Salaketa
Euskal internazionalismoa, “internazionalismoa ulertzeko modu bat” epaituko zuela esan zuen Ganboak: “gure herriaren askapen proiektuan txertatua dagoen ikuspegi internazionalista. Hau da, gure elkartasun ekarpen handiena gure herriaren askatasunean oinarritzen duena eta gainontzeko herrien askatasuna beharrezkotzat duena”. 1987az geroztik brigadetan aritutako pertsonak “euskal internazionalismoak aurrera egin dezan kapital” handia direla gaztigatu zuen.

Madrilen espainiar estatuaren “jarrera inperialista epaitu eta salatu” eginen dutela azaldu zuen Ganboak. Horregatik, euren militantzia internazionalista “harro eta ozen” aldarrikatuko dute. “Internazionalismoa defendatuko dugu. Brigaden, elkartasun kanpainen beharra, joan-etorriko elkartasun kanpainen beharra… Askapenak eta herri honetako eragileek egiten duten lan internazionalista aldarrikatuko dugu”. Auzi saioak gaur, bihar eta etzi izatea aurreikusten da. Baita hilaren 25ean eta 26an ere. Epaiketa bi aste barru, azaroaren 2an despedituko da.