Aritz Ganboa de Migel arbazuarra artzaina da, gaztak egiten ditu. Eta mendi-lasterketetan aritzen da. Natura, landa eremua eta kirola batzen dituen erronka eginen du aurten: bere artzain jatorria diren bi herriak, Arruazu eta Izaba, mendian barna laster eginez lotuko ditu. Behin Izaban, berak motxilan eramandako Idiazabal jatorri izendapeneko gazta Erronkariko jatorria duen beste gazta batekin trukatuko du. Lastailean eginen du erronka. Baina ez da erronka pertsonala, kolektiboa baizik. Inguratzen gaituen giza, kultur, ingurune, paisaia, ekonomia, historia, gastronomia… ondarean oinarrituko da. Azken horiei behar duten balioa ematea baita erronka horren ardatza, lasterketarekin batera, Bideak izeneko dokumentalean jasoko dena. Hartan jende askok bere burua islatua ikusiko duela espero dute sustatzaileek.
Erronka zabaltzen hasiak dira eta Ganboak “lehenik eta behin” eskerrak eman ditu, “benetan. Aurretik ere, baina eta hau guztia publiko egin ondoren Sakanatik, baita kanpotik ere, zenbat mezu jasotzen ari garen laguntza eskainiz, eta animo mezuak. Hasieran halako oihartzunik ez genuen espero. Benetan, eskertu beharra daukat”.
Albi gaztandegiko artzain arbazuarrak Beleixe Irratian (FM 107,3 edo www.guaixe.eus) adierazi duenez, “erronka esaten erraza da, egiten ez da hain erraza”. Esaldi bat dago erronkaren oinarrian: izan zirelako gara, eta garelako izanen dira. “Bi gazten artean historia eta istorioa daude” gaztigatu du Ganboak. Bata, berea, Idiazabal jatorri izendapena ordezkatzen du. Izabako Marengo Bordakoak, berriz, Erronkari jatorri izendapena. “Gure artzaintza ereduan ezinbestekoa den latxa ardia beharrezkoa da. Latxa ardiak gure inguruan milaka urte daramatza eta egindako lanagatik daukagu daukagun natur eta kultur ondarea, guztia”. Erronkaren bidez Ganboak “landa-eremu hori eta han opatzen ditugun baliabide guztiei baliagarritasuna” eman nahi die. “Beti ere, begiratuz zer izan garen, zer garen eta zer izan nahi dugun”.
Arbazuarrak gaztigatu du berea ez dela bakarkako erronka bat, kolektiboa baizik: “hausnarketa txiki bat egin nahi dugu. Hau nire istorio bat bezala hasi da, baina, azkenean, nire istorioa denona da. Nire istorioaren partea ez litzateke besteen istorioaren parterik gabe. Eta aldrebes. Herri bat, komunitate bat, hizkuntza bat, ondarea… balioa ematea”. Berak eginen duen mendi-lasterketa hori aipatutako guztiei “aurpegia jartzeko” balioko du. “Harrikazoa” den erronkan “Sakana garatzenek eman didan ikuspegiak eta nire jatorriei balioa emateko nire buruak zuen beharrak bat egin dute”.
Erronkaren abiapuntu bat
Ekimenak bi abiapuntu ditu. “Bat nire istorio pertsonala da. Hor dago nire jatorria. Bai ogibide, bai bizimodu, bai lurralde aldetik, Izabak eta Arruazuk ordezkatzen dute. Nire amaren partetik Izaba eta aitaren partetik Arruazu. Ogibide aldetik, bi familia horiek, nahiz eta gero garapen desberdinak izan, artzaintza izan dute abiapuntu. Errealitate hori euskal herritar asko edo gehienona da. Artzain herri bat izan gara eta hortik eraiki dugu gaur egun daukagun herria. Eta artzain izaten jarraitzen dugu”.
Geologia ikuspegitik tolestura berekoak dira Aralar eta Pirinioak. Baina geografikoki ez. “Tolestura hori zeharkatuko dut. Erakutsi nahi dudana da denok garela historia horren parte eta historia horrek ibilbide desberdinak eman ditu, iritsiera desberdinak: badaukagu hiria, herria, herri mota desberdinak, eskualdeak… Hor ondare bat eraikitzeko gai izan gara eta balioa eman nahi diogu”. Hori izan da erronkaren abiapuntu bat.
Eta bestea
Bigarren abiapuntua Sakanan bizi eta lan leloan du oinarria. “Horren harira oso dinamika interesgarria sortu zen, ni ere asko busti nauena: garapen estrategikorako plana da. Eskualde, herri bezala, gutxi gorabehera lortu dugu zer izatea nahiko genukeen. Horretarako, oso garrantzitsua izan da zer izan garen pentsatzea eta zer nahi dugun horretan ere pentsatzea. Hor makina bat lan egin dugu. Sakana, lehenbizi, sakandarrondako balio bezala jarri dugu. Baina, gainera, konturatu gara balio horiek beste komunitateekin, beste herriekin, Euskal Herriarekin eta munduarekin ere partekatu ditzakegula. Horrek bizia eman diezaioke Sakanari. Beti ere, Sakanak bizia baldin badu”.
Horrek markatu egin zuen Ganboa eta erronkaren bidez “ondare hori” bilatuko du. “Ondare horretan zer baliabide dauzkagun: giza-, teknika-, jakintza-, azpiegitura-baliabideak. Hori guztia komunean jarri. Eta komunean zeinek jartzen du hori, pertsonek. Pertsonok gure lan-, militantzia-, giza harreman-, kirol-esperientzietan bat egiten dugu. Hor giza-baliabide batzuk artikulatzen dira eta horiek gabe erronka hau ezinen da egin”.
Ondarea jaso
Aipatutako ondarea jasotzeko dokumentala eginen dute. Haren haria Ganboaren erronka izanen da. “Baina barruan dauden eduki guztiak eraikitzen joanen eta jaso eginen dugu”. Horretarako, web orri bat erabiliko dute. Hartan jasotako istorioak eta ondarea agerian utziko dute: “ikus-entzunezko pilulen bidez ondarearen inguruko bilketa lan hori ezagutaraziko dugu: nire prestakuntza (elikadura, kirola, fisioterapeuta). Kasu horretan atzean dauzkagun baliabideak ezagutaraziko ditugu. Sakanaren kasuan, adibidez, Xalok-ek bat eginen du gurekin. Haiek izanen dira nire prestakuntzaren arduradunak. Haiek gabe ezinen nuke halako erronkarik planteatu”.
Ganboak ibilbidean opatuko dituen istorio eta bitxikeriak ere zabalduko dituzte. Esaterako, Aralarko larreetan artzainek pilotan jokatzen zutela. “Amaia Palauk Araiz ibarreko hizkuntzaren ikerketa egin zuen, baina inguruko ohitura eta usadioen artean ikusi zen eta, oraindik, hor dago ondare bat. Eta zein lotura duen pilotak gure eskualdean, Euskal Herrian, eta gure mendiko larreak eta artzaintzak. Uztarketa hori ere erakutsiko dugu”. Edota jentil-harriak. “Aralar, gure ingurunea, jentil-harri gehien dituen inguruetako bat da. Nola oraindik harri-jasotzeak kirol forma duen. Erronka horrek duela milaka urtetik erakarri gaitu”. Jakina, bi gazten jarraipena eginen dute.
Talde lana
Horiek guztiak web orrian ikus-entzunezko moduan agertzen joanen dira. Horretarako, talde lanean aritu beharko du Ganboak. “Helburua dokumentala izanen da. Dokumentalean nire helburu pertsonala izanen da erronka betetzea. Baina, gainera, istorioak ere helburu izanen dira. Eta istorio horien jarraipenerako jendearen elkarlana izanen da. Azkenean hau mugimendu bat bihurtzea nahi dugu. Mugimendu horrek, azkenean, hainbat helburu izanen ditu, nik erronka bete edo ez, helburu horiek euskarri batean bilduko dira, dokumentala. Bitartean web orritik jarraipena eginen da”.
Ganboak gaztigatu du horren guztiaren atzean ez dagoela bera bakarrik. “Dokumentala denez helburua, Xabier Unanua irurtzundarraren ekarpena. Buruan nuena kontatu nion eta berarekin partekatzean forma hartu zuen. Proiektuan bai edo bai sartuko zela esan zuen. Aurrera egiteko prest zegoela. Haren lana honen atzean ere badago. Xalok bera ere, nik beharko nuelako prestakuntza bat. Euren burua eskaini zuten”. Eta ekimenarekin bat egin dute Idiazabal eta Erronkari gazten jatorri izendapenak, Reyno Gourmet edota Sakanako Garapen Agentzia. “Honen atzean badago zilegitasun bat, ni gainditzen nauena. Dagoeneko ezin dugu nire proiektuaz hitz egin. Hitz egin behar dugu Bideak dokumentalaz, eta han Aritz bat izanen da. Eta espero dut bat oso txikia”.
Beti esan da artzainek pentsatzeko beta asko dutela eta Bideak dokumentalaz ari garela atzean hausnarketa sakona duen proiektu batez ari gara.
Aritz Ganboa eta Xabier Unanua.
Diru bilketa
Eduki horiek guztiak egiteko dagoeneko lanean ari dira. “Baina horrelako lan bat aurrera ateratzeko dirua ere ezinbestekoa da”. Dagoeneko inguruko entitateetara jo dute proiektua ezagutarazteko. “Zati bat egin dugu, orain bigarren fasean sartuko gara”. Egitasmoarekin bat egin nahi duen jendeari protagonismoa eman nahi diote. Esaterako, pertsona bat zati batean Ganboarekin korrika joan daiteke, “bere kirol gaitasunak aukera hori ematen diolako. Baina, agian, horrela parte hartu ezin duen pertsona batek diru bilketa kolektiboa edo crowdfunding-a ere badago www.bideakdokumentala.eus web orriaren bidez.
Egindako diru ekarpenaren arabera onura gehiago izanen ditu emaileak. “Proiektuak ekonomikoki bultzada behar du. Gero eta indar gehiago baldin badugu, gauzak, seguraski hobeki eginen ditugu. Benetan lan txukun bat egiteko, jendearen diru-ekarpenak ezinbestekoak izanen dira”.
Azken dei parea ere egin ditu. Batetik, “nola edo hala, edozeinek bere burua erronka honetan ikusten badu, ekarpena eginez eta elikatuz, gurekin bat egin dezala. Ez dezala inolako lotsarik izan. Dena delakoa dela ekarpena egiteko modua. Hori indarra izanen da”.
Bestetik, “sakandarrei deia Pirinioetako eta Erronkariko jendearekin bat egiteko. Pirinioak benetako beharrak ditu. Gaur egun utzien dagoen Nafarroako eskualdeetako bat da. Uste dut gure eskualdeak eraikitzen ditugunean ez dugula ikuspegia galdu behar, beste eskualdeekin batera eraikitzen dugu, bestela, ezinen dugu aurrera egin. Beraz, gure eskualdeak, Nafarroak, Pirinioei zer eskaini diezaiokeen pentsatzen hasi behar dugu. Euren bidea egiten ari dira. Hori errespetatu behar da. Batu gaitezen eta ea erronka hau Izaban bukatzen denean sakandar pila batek bat egiten dugun egun horretan”.
Lasterketaz
Ganboak aurreratu duenez, Arruazutik Aralarrerantz joko du eta handik Izabara arteko bidea onduko du, berak egindako gazta aldean duela. Lastailean, egun bakarrean eginen du ibilbidea, gelditu gabe. “Udarako jakinen da zein ibilbide eginen dudan, eta zenbat denbora jarriko diodan nire buruari erronkan ibilbide hori egiteko”. Arbazuarrak azaldu duenez, erronka prestatu bitartean “elikatzeko bertako eta garaiko produktuak erabiliko ditut. Gure baserritarrek sortzen dituzten produktuak. Horiekin nutrizionistak nire elikadura zainduko du. Horrela, produktu horien atzean dagoen lanari, paisaiari, balioa emanen diogu”.
Koilara
Egurrezko koilara bat, tresna hutsa baino gehiago Ganboarendako. Bere amaren aldeko familia Izabakoa da. Birraitona artzaina zen. Aitaren familia Arruazukoa da eta aitaren lehengusua ere artzaina zen. distantziak distantzia, biek elkar ezagutzen zuten eta elkarrekin euskaraz hitz egiten zuten. Ondoren, Ganboaren aitonak egurrezko koilara batean bildu zuen bi artzainen arteko harremana. , eta harreman hori gogoratzeko eta ezagutarazteko gogoa piztu zitzaion Ganboari. Bere buruari erronka jarri zion horretarako: Arruazu eta Izaba korrika lotzea.
Sare sozialak
Facebook
Youtube
Instagram