Merkaturatzeko zirkuitu laburren aurkezpena

Guaixe 2024ko uzt. 4a, 11:00

Nafarroako Gobernuko ordezkariek zigilu berriak aurkeztu zituzten. SGA

Nafarroako Gobernuak lehen sektoreko produktuen zuzeneko eta hurbileko salmenta ikustarazteko balioko duten zigilu berriak aurkeztu zituen Arruazun. Ibarrean helburu bera duen 'Dastatu Sakana' marka dago. Sakanako Garapen Agentziak zer egin aztertuko du.

Nekazaritzako Elikagaiak Merkaturatzeko Kanal Laburrei buruzko Foru Legeko neurrietako bat da nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi bati lotutako produktuen zuzeneko eta hurbileko salmenta ikusaraztea. Horretarako, foru administrazioak bi zigilu sortu ditu. Horiekin bi helburu bete nahi ditu: produktuen jatorriari buruz kontsumitzaileak egiten duen eskaera gero eta handiagoari erantzutea du, eta zirkuitu laburren merkaturatzeari bulkada ematea.

Produktuen zuzeneko salmenta da sortutakoa ekoizleak berak saltzen duenean. Haren logotipoa urdin kolorekoa da. Bestalde, hurbileko salmentan ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean bitartekari bakarra egoten da. Bitartekari hori izan daiteke denda, harategi, jatetxe, jantoki kolektibo edo landetxe bat. Hori koloreko irudi batek identifikatzen du hurbileko merkaturatze hori.

Identifikazio berri horiei esker, azken kontsumitzaileek produktuaren jatorriari eta merkaturatze motari buruzko informazioa jaso dezake. Horretaz aparte, ekoizleek hainbat abantaila izango dituzte merkaturatze kanal laburren erregistroan izena ematen badute. Horrela, logotipoari eta garatzen ari den web orri berri bati esker gehiago ikusarazteaz eta sustatzeaz gain, bi salmenta kanal horiek bulkatzeko laguntzak izango dituzte eta merkaturatzeari buruzko prestakuntza jasoko dute. Bestalde, bai nekazaritza-ustiategiek, bai inskribatutako establezimenduek, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa dute beren produktuak Turismoaren sustapen-ekintzen bidez merkaturatzea sustatzeko, edo Kanal Laburren Foru Legearekin lotutako gaietan solaskide izateko.

Ibarra
Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta eta Belardik, Sakanako ekoizleen elkarteak, ibarrean ekoizpen arduratsua eta tokiko kontsumo eta elikadura bulkatzeko Dastatu Sakana marka sortu zuten 2020ko udaberrian. SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadik azaldu digunez, "gure marka sortu genuenean Foru Legea ez zegoen. Orain merkaturatze bide laburrak arautu dituzte. Horretarako, Sakanako ereduari erreparatu dio gobernuak".

Vianak azaldu duenez, Sakanako eta Nafarroako araudien artean aldeak daude. Batetik, Dastatu Sakana markapean soilik lehen sektoreko profesionalek parte hartu dezakete. Bestetik, abeltzaintza estentsiboan lan egiten dutenak sar daitezke markan. Ekologikoan edo agroekologiako teknikak erabiltzen dituzten nekazariek dute tokia ibarreko izendapenean. Eta, azkenik, ustiategien tamainaren inguruko aldeak daude. Sakanakoan lau nekazaritzako lan unitate onartzen dira gehienez. Nafarroakoan bost, hamar elkarteak badira.

Teknikariak azaldu duenez, "marko berriarekin Dastatu Sakana markarekin zer egin hausnartu beharko dugu. Helburua tokiko aliantzak sustatzea da". Legea Sakanan ezagutarazi nahi zutelako haren aurkezpena antolatu zuten Arruazun asteazkenean. Hartara ekoizlea, dendariak eta ostalaritzako langileak gonbidatu zituzten. "Batetik ekoizleak eta haiek ekoizten dituztenak identifikatu nahi ditugu. Bestetik, ahalik eta denda, harategi eta jatetxe gehien batzea nahi dugu". Vianak nabarmendu duenez, "merkaturatze kanal laburren erregistroan izena ematen duten ekoizleek zenbait abantaila izanen dute: dirulaguntzetarako puntuak jasoko dituzte. Arlo fitosanitarioan erraztasunak eta, azkenik, gobernuak tokiko produktu eta ekoizleen promozioa eginen du aurrerantzean, Reyno Gourmet eta halakoekin egiten duen bezala".