“Sortzeak pertsona hobeak egiten gaitu”

Guaixe 2017ko ira. 29a, 14:42

Jose Ramon Anda bisitariei tailerraren sarreran azalpenak ematen.

Jose Ramon Andak esan zuen hori joan den larunbatean, bere tailerra bisitatu zuten 25 pertsonen aurrean. Segidan datorrenak eskultorearen bisita gidatuaren laburpen bat izan nahi du.

Altzutzako Oteiza Museoan Jose Ramon Andaren Kausa formala eta materia erakusketa igandera arte dago ikusgai. Erakusketa horren osagarri bakaikuarraren tailerrera antolatutako bisita gidatua izan zen larunbatean. Andaren tailerreko makina, eskultura eta altzariak pertsonaz inguraturik gelditu ziren hiru orduz. Pieza batek batzuetan, bisitarien galderak besteetan, Andari bere sortze unibertsoa eta bere erroak azaltzeko aukera eman zioten. Museoko erakusketako eta tailerreko piezen arteko paralelismoak azaldu ditu.

Esan duenez, “orain hain bista ona ez dudanez, goizter jaikitzen naiz. Egun-argiaren parekorik ez dago. Eguzki argia gehiago baliatzen saiatzen naiz”. Argi handia sartzen den tokian lan egiten duela azaldu du, eta bere lan jarduna “errutina hutsa da. Lanzalea naiz. Ordu asko sartu behar ditut zerbait ateratzeko. Kontzentratuta egon eta ordu ugari sartu. Batzuetan neure buruarekin haserretzen naiz: nola da posible gauzatxo hau egiteko hainbeste denbora behar izatea. Eta lanean ez naiz motela. Baina zorrotza eta autokritikoa naiz. Egiten noa. Lanak eskatzen dit. Bukatua dagoela iruditzen ez zaidan arte, hor segitzen dut. Autodiziplina dut horretan, besteetan ez naiz batere diziplinatua”.

Sortzeaz Eduardo Chillidak elkarrizketa batean emandako erantzuna iltzatuta gelditu zitzaion Andari eta, gutxi gorabehera, gogorarazi du: “sortzearena pertsonak gainditu egiten gaitu”. Zer pentsatua eman zion horrek Andari. “Sortzaile terminoa arinkeriaz erabiltzen da. Sortu, sortu… Artista handiak daude. Baina ezerezetik inork ez du ezer egiten. Historiak, onerako edo okerrerako, pisua du”.



Aurre lanketaren garrantzia
Bozeto txikiz betetako baldak ditu. “Zerbait egiten hasten naizenerako zirriborro asko egin behar ditut”. Baina bozeto horiek guztiak ez dira eskultura bilakatzen: “buruan dudan ideiaren eta egiten noan zirriborroen arteko akordioa izan behar du. Arraroa da ideia aurrenekoan sortzea”. Buruko zirrimarrak bozeto bihurtzen ahalegintzen da, beraz, sortzaile bakaikuarra, “egin eta egin, eskultura egitea erabaki arte”.

“Eskulturaren zailtasun handienetako bat da ikuspuntu guztietatik ikusi ahal izatea eta guztiak funtzionatzea, zerbait arraroa ez ikustea. Hori izugarri zaila da”. Horregatik, Andak eskulturan laguntzeko apenas egiten duen marrazkirik; “asko egin behar dira buruan duzun ideia hori lortzeko”. Piezak nola muntatu zehazteko bai egiten dituela marrazkiak. “Eskuan kabitzen den hemengo zirriborroetako edozein ikuspuntu guztietatik ikus dezakezu”. Eta Jorge Oteiza ekarri du gogora: “ideiarik onena esku-ahurrean kabitzen da”.

“Buztina nahieran moldatzen duzu, baina zurezko edo harrizko pieza bat hartzen duzunean... Urteetako zuhaitz batekin, ni ez noa artista moduan, ea zer bururatzen zaidan. Naturari hainbeste egitea kosta zaion horri ahalik eta probetxu handiena atera nahi diot. Baina materialari errespetua diot. Bultzada horrekin banoa, nire kasuan, oso zaila zait buruan dudan ideia zehatza egitea. Horregatik egiten ditut hainbeste zirriborro”. Ezertarako balio ez duela dirudi, baina ikuspegi zabalagoa emateko balio diote zirriborroek.



Jatorrian zena eta dena
Oteiza museoko areto batean organikoaren eta geometrikoaren arteko pieza sail bat dago. “Halakoak lehen enbor handietan egiten genituen. Kolaboratzaileak nituen. Berriro izan ahal ditudanean…  Enbor hori zain dago. Printzipioz, ideia badut. Baina ziur moldatzen joanen nintzatekeela”. Izan ere, Andak “barruan dagoen eskultura ikusi beharra” duela azaldu du bisitari baten galderari erantzunez. “Batzuetan denbora pasatzen da; besteetan, berehala ikusten duzu”.

Eta azaldu du: “enbor handi batekin egin genuen aurreneko eskultura udalak emandako sutarako egur loteko enbor batetik sortu zen. Laguntzaile bat motozerrarekin egurra egiten ari zela, bat-batean iradokizuna: handik zerbait atera nezakeen. Gelditu eta egurra egiten segitzeko eskatu nion”. Ondoren enborretatik sortutako eskultura gehiago etorri ziren. “Ordura arteko eskulturen prozesua askoz ere arrazionalagoa zen. Beti buztinezko, kartoizko, alanbre edo dena delakoarekin bozetoak egiten nituen eta gero horri egokitzen zitzaion egur zatiaren bila joaten nintzen. Baina abiapuntua elementu organiko bat bada, prozesua desberdina da. Enborrak ematen dizun iradokizuna da gehiago”.

Gauza bereziak egiteko jendearen laguntza behar izaten duela azaldu du. “Zuk ezin diozu guztiari irtenbidea aurkitu. Pluralean hitz egiten dut jende hori kontuan hartzen dudalako. Bestela, buruan ditudan ideia batzuk ezin izanen nituzke egin; halako erreminta behar dudalako, edo enborrari bakarrik ezin izanen niolako ekin. Ahalko nuke baina… ”.

Enbor handi batekin egindako azken eskultura, Sartu ahal baduzu, Bilboko Arte Ederretako Museoari utzia du. “Duela bost urte han erakusketa egin nuen eta hemen toki handia hartzen zuen. Museokoek han uzteko proposatu zidaten. Bada, eskultura horren barruan hiruzpalau pertsona sartzen dira. Sarrera estua du. “Hasieratik, enbor barruan sartzeko eskultura bat egin asmo nuen. Izan ere, txikitan, lagunekin basoan jolasten, enbor baten barruan egon izanaren oroitzapena dut. Betirako gelditu zaidan oroitzapena da”. Azaldu duenez, “bizitzan gorabehera handiak izandako zuhaitz baten enborra zen”. Edozein formako zur piezetatik abiatzean “hor ez dago sorpresa handirik. Ikusten duzu. Baina enborra askoz ere konplexuagoa da. Azala, huntza… imajinatzen duzu, baina…”.



Materialez, formaz
Haritzak ematen du inguruan halako enborrak eta, horregatik, aritu da harekin. Haritzarekin luze lan egin duela azaldu du. “Tamaina handiko piezak ez direnean, haritza zoragarria da”. Pieza handiak egitea “erokeria” dela azaldu du. Ikusgai dagoen eskultura batez, “beste batzuk bezala, gehiago kostatu da zaharberritzea, muntatzea, eustea. Erreparatuz gero, zirrikituak egurrez zaharberrituta daudela ohartuko zarete”. Enbor handi batetik ateratako pieza baten kasuaz ari da azalpenak ematen. Eta ez zartatzeko altzairuzko bi pletina sartuak dituela argitu du.

Bisitari batek berea lana “beroagoa, gizatiarragoa, gertuagokoa, halako formak… Oteiza batzuetan ertz askokoa da”. Ulertzen zuela bakaikuarrak, “baina ertz askoko obra horiek ni hunkitu egiten naute. Itzelak dira. Hain dira oroitarazleak. Hain gutxirekin hainbeste esateko gai da. Ezagunak zaizkit eta asko esaten segitzen didate. Gertatzen dena da burdina, edo egurra, eta geometria hutsa eta beste, irakurketa eskasa izan dezakeela. Eta egurra beroa, goxoagoa den ideia dugunez…  Nik batzuetan erradikalki geometrikoak diren gauzak egiten ditut. Baina kurbetara gehiago jotzen dut. Kurbak tratatzea, kudeatzea oso zaila da; zerbait ongi ez dagoenean nabarmen gelditzen da”.

“Hain edertasun aparta batzuetan nik egiten dudan eskultura motarekin talka egiten duela. Intxaurrondoa da. Egur aberatsa, zain ederrekoa. Hurbiltzen bazara zura dela ikusten duzu. Nik lausoduraz hain presente dagoen material horri protagonismoa kentzen diot”. Duela 10-12 urteko eskultura batera hurbildu da: “ikus dezakezue emandako koloreko lausoduraren arrastoak dituela. Gustatu ez zaidanez, orain kentzen ari naiz. Egiten konplexua izan den eskultura da, inportantea da, eta ez nago guztiz pozik. Orain nola bukatu zalantza dut”.



Mahaiarena
Tailerrean berak egindako altzaria dago. “Oholak okertu alboratu egiten dira. Desastre bat da. Zurezko pieza txikiek ez dute hainbeste arazo ematen. Baina, jakina, enbor handiekin eskulturak egiten ditugunean, zain honek zuhaitz handia zela ikustarazi behar dizu”. Ikusleak irudikatu behar du zuhaitz hura. Ohol hau, zerratu zenetik orain lehor dagoela, 7-8 cm-ko urritzea izan du. Urteetako prozesua da. “Bermearekin lan egiteko hodi hauek sartu behar dizkiozu, zura egonkortu dadin. Oholaren eta oinarriaren arteko lotura hauek bermez egin behar dituzu. Ongi egin dezakezu, baina ohola ez badago egonkortuta, lan guztia pikutara. Hau mugituko litzateke… ” Zuraren begiak “beti izorratzen ari dira. Hura kendu eta boligrafoendako eta ezpelaz egindako kutxa izanen du”.



Nondik datorren
Eta bere jatorriaz hitz egiteko aukera izan zuen. Biografia batetik: “Aita ebanista zen. Garai haietarako bera Bakaikutik 16 urterekin atera zen, gaztelaniaz lau hitz jakinda. Bilbon, Donostian eta Iruñean egon zen. Baina gero Bartzelonara joan zen. 1929ko nazioarteko erakusketaren ondoren izan zen krisi handiagatik eta ondorengo gerragatik ez balitz, gu kataluniarrak izanen ginateke. Aita Kataluniaren aldeko kartsua zen. Ama bertakoa zen, baina donostiarragoa. Aitak Bartzelonatik etorri behar izan zuen”. Esan zuenez, “aita oso argia zen. Bartzelonatik tailerra muntatzera etorri zenean arrabotatzeko makina erosteko aukera izan zuen. Baina hemen dagoen makina hau berak egin zuen. Nik harekin lanean segitzen dut”.

Bost anaietatik txikiena, “txikitatik aitak egiten zituen altzariak ikusi ditut: errenazimendukoak, Luis XV.a… eskatzen ziotena egiten zuen. Horrek liluratzen ninduen, baina nik eskultura egin nahi nuen”. Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadan “aitari tailerra ez zitzaion batere gustatzen. Landa-altzarien bolada izan zen; altzari pseudo-euskaldunen edo pseudo-gaztelarren erreprodukzioak. Ebanisteria fin hura pikutara joan zen. Noizean behin nire aitari gustatzen zitzaion mailako lana egiten zen, baina bizi behar zenez, boladan zegoena egiten zuen”.

Gero bere artearekiko kezkaz ere jardun zen Anda: “giro horretan hazi nintzen. Nik eskultura egin nahi nuen. Madrila joan nintzen. Aitaren lagun bat arte ederrak ikasi behar nituela esaka zegoen. Nik izan ditut ikaskideak oztopoak oztopo arte ederrak ikasi zutenak, familian ez zuten begiko. Eta egin zuten, tematu zirelako. Aitarendako ez zen tontakeria bat”.



Andaren aitorpena: “alde horretatik zortekoa izan naiz. Arte ederrak egin aurretik figuraziozko gauzak egiten hasi nintzen. Gauza batzuei ezin nien irtenbidea opatu eta aita saltsa ederretan sartzen nuen: aizu ebanista naizela, ez eskultorea esaten zuen. Baina Bartzelonak eskultoreak lanean ikusi zituenez, prozesutik, teknikatik zerbait bazekien”.

“Arte ederrak ikasi eta gero abstrakzioan sartzen hasi nintzen. Pieza geometrikoekin, batzuetan makinarekin, zerrarekin mozketa egin behar duzu, eta badu bere arriskua, bera gidatzen nuen. Onartzen joan zen. Ez genuen sekula hitz egin. Baina ziurrenik gehiago gustatuko zitzaion Madrila joan aurretik egiten nuena ondorengo gauza abstraktuak baino. Baina zailtasun teknikoak eta beste zituela ikusten zuenez… Gainera, partaide zen: ea nola egiten dugun mozketa hau, ea…” Bakaikuarrak dioenez, “zurarekin lan egin duen guztiak du kontu hori: kasu bakoitzean ahalik eta gehiena aprobetxatzea” Aitarengandik ikasi zuen hori, egur mozketak jasotzen, gerora erabiltzeko.

Aitarengana buelta: “artista handia izanen zen. Baina harendako artearena gauza jasoagoa zen. Marrazteko, tailatzeko erraztasun handia zuen. Buru-argia zen”. Anekdota: “Italiatik etorri ondoren egindako beso hori familiaren tailerrean egin nuen. Egin ondoren ohol batzuk jarri nituen, ikus ez zedin. 70eko hamarkada zen”.