Ondarearen alde lasterkan

Guaixe 2019ko urr. 18a, 14:50

Aritz Ganboa de Migel babeslez inguratuta.

Hilaren 26an eta 27an Arruazu eta Izaba korrika lotuko ditu Aritz Ganboa de Migelek. Bestela esanda, Idiazabal gazta jatorri izendapena eta Erronkari gazta jatorri izendapena lotuko ditu. Artzaintzari eta haren inguruko ondareari balioa aitortzeko ekimena da arbazuarrarena. Erronka hori Bideak izenburuko dokumentalean jasoko da.

Ardiak erditzeko prestatzen ari direla, entrenamenduak eta lana partekatzen ari da Aritz Ganboa de Migel. Arruazu eta Izaba lasterka lotzeko erronka jarri dio bere buruari. Bi gazten jatorri izendapenak lotzeaz aparte, erronkak badu pertsonaletik: amaren familia izabarra da, aitarena arbazuarra. Baina, aldi berean, erronka kolektiboa ere bada: artzaintza eta hari lotutako giza-, ekologia-, kultura-, ingurumen-, paisaia-, ekonomia-, gastronomia- edota historia-ondarearen balioa aitortu nahi du. Eta gu guztiok partaide egin nahi gaitu. 

Zergatik aurkezpena Iruñeko Geltokin? 
Gizarte-ekonomiaren eta zirkulu-ekonomiaren irizpideetan oinarrituta lantzen ari den proiektu bat da. Hainbat erakunderen elkarlana da: Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sarea (REAS), Nafarroako Nekazari Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, artisauen elkartea, Emausko Trapuketariak baita EHNE-Bizilur (tokiko ekoizleen elkartea). Bada esparru bat zeinetan lantzen ari den entitateen elkarlanaren bidez gizarte-ekonomia. Horri lotuta ekintza ugari egiten dira. Gainera, esan beharra dago, Geltoki, autobus geltoki zaharra, izan dela Mendialdea edo herri guneak hiriarekin topatzeko tokia. Geltokiaren bitartez iristen ziren elikagaiak hirira. Hiritarrak herrietara etortzen zitzaizkigun geltokitik. Eta herrietakoek bidea egiten genuen geltokira, hirira joateko. Iruditzen zitzaidan landa eta hiri eremuen arteko lotura interesgarria irudikatzen duela. Azkenean hau hori delako: zubiak eta bideak eraiki, elkarri begira jarri, elkarren behar hori ezinbestekoa dugulako. 

Aurkezpen argazkian jende pila zenuen inguruan. Babesle asko dauzka proiektuak. Guztiek zeregin bat dute, ezta? 
Hori da. Babesleak izatea garrantzitsua da. Azkenean, proiektu honek ekonomikoki beharra du. Eta hori eskatu diegu, ekonomi-babesa. Baina proiektuaren partaide izatea eskatu diegu. Eta partaide izateko bakoitzari, bere eremutik, zerbaitetan eragitea tokatu zaio. Azkenean, herritarrok elkarrekin, bai modu profesionalean bai elkarte moduan, edo modu asoziatiboan edo indibidualki egin dezakegun ekarpena, hori da herriaren isla. Hori islatu nahi dugu. Enpresetatik hasita jatorri izendapenetara, kultur elkarteak, baita maila pertsonalean hainbat jende ekarpena egiten. 

Horri guztiari gaztaren trukaketa gehitu behar diogu. Hari gidaria gazta hori izanen delako, ezta?
Gazta metafora da. Gure gizartearen borobiltasun hori ordezkatzen du. Elikagai bat da. Horretara iristeko gure natur eta herri guneak kudeatu behar ditugu. Horrekin hizkuntza, kultura eta ekonomia sustatzen da. Eta, gainera, iristen da gizarteko edozeinen platerera. Eta plater horren bidez aberastasun hori iristen da. Gazta da, nolabait, bidean elkar topatzeko balio digun metafora hori. Bi izendapen ditugu. Hirugarren bat ere bai: Ossau-Irati. Haiek ere, nolabait, bide honetan agertuko dira. Baina egia da nire bi jatorriak, bai Arruazu bai Izaba ordezkatzen dituzten gaztak, Idiazabal jatorri izendapena eta Erronkari jatorri izendapena dira eta. 

Garraiatuko duzun zure Albi gaztandegiko gazta berezia izanen da?
Gazta eginda dago. Egin genuen eguna grabatuta dago. Zer gazta den ere, jarraipena egiten ari diogu. Gazta horrek egiten duen ibilbidea bigarren aldia izanen da. Orain gaztak Izabarako bidea eginen du. Baina duela 500 urte Izabatik Sakanara Erronkariko tropek egin zuten bidea, Nafarroako independentzia babesteko, Gaztelako tropei aurre egiteko asmoz. Bide hori egin zen. Horri esker lortu zen bai Gortea bai Nafarroako errege-erreginak ihes egitea. Eta haiekin artxibo guztia. Gaur egun daukagun historia-ondare asko salbatu zen erronkariar gudari horiek Sakanara etorri eta, nolabait, hemen oztopatu zutelako tropen sarrera. Badakigu azkenean sartu zirela, baina ez zuten erabat irabazi. Oraindik ondare hori badugu. Gainera, Gaztelak badakizue zer egiten zuen? Norbait menperatzen zuenean bere errealitatea desagerrarazten zuen, artxiboak erre eta abar. Sinbolismo hori du. Orain gazta berezia izanen da. Kontrako norabidean eginen du bidea. Balio dezala horrelako aitortza baterako. Azkenean, gazta bakoitza berezia da. Artisau moduan ekoizten den gazta hori da: errepika ezina da. Zuk artzain baten gazta bat jaten duzunean ez duzu gazta berdina janen. Hori aberastasuna da. Aniztasun asko eskaintzen digun praktika bat da.   

Alde fisikoari erreparatuta, erronka Nafarroako hainbat herrietatik pasako da. Etapaz etapa prestaketa hori egiten ari zarete. Hilaren aurreneko asteburuan azken etapa egin zenuten? 
Azken etapa izan zen Orbaitzetako Zabaltzatarren etxetik, Mikel Zabaltzaren oroigarria dagoen tokitik Izabaraino izan zen azkena: Irati oihanetik Orhi mendira eta handik Lazako portura joan, Lazatik Uztarroze eta Izabara. Hori azkeneko zatia da. Hiru zatitan egin dugu prestakuntza. Aurrena, Arruazutik Olagueraino izan zen: Aralar mendira San Migeletik igo, Ata ibarretik Madotzera, Goldaratz, Latasa, Imotz, Anue eta Atez ibarrak, Ultzama eta Basaburua ikutuz, Olaguen bukatzeko. Han aurreneko zatia bukatu genuen. Bigarren zatia Olaguetik Orbaitzetako olaraino egin genuen: Olague, Egozkue, Iragi gaina hartu eta handik Erroibarrera jaitsi Erro gainera igotzeko, han erromes bidea hartu Auritzeraino joateko, han GR-a hartu eta Orbaitzetako olara iristeko. 

Zuri entzunda di-da batean Euskal Herrian barna bidaia egiten dugula… Irudikatzen duzu: Zein ederra!  
[Barreak]

Baina, zuk nola daramazu prestaketa fisikoa? Aurreikusitakoa betetzen ari da? Mentalki nola zaude?
Arruazutik 07:00etan abiatuko naiz. Eta abiatzen naizen momentuan pentsatuko dut: bihar ordu honetan oraindik laster egiten ariko naiz. Hori da errealitatea. Ez ordu horretan lasterka ariko naizela, baizik eta oraindik ordu batzuk faltako zaizkidala bukatzeko. Lehenik eta behin, nik ezin dut aurreikusi zer gertatuko den, horrelako egoera batean ez naizelako sekula egon.  Ez naiz horretara gerturatu. Gorputzak nola erantzuten duen inork ez dakizkien inkognita batzuk daude. Esaterako, jateari uzten badiot, jan ezin dudalako, edo botaka hasten naizelako. Bukatzeko zailtasunak izanen ditut. Hori oso ohikoa izaten da distantzia horietan. Erorikoak edo bihurrituak gertatzen badira. Hainbeste kilometro, hainbeste ordutan, oso erraza da mendian hori gertatzea. Buruari kasu egin behar zaio. Baino kasu honetan oso kasu gutxi. Zeren buruak martxan jarriko dituen mekanismoak izanen dira hain zuzen bidean zehar gelditzeko. Azkenean gure burua prest dago maila bateko ahalegina egiteko. Hortik pasatzen garenean aktibatzen ditu hormona eta mekanismo batzuk gelditzekoak. Horri aurre egin beharko zaio. Bestetik, gorputzak nola erantzuten duen, giharrek eta hauspoak. Azkenean, faktore asko daude. Guk ahal bezain ongi prestatu dugu. Jakinda ni ez naizela profesionala, “pakete” bat naiz. Esan nahi dut ez naizela inolako abilidade berezirik duen kirolari bat. Gainera, nire lanarekin, nire familiarekin, nire gizartean ditudan betebeharrekin uztartu behar izan dut hau guztia. Horrela ere, ahalegin guztiak egin ditut. Orain arte egindako guztia eginda dago. Hori hor dago. Azkenean, erronka bat da. Erronkak zer esan nahi du? Agian bete ezin den errealitate baten aurrean gaudela. Bestela ez litzateke erronka izanen. 

Eguna iritsi baino lehen helburu asko betetzen ari dira, ezta? 
Erronka honetan irabazi eginen dugu, bai edo bai. Hori da esan nahi dudana. Gertatzen da erronka honetan erronka desberdinak daude. Erronka horietako batzuk beteko dira eta beste batzuk agian ez. Bidea egitea da helburua. Horregatik, “Bideak” izenburua du dokumentalak. Bide asko saretu ditugu. Dokumentala bera egitea erronka bat da. Dokumentala beraren proiekzioa ere erronka izanen da. Nire elikadura eta entrenamenduak aurrera eramatea erronka bat izan da. Erronka bat da nekazariok eta abeltzainok gure bizitza aurrera ateratzeko egunero egiten dugun guztia, eta elikagai horiek gure esku jartzea. Erronkaz erronka, azkenean, erronka hau Arruazutik Izabara iritsiko ote naizen, espero dut iristea, horretarako borrokak eta ahaleginak eginen ditut. Bidelagunak izanen ditut horretarako. Baina, azkenean, irabazle aterako gara, ziur. 

Bukaeran egun osoko festa iragarri da. Bai edo bai eginen da, ezta? 
Kristoren egitaraua prestatu digute asteburu guztirako, bereziki iganderako, Kurruskla kultur elkarteak eta Izabako Udalak. Sakanatik autobus bat abiatuko da. Nahi duenak izena eman dezake. Doan da. Sakanako Garapen Agentziak egindako ahalegin bat izan da. Gainera, Izaban bazkaria izanen da: ogi-papurrak, han oso ohikoak direnak, gure etxean asko jaten dira, txistorra eta gaztarekin, edaria eta kafea barne, 12 eurotan. Egunean zehar dagoen egitaraua oso polita da. Enaren birsorkuntza eginen dute. Artzainak Erribera aldera, Bardeak aldera joaten zirenean, etxeko emakumezko gazteenak, 11-12 urteetatik hasita 18-19 urteetaraino, beltzez jantzita, Maulerako bidea hartzen zuten. Pirinioak zeharkatzen zituzten oinez Mauleko ezpartina fabriketan lan egiteko. Han negu guztia pasatzen zuten eta udaberrian bueltatzen ziren. Beltzez janzten zuten eta enarak bezala, udaberrian bueltatzen ziren. Horregatik enarak deitzen zitzaien. Emakumezko horiek Aezkoako eta Erronkariko ezinbesteko ekonomia sustengua ziren. Pentsatu emakumezko asko ez zirela sekula bueltatuko, batzuk bidean arazoak izanen zituztelako eta beste batzuk han ezkondu edo bikotekidea opatu eta han bizitzera gelditzen zirelako. Birsortze horrekin emakumezkoen ezinbesteko paperaren balioa aitortu nahi da, estalia izan baita. Hau da, artzainak Erriberara joaten zirenean, edo almadiekin egurrak eramatera joaten zirenean, hori beti ikusgarria izan da. Baina inork ez zekien, edo gutxi ezagutzen zen enarek egiten zuten ibilbidea. 

Hori 11:30etik aurrera eginen dute. Herri guztia agurtzera ateratzen da. Etxeko emakumezko gazte guztiak garai batean Maulera joateko janzten eta prestatzen ziren bezala abiatuko dira. Artzainaren oroigarriaren aurrean dagoen frontoian bazkaria izanen da. Musika bazkarian eta ondoren izanen da, dantza egiteko. Brun anai forjariek erakustaldia eginen dute. 

Erronkari lotutako beste partea ere egonen da. Gaztarekin iritsiko gara, iristen bagara. Gazta iritsiko da, trukea eginen dugu. Gazta dastatzea egonen da. Parte hartu duten guztiendako aitortza izanen da, bereziki artzainendako. Festa giroan, egun pasa polita izanen da Izabakoa. 

Denbora luze daramazu lantaldearekin hau guztia prestatzen. Atseden ere hartuko duzu, ezta? 
Nahiko nuke. Baina, batetik,  ardien erditzeak ditugu justu horren ondoren. Data hau ez da kasualitatea. 200 ardi kolpean erditzeko momentua heldu zaigu justu hor. Bestetik, Lurrama azoka hor dago (Miarritzen, azaroaren 8tik 10era). Antolaketan gabiltza. Hor ere nahiko lan. Ez dakit deskantsua noiz hartuko dudan. Baina uste dut lasterka egiteari denbora batez utziko diodala, hori bai. 

Arnasa hartzea…
Oso nekatuta bukatzen ari naiz kontu honekin guztiarekin. Hori normala da ere. Gauzak esatea oso erraza da. Baina egin behar ditugunean, orduan konturatzen gara zer dimentsio hartzen duen. Pentsatu oraindik ez dugula bukatu. Eta 2020an dokumentala aterako dela. Hor ere ibilbide oparoa, luzea espero dugu. 

Egitasmoa finantzatzeko crowfunding kanpaina martxan duzue. Ekarpenak egiteko eperik badago? 
Azaroan bukatuko da. Hau da gutxien gustatzen zaidan partea, dirua eskatzearena. Egia da ezinbestekoa dela. Proiektuaren parte bat, erdia baino gehixeago, bermatuta dago. Baina oraindik diru asko falta da. Gure asmoa zen enpresa handietara jo beharrean, gehien bat, gizarteak babestea. Proiektu erakargarria dela pentsatzen dugu. Pertsonalki, edo kolektiboki, ekarpen txiki bat eginez lortu genezake hau aurrera ateratzea. Orain fase horretan gaude. www.bideakdokumentala.eus web orrian sartu eta bertan crowfunding kanpainaren atala dago. Hiru parte hartze mota daude: 30, 50 eta 100 eurokoa. Oso erraza da. Formularioa betetzea eta Internet bidez ordaintzea. Parte hartzeagatik denek dokumentalaren kredituetan agertuko dira eta Ternuak propio egindako kamixeta berezia jasoko dute. 50 euro ematen dutenek gazta laurdena ere jasoko dute. Eta azken aukeraren alde egiten dutenek gazta erdia eta dokumentalaren emanaldi pribatuetarako bi sarrera jasoko dituzte. Horiek hasieran eginen dira. Zinema jaialdietan izanen da dokumentala. Eta haiek pasa arte ezin da dokumentala proiektatu. Beste ekarpen mota bat babesletza da. Ibilbidean pasako ditugun eskualdeetako enpresa txikiek (taberna, denda…) parte hartu ahal izateko. Ibarrez ibar gutunak bidaltzen ari gara. Horiek babesle gisa agertuko lirateke. Babes txikiekin. Ez dugu nahi norbait indar gehiagorekin agertzea. Hori da hemendik azarora lantzen ari garen finantziazio mota. Gure kontra egiten badu ere, jendeari garbi esan behar digu, ekonomia errealitatea dena-delakoa dela ere, aurrera eginen dugula. Guk hau aurrera ateratzeko konpromisoa daukagu. Denbora eskaini diogu. Denbora ere dirua da. Apustu honetan sinistu dugunok denbora dexente eskaini diogu. Gutxienez hori bermatuko dugu. Beti bezala, gutxi batzuk dena eman ez dezaten, denon artean pixka bat jartzen badugu, errazago izanen da. Eta hobeki aterako da. 



Babesleak 
Egitasmoa aurrera eramateko hainbat babesleren laguntza izan du Ganboak. Idiazabal eta Erronkari Jatorri Izendapenek eta Artzai Gazta Elkarteak, gaztaren balioa aitortzeko; Xalok eta AC Training-eko profesionalek, erronkarako nutrizio, fisioterapia eta kirol prestakuntzan; INTIA, eta haren bidez Reyno Gourmet, tokiko eta garaiko elikagaien balioa aitortzeko; Arruazu eta Izabako Udalak eta Sakanako Mankomunitateak; Ternuak, ekipazio baliabideak eta Muxu Estudio, dokumentalaren ekoizpena. 


Ganboaren bidelagun
Arbazuarrarekin batera erronkan parte hartzeko, lasterka egiteko aukera ere izanen da. Ibilbidearen zatietako batean edo ibilbide guztian lasterka. Dohainik. Hori bai, lasterketa ofiziala ez denez, izena ematen duten korrikalariek norbere ardurapean hartuko dute parte. Esaterako, nork bere hidratazioaz eta jatekoaz arduratu beharko du. www.bideakdokumentala.eus web orriaren erronka atalean eman daiteke izena. Han deskargatu daiteke ibilbidea, edo zatiak. 


Autobusa eta bazkaria
Igandean, hilaren 27an, 08:00etan Arruazutik abiatuko da, Izabatik buelta egiteko 19:00etan jarriko da martxan. Dohainik da, baina plazak mugatuak dira. Izena emateko info@bideakdokumentala.eus e-posta helbidera edo 651 577 990 telefonora mezua idatzi behar da izen-abizenak jakinaraziz. Igandeko bazkarirako txartelak autobusean bertan salduko dituzte, 12 eurotan. Autoz joaten direnak egunean bertan Izaban eskuratzeko aukera izanen dute. 

Erlazionatuak

Ondarerako gazta bideak

Guaixe Irratia 2019 ots 09 Arruazu