Bakaikuko Udalak herriaren 2025 urte bitarteko beharrei aurre egiteko plana osatu nahi du bakaikuarren laguntzarekin. Horregatik dinamika parte-hartzailea abiarazi du. Lehen urratsa etxeetara inkesta bat banatzea izan zen. Bakaikuarrek hainbat gairen inguruan iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera ematen du inkestak. Haiek aurkezteko epea apirilaren 4ra arte luzatzea erabaki du udalak. Inkestak udaletxeko bulegoan edo postontzian utzi ditzakete bakaikuarrek. Bitartean udala jubilatu elkarteko eta Bakarrekoetxea elkarteko ordezkariekin elkartuko da, beste eragile batzuekin egin duen moduan.
Inkestekin herriaren diagnosia osatu nahi du udalak inkesten emaitza eta bileretako ondorioak elkartuta. Bakaikuko Udalaren asmoa da Aste Santu aurretik batzarra deitzea, inkesten emaitzak erakutsi eta ondorioak ateratzeko. Eta ondorioen arabera lantaldeak sortuko dira, proposamenak eztabaidatu eta eman ditzaten. Lantaldeek proposamen zehatzak adostu ondoren bakaikuar guztiei aurkeztuko dizkiete, azken fasean proposamenak aukeratu eta lehentasunak marka ditzaten. Horretarako beste inkesta bat zabalduko du udalak eta azken erabakiak batzarrean hartuko dute bakaikuarrek.