Eguraldia lagun eta giro bikainean burutu da gaurko Bakaikuko herri galdeketa. Antolatzaileak poz pozik zeuden eta bazkaldu baino lehen erroldako %55ak eman du boza. Azpimarratzekoa da Bakaikuko orain arteko alkateek elkarrekin eman dutela boza. Guztia behar bezala gauzatzen dela ziurtatzeko, begirale taldea izan dute antolatzaileek alboan.
"Gaur txikitik hitz egitea tokatzen zaigu. Baina konplexurik gabe diogu gaur handia egiten ari garela. Bakaikun eta Diman gaur erabakitzen ari gara normaltasun osoz" adierazi dute eguerdiko ekitaldi nagusian Gure Haitz taldeko Ernesto Leitzak eta Txaro Ondarrak. "Guk gure alea jarri dugu herri honen erabakitzeko eskubidearen ibilbidean. Tantaz tanta, botoz boto, erabakiko baitugu herri honen etorkizuna eta norabide horretan lanean jarraituko dugu" gaineratu dute. Dimakoekin zuzeneko konexioa egin eta gero, datorren urtean erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko duten makina bat herrietako ordezkariak hartu dituzte, Sakanakoak tartean. Izan ere, Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun, Altsasun, Olaztin eta Ziordian, tartean, erabakitzearen inguruko kontsultak burutzeko asmoa dago 2017an.
Gure Esku Dago doinuari jarraiki dantza bikaina eskaini dute dantzariek, eta bakaikuarrak herriko zortzikoa dantzatzera animatu dira. Baina aurretik zertaz gozatu egon da Bakaikun. Txikiendako puzgarriak, azoka, Lakuntzako erraldoiak, dantzariak... eta baita Zubiondoko kantu taldea ere. Herri bazkarian ehundik gora pertsona bildu dira eta Edor akordeoilariaren doinuei esker giroa bero bero mantenduko da.
Arratsaldeko zortzi t´erdietan emango dituzte galdeketako emaitzak.