Udala ostatua alokatu nahian dabil

Guaixe 2019ko api. 18a, 12:55
Arruazuko ostatua plazan dago.

Urte hasieratik itxita dago eta haren zerbitzurik gabe gabezia handia nabari da herrian.

Taberna, jatetxea eta denda txikia. Horiexek ditu Arruazuko ostatuak. Betidanik mugimendu handia izan duen ostalaritza zerbitzua izan da. Eta arbazuarrei zerbitzu handia eman diena eta herria biziarazten duena. Aurreko kudeatzaileek utzi ondoren, urte hasieratik ostatua itxita dago. Pello Betelu Ganboa alkateak esan digunez, “hura emateko bi deialdi egin ditugu, alferrik. Eskaintza bat agertu zen baina alokatzeko etxebizitza eskatzen zuen eta ez dago”. Beteluk azaldu digunez, udalak aurten ostatuan ureko karea kentzeko tresna jarriko du. Joan den urtean hango altzariak erosi zituen eta lau urtetan pagatuko dituzte. Bitartean, gero eta gertuago dauden festetarako ostatua inork hartu ez badu “zerbait asmatu beharko dugu” esan digu alkateak.

Arruazuko Udalaren aurtengo aurrekontuko diru sarrerak 139.985 eurokoak dira, joan den urtean baino 1.620,95 euro gutxiago. Gastuak, berriz, 131.036,71 dira, aurrekoak baino 25.134,32 euro gehiago. Alkateak esan digunez, inbertsio handiena “trenbidetik Aralarrerantz eginen den itxitura izanen da. Baso erdia hartuko du eta 20.000 euro inguruko aurrekontua du. Diru-laguntzarekin erdia pagatuko dugu. Horrekin basoan abereendako bazkaleku edo angio bat egin nahi dugu, lehen kudeatzen zen bezala erabiltzeko”. Itxitura uda partean eginen dute, baina aurretik Basabean eta Arnantzen joan den urtean saldutako pinu aprobetxamenduak aterako dituzte. Itxitura horrekin batera urtero sasiak kentzeko lana ere izanen da. Beteluk jakinarazi digunez, hurrengo udalari utziko diote Aralarko pago aprobetxamenduaren markatzea eta enkantea egitea. Enkanteetatik ateratako % 20 basoan inbertitu behar denez, lortutako dirua bideen konponketarako erabiltzea aurreikusten dute.

Bestetik, Arruazuko alkateak jakinarazi digu badituztela egiteko hainbat lan maiatzaren 26an aukeratuko den udalaren esku utziko dituztenak: haurren jolas parkea eta kaleetako bankuak berritzea eta ludotekan mahaiak eta artxibategia jartzea. Bitartean, alkatea pozik dago Arruazun bi etxe berri egiten ari direlako eta jendea herrian gelditzen delako.

Erlazionatuak