1.Bakaikoarra zaitugu Lukas, goialdekoa (1929). Akaso horregatik atera zinen korrikalaria?
(Kar kar) Igual! Beti jo dut mendi aldera. Gogoratzen dut 1953. urtean Santa Marinara joan ginela, koadrilakoekin, astoa generamala, bazkaltzera. Gora iritsi eta zartaia eta olioa ahaztu genituela konturatu ginen. Ni herrira jaitsi nintzen, korrika, eta 5 litro olioa zeraman marmita eta zartagina igo nituen. Esan zidaten Elizaldeko Lucasek denbora hartu zidala eta 42 minututan egin nuela jaitsiera eta igoera, marmita zartagina eta guzti. Gustura ibiltzen nintzen mendian. Hemen egiten nituen entrenamenduak. Santa Marinara goraindo, Iturmendiraino, beheko basotik Etxarriko estaziora eta buelta. Baita Bakaikutik Altsasura, handik Uharte Arakileraino, bertan buelta hartu eta etxera. Egunero ibiltzen nintzen korrika. Distantzia luzeak egiten nituen, askotan 20 km eta halakoak. Eta basoan asko ibiltzen nintzenez, abantaila nuen aldapetan eta lokatzetan, hor fuerteena nintzelako.
2.Noiz hasi zinen korrikan?
Bakaikuko Santiagotan karrera egoten zen, hemendik Iturmendiraino eta handik hona. Anaia Guillermorekin eta beste 4 mutikorekin lehiatu nintzen. Irabazleak 5 duro zituen sari. Anaiak esan zidan: “ez eskapo egin eh? Irabazten baduzu ikusiko duzu!”. Utzi egin nintzen, anaiak irabaz zezan, eta bigarrena sartu nintzen. Holaxe hasi nintzen. Olaztin lanean nenbilen, harrobietan, eta korrika egin behar nuela esaten zidaten. 1950.ean Bar Koxkoko Angelek Altsasuko festetako karrera batean apuntatu ninduen. Candi Arnanz, bere lagunak eta beste korrikan ibiltzen ziren. Patxi Irizar eskapatu zitzaidan karrera hartan.
3.Eta orduan taldea sortu zenuten?
Bai, norbaitek proposatu zuen ea talderen bat egingo ote genuen. Club Deportivo Alsasuako taldea ginen. Baina Altsasuko idazkariak esan zigun Gipuzkoara joateko, bertan federatzera. Izan ere, Nafarroan ez zegoen federaziorik. Horrela, Gipuzkoara joan ginen Candi Arnanz eta biok, Donostiako El circuito de los Puentes lasterketara. Lasterketan geundela entzun nuen: “ezezagun bat dator lehen postuan…” eta nik pentsatu nuen “ez dit inork aurreratu ba…”. Nitaz ari ziren! (kar kar). Gipuzkoako Federazioan hasi ginen.
4.Lasterketa askotan aritzen zineten?
Gipuzkoan Candidorekin eta ibili nintzen korrikan. Eta hemen festetako karrera guztietan. Militarrek eta Frente de Juventudesek karrerak antolatzen zituzten. Horietako batera joan ginenean, Altsasun, batek galdetu zidan ea zer jaten nuen. “Alobi gorriak eta urdaia, txuletetarako ez dugu” erantzun nion. Harrituta geratu zen. Esan ziguten Villagarcia de Arousan lasterketa bat zegoela eta ea joan nahi genuen. Altsasuko idazkariak esan zigun berak bidaia ordainduko zigula eta gero egingo genituela kontuak. Eta Frente de Juventudesera joan ginen apuntatzera.. De la Quadra Salcedo ere joan zen Villagarcia de Arousara. Club Deportivo Tolosakoa zen, baina askotan ibiltzen ginen entrenatzen. Karreran Candik esan zidan aurrera egiteko, bera nahiko justo zegoela. Aurrera egin eta lasterketa irabazi nuen.
5. Hasieratik aurrean ibiltzen zinen...
Gipuzkoan esaten zidaten: badue napar ostiyoi! Gipuzkoan asko maite ninduten. Asko korritu dut bertan. Hemen apenas zeuden karrerarik. Bakarrik Zintruenigon, Altsasun... hemen ez zegoen federazioa. Txikito de Arruiz eta apustutan ibiltzen ziren, plazatan. Baina guk debekatuta genuen apustutan ibiltzea, bestela federaziotik kanpo geratuko ginen. Behin, Zintronigoko futbol zelaia mustu behar zutela, talde bat joan ginen hemendik. Batek harriak jaso, besteak enborrak erdibitu eta ni korrika egitera. Goizean 5.000 metroko karrera eta arratsaldean 10.000 metrokoa. Eta biak egin nituen. Ni gustura beti korrikan. Hemengo herri txikitan festetan egoten ziren lasterketak. Batzuk koxkolak biltzen eta ni korrikan. Horrela ibiltzen ginen.
Madrilgo Casa Campon, Bartzelonan ere ibili ginen. Entrenadorea Donostian genuen, eta berak esaten zigun zenbat entrenatu eta ze karreretan aritu behar genuen. Egunero 6-8 km entrenatzeko esaten zigun, baina nik, gogoak banituen, gehiago entrenatzen nuen.
Lasterketa askotan aritu nintzen. Elgoibarren lautan irabazi nuen Mugerza Memoriala, Uliako Gimnastika hirutan, 1957an Gipuzkoako txapelduna izan nintzen Tolosan. 17 lasterketa segituan irabazi nituen, baita Trofeo Muñoz… Eta Nafarroako txapelduna lautan izan nintzen, 3 krosean eta bat 5.000 metrotan.
6.Soldaduska berezia izan zenuen…
Bai, soldaduskarekin zorte handia izan nuen. Sargento bat etorri zitzaidan, Burgosekoa, eta nik korrikan jarraitzeko bide guztiak ireki zizkidaten. Espainiako taldean klasifikatuta nengoen Nazioarteko Krosean lehiatzeko, Suitzan. Araudiaren arabera gazteegia nintzen bertan aritzeko, baina araudia moldatu zuten. Eta hara joan nintzen, Waregemera. 15 km-ko lasterketan aritu nintzen, ongi, Zátopek handiarekin. Hura zen bitxua, hura! Handik bueltan, etxera joan eta atzera deitu zidaten, Espainiako Txapelketan, Campeonato Militarrean aritzeko. Soldadu nintzenez, militar bezala korritzen nuen. Eta horrela. Nik korrika pasatu nuen soldadutza. Militar jantzirik gabe. Jura de bandera egiteko kapitainaren asistentearen trajea jarri behar izan nuen! Hori bai, soldadu nintzela lortutako kopa guztiak han gelditu ziren!
7.Zein ziren garaiko korrikalariak?
Sergio Bueno, Amoros, Castro Rubial, Hurtado, Garcia, Bidegi, Irizar, Jose Castro Rubial… Niri atzerrikoak gustatzen zitzaizkidan: Zátopek, Fred eta Clay Norris…
8.Hirutan aritu zinen Nazioarteko Krosean edo Munduko Kros Txapelketan, ezta?
Bai, hiru aldiz internazionala izan nintzen, 1955tik 1957ra, Donostian, Belfasten eta Waregemen jokatutako Nazioarteko Krosetan. Donostiakoan 44.a sailkatu nintzen eta taldekako brontzezko domina jaso nuen. Belfasten konturatu nintzen oinetakoei tira batzuk jartzen zizkiotela, takoak. Eta esan nien Huartadori eta Rojori: ikusi duzue hori? Ez irristatzeko jartzen dizkiote tira horiek. Eta Altsasuko zapatariari esan nion ezpartinei halako tira edo tako horiek jartzeko. Hortik aurrera jende askok eskari hori egin ziola esan zidan, ez irristatzeko.
Ahal genuen bezala ibiltzen ginen, ezpartinekin. Behin, Altsasuko lasterketa batean ezpartinak atera eta elur gainean hankutsik aritu behar izan nuen. Beste garai batzuk ziren. Karreretara joateko Bakaikutik Altsasura oinez joaten nintzen, Altsasun trena hartu eta Donostira. Eta bueltatzen nintzenean, arratsaldean, Serapio anaiarekin bikotea ginen pilotaka jokatzeko. Bera aurrelaria eta ni atzelaria. Sarritan Gipuzkoatik koparekin etorri, Olaztiko frontoira oinez joan eta anaiarekin pilotaka aritzera. Eta han ere irabazi. Atzelaria nintzen ni.
9.Gogokoen duzun lasterketarik?
Igual Elgoibarrekoa, Mugerza Memoriala. 14 km, herritik fabrikara eta buelta. Lokatzez beteta bukatzen genuen eta dutxak ez zeudenez errekara sartu behar izan gara batean baino gehiagotan, garbitzeko. “Hotzez hilko dira!” zioen jendeak, baina entrenatzaileak erantzuten zien: “lasai, hauek ez dira hilko, odola oso beroa dute!”. Beste garai batzuk ziren.
10.Denbora asko eman duzu korrikan?
10 urte eman nituen korrika. Orduan 58 kilo neuzkan. Gustura ibiltzen nintzen. 1957an utzi nuen. Legazpin lan egiten nuen, Patricio Etxeberriarendako. Real Sociedad San Sebastian taldeko bazkidea zen nagusia, eta han ere sartu ninduen. Ezkondu egin nintzen, uhartear batekin, eta, azkenean, lasterketak utzi nituen. Korrika egiteari utzi nion baina mendira joaten hasi nintzen. Egun ere paseoan ibiltzen naiz, beti bueltaka. Korrika ibili nintzen urteetan ez nuen inoiz lesiorik izan, ezta erorketarik ere. Suertea izan dut. Korrika egitea gustatzen zitzaidan, niretako salbazioa zen. Eta jendearen animoa jasotzea ederra zen. Korrikalariek ikusleak behar dituzte.
Lasterketak ikustera joaten naiz. Korrikalari beltzak gustatzen zaizkit. Horiek bai dutela sasoia. Egungo karrerak diferenteak dira. Adibidez, Behobia-Donostia hasieran ez zen herri lasterketa. Erreleboka jokatzen zen, gipuzkoarrak iparraldekoen kontra. Gipuzkoako taldean Bidegi, Agirre, Irizar eta ni aritzen ginen. Herreratik Donostiara aldapa dagoenez, niri tarte hori gustatzen zitzaidan eta beti errelebo hori hartzen nuen. Gipuzkoarrek beti irabazten genien Iparraldekoei.
Guk entrenatzen genituen kilometroak gaur egun maratoiak prestatzeko entrenatzen dira. Neurririk gabe entrenatzen genuen, kilometro pila. Mendira joan eta lauzpabost ordu korrikan. Eta gustura.
11. Bakaikun jasotako omenaldia zer iruditu zaizu?
Oso kontentu nago omenaldiarekin. Orain dela 5 urte Bakaikuko festetan ere omenaldia egin zidaten, Jose Manuel Etxeberria alkate zela. Eta orain, lasterketan egin didatenarekin eta erakusketarekin ere oso pozik nago.