Astekaria

"Ezkilak jotzea handia izan da niretako; omenaldiagatik oso eskertuta nago"

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 13a, 14:30

Arruazuko herriak omenaldi beroa egin zion Tomas Ganboa Ganboa ezkila jotzaileari. Makina bat txapelketa irabazi izan ditu, Arruazu ezkilen herria bilakatu zuen eta Nafarroako Ezkilazainen Elkarteak ohorezko presidente izendatu zuen. Herritarren eta bere ezkila jotzaile kideen aitortza jaso zuen

Arruazuko eliza bete egin zen igandean Arruazuk Argiñarenan sortutako Tomas Ganboa Ganboa ezkila-jotzaile ezagunari egindako omenaldirako. “Bagenekien jendea etorriko zela, baina ez genuen uste hainbesterako izango zenik, eta horregatik oso pozik gaude” esan zuen Arruazuko alkate Gorka Ovejero Ganboak. Lehenik eta behin, Tomasen ibilbidea biltzen duen Azken errepika ikus-entzunekoa  proiektatu zuten Arruazuko elizan. “Duela 4 urte, Tomasek ezkilak jotzeari utziko ziola jakin genuenean, kanpandorrera igo eta jaistea kostatzen zitzaiolako, bere ibilbidea bildu eta gordeta izateko ikus-entzunezko bat egitea erabaki genuen, noizbait ere berari omenaldia egingo genionean dokumentua proiektatzeko. Eta eguna iritsi da” gaineratu zuen Ovejerok. 

Amaia Erdozia eta Oscar Corrozak egindako ordu laurdeneko lana da Azken errepika, eta 2017an Tomasi egindako elkarrizketa eta hark irabazitako txapelketen eta erakustaldien argazki zaharrak jaso eta gero, eta Tomasek Arruazuko ezkila dorrean jotako errepika ikusgarri batekin bukatzen da. Bazirudien Tomas bera zuzenean ari zela ezkilak jotzen, eta Argiñarenako ezkila jotzailea hunkitu ere egin zen. 

Ezkila jotzaileen babesa
Omenaldiak plazan jarraitu zuen. Tomasen bidelagun izandako sei ezkila jotzailek errepika bana jo zuten. Ondokoak izan ziren: Josu, Iruñeko katedralekoa; Javier Saralegi, Lekunberrikoa; Joxe Flores, Lakuntzakoa; Miguel Angel Irurtzun Amundarain, Ihabarkoa; Joaquin Miguel Mayo, Zamorakoa baina urte erdia Iruñean bizi dena eta katedraleko ezkila jotzailea dena; eta Peio Martinez, Lakuntzakoa. Ederra izan zen Arruazuko ezkila finen errepikak entzutea. Haiekin batera beste zenbait ezkila jotzaile izan ziren omenaldian, Iruñea, Artaxoa eta Santakaratik etorritakoak. “Tomas sekulako ezkila jotzailea da. Bera bezalakoak gutxi daude. Izugarri estimatzen dugu” nabarmendu zuen Santakarako Jose Ochoak. 

60 urte luze
Gorka Ovejero alkateak eta Oihana Zubeldiak gidatutako omenaldian, Tomas Ganboa 60 urte luzez ezkila jotzailea izan zela nabarmendu zen. “Tomasek 60 urte luzez jo ditu ezkilak eta Arruazu ezagun egin du. Arruazuko Iturgain elkarteak antolatzen zituen ezkila jotze txapelketetan jendetza erakartzen zuen herrira, eta edozein lekutara joanda ere Arruazukoa zinela esaten bazenuen beti bateon batek esaten zuen: “a.. ezkilen herrikoa”. Beraz, hori guztia eskertzeko elkartu gara gaur Tomasen inguruan” azaldu zuen Zubeldiak. 

Tomasek makina bat oroigarri jaso zituen. Hasteko loreak, parrokiako juntaren eskutik. Segidan Izurdiagako Forjas Brun anaien burdindegian egindako oroigarri polita, bi ezkilekin, Arruazuko Udalaren eskutik; argizaiola baten gainean zurez landutako ezkila, Olaztin egina, ezkila jotzaileen eskutik; eta, bukatzeko, zapi gorria, Santakarako Jose Ochoa ezkila jotzailearen eskutik. “Nafarroako Ezkilazainen Topaketa Santakaran izanen da. Hango kanpandorreko eskailerak hemengoak baino errazagoak dira, hortaz, zu han egoteko nolabait moldatuko gara. Gure ohorezko lehendakaria zara, eta han nahi zaitugu” gonbidatu zuen Ochoak. 

Haren ohorezko aurreskuaren ondoren, Tomas Ganboak hitza hartu zuen, guztiz hunkituta. “Gustura aritu naiz ezkilak jotzen, pozik. Eta herri guztiari eskerrak eman nahi dizkiot omenaldi polit honengatik. Baita kideei ere, ezkilazainei. Eskerrik asko” eskertu zuen, negar malkoei ezin eutsi. Eta bukatzeko, herri bazkariak Tomasen aldeko omenaldiari jai giroa jarri zion. 

“Ezkilak jotzea handia izan da niretako; oso eskertuta nago”

Tomas Ganboa Ezkila jotzailea

Zure omenaldira jende asko etorri da. Pozik egongo zara, ezta?
Bai, oso pozik. Urduri jarri naiz eta hunkituta nago, baina pozik. 

Zure ibilbideari buruzko ‘Azken errepika’ ikus-entzunezkoa gustatu al zaizu?
Bideoa ikusten nuen lehendabiziko aldia izan da eta bai, lan ona egin dute. Dotorea. 

Zure ezkila errepika batekin bukatu da bideoa, eta berriro ere Arruazuko ezkila dorrean ezkilak jotzen zeundela zirudien. Oso polita izan da. 
Bai, hunkitu egin naiz. Bizi guztia horrela ibili naiz, soinua ateratzen, eta gustura. Ezkilak jotzea handia izan da niretako. 

Tarteka ezkila dorrera igotzen al zara edo ezin duzu? Izan ere, eskailera horiek...
Igotzeko baino gehiago, jaisteko dira makurragoak. Barraskilo itxurakoak dira, triangeluarrak, baina izkinak borobilduta daude eta meharrak dira, eta ez dute heldulekurik. Oso eskailera txarrak dira. Duela 3 urte iktusa izan nuen eta ongi nago, baina mugimenduetan zer edo zer nabaritzen dut, eta eskailera horietan txoratu egiten naiz. Medikuak ere esan zidan kontuz ibiltzeko, eta horregatik ez naiz igotzen. Lakuntzan, 2019ko maiatzean Nafarroako IV. Ezkilazainen Topaketa egin zenean eta han Nafarroako Ezkilazainen Elkartekoen omenaldia jaso eta ohorezko presidente izendatu nindutenean Lakuntzako ezkila dorrera igo nintzen. Igotzeko eta jaisteko askoz hobea da Lakuntzakoa, zelaia delako. Egun hartan ezkilak jo nituen. Gaur egun ere ezkilak jotzeko trebe naiz, baina Arruazuko ezkila dorrera ezin naiz igo. 

Aspaldiko partez, sistema automatikoarekin jotakoen partez, ezkilazainek jotako ezkila errepikak entzuteko aukera izan da Arruazun. Sei errepika guztira, sei ezkila jotzailek egindakoak. Pozik?
Oso. Ezkilazain asko etorri dira: lakuntzarrak, Ihabarkoa, Iruñekoak, Santakarakoa, Iruñeko katedralekoak, Artaxoakoa… Ezkilak sistema automatikoarekin entzuten ditudanean pena ematen dit. Niretako makinakoak penagarriak dira. Zer esango dizut, ez zaizkit batere gustatzen. Pentsatzen dut: “ño, ni goien banio…”. Arruazun beste norbaitek nire tokia ez hartzeak pena ematen dit, baina hori da dagoena. 

Zenbat oroigarri jaso dituzun, herritarren eta ezkilazainen eskutik.
Bai, oso politak dira guztiak. Oso eskertuta nago. 

Historia
Tomas Ganboa 18 urterekin hasi zen ezkilak jotzen. “Arruazuko sakristaua eta ezkila jotzailea, Tximooneko Pedro Arratibel, Iruñera joan zen bizitzera eta hark aita animatu zuen sakristau jartzeko. Aitak ardura hartu, eta ni ezkilak jotzen hasi nintzen. Bakarrik hasi nintzen, ez nuen irakaslerik izan. Probak egin eta aurrera” azaldu zion Ganboak Guaixeri. 

Tomasek soka sistemaren bidez jotzen ditu ezkilak, ez du mihiari helduta jotzen. Pedro Arratibelek ere horrela egiten omen zuen. “Erosoago iruditzen zait, eta soinu konbinazioak egiteko hobea da. Sistema honekin aprobetxatzen dut mihia gora mugitu eta ezkilaren goialdean jotzeko, eta baita mihia behera mugitu eta ezkilaren behealdean jotzeko ere. Horrela, soinu ezberdinak ateratzen ditut. Izan ere, mihiari helduta, pultsuan jotzen denean, erritmoa bera baita: tin-tan, tin-tan… Baina sokekin askoz ere soinu gehiago sortzen dira” aipatu zuen Tomasek. “Soka sistemarekin jotzeko, sokak ongi jartzen jakitea ezinbestekoa da, soka milimetrora tenkatzea, neurrian, eta indarra baino gehiago, teknika kontua da” gaineratu zuen Tomasek. “Soka sistemaren bidez jotzea kosta egiten da, baina soinu konbinazio ederrak lortzen dira. Jotzen ditudan errepiken konbinazioak eta erritmoak %80 nik sortutakoak dira eta gainontzekoak, entzunez edo belarriz ikasiak” adierazi zuen. 

Ezkila bakoitza mundu bat dela aipatu zuen ezkila jotzaileak, eta ezkila dorreak ere eragina duela. “Arruazukoak onak dira jotzeko, doinua fina da” nabarmendu zuen. 1967an Ihabarren Ezkila Jotze Txapelketa Nazionala egin zuten, hara aurkeztera animatu zen, eta baita irabazi ere. Urte batzuk geroago Arruazuko Iturgain elkartea Arruazun ezkila jotze txapelketa antolatzen hasi zen. “10 urte inguru egin ziren. Ia urtero nik irabazten nuen. Jendeak esaten zidan, txantxan, herritarra nintzela, eta, horregatik, penalizazioren bat jarri beharko lidaketela” gogoratu zuen, irribarrez. Horretaz gain, Huitzin eta Lekunberrin irabazi zuen, epaimahaietan ere aritu da, eta makina bat erakustaldi egin izan ditu, Lekunberrin, Iurretan, Elizondon, Amurrion, Zegaman… Iruñeko katedralean ere egon izan da jotzen. “ Maria ezkila ez. Izugarrizko mihi handia du  eta ezin da jo. Beste ezkila dorrean beste lau ezkila daude, Gabriela izenekoa eta beste. Arotz batek soka sistema prestatu zidan eta nahiko ongi jo nuen” gogoratu zuen. 

Pena du Arruazun ez duelako erreleborik, baina agian, norbait, animatu daiteke. Nork daki?