Bakaikuko Udalak herriaren etorkizuna irudikatu eta oinarri nagusiak jartzeko prozesua abiatu zuen joan den urteko otsailean. Helburua 2027ko Bakaiku definitzea zen eta horretarako bakaikuarren "iritziak jaso eta haiekin ibilbidea" egiteko asmoa zuen udalak. Baina udal ordezkariek beraiek lana egiteko "zailtasunak" opatu zituzten. "Pausoak ezin aurrera egin" gelditu zirela azaldu digu Aner Galartza zinegotziak.
Lana behar bezala egiteko enpresa bat kontratatzea erabaki zuten, horretarako Nafarroako Gobernuaren 5.400 euroko diru-laguntza baliatuz. Sakanako Garapen Agentziaren aholkuak eta laguntza jaso zituen udalak. Emun kooperatiba ari da irailetik egitasmoan lanean. "Bakaikuren etorkizunaz hausnartzeko eta iparra irudikatzeko" parte-hartze egitasmoa martxan jarri du. Zinegotziak azaldu digunez, elkarrizketa eta bilera dinamika lantzen ari dira.
Galartzak azaldu duenez, saio horiek "etorkizunari begira jartzeko egiten dira eta herriak dituen beharrei erantzun behar die". Gakoa bi galderen erantzunetan ikusi dute: norantz joan nahi dugu? Zer-nolako herria nahi dugu etorkizunean?
Martxan jarriko den dinamikaren bidez Bakaikuko errealitatea herritar guztiekin aztertu nahi dute, "hainbat ertz eta ikuspegietatik". Eta orain jubilatuekin elkartu nahi dute, haien "testigantzetatik asko ikasi" dezaketela uste dutelako eta haien "esperientziatik ekarpen asko egin" ditzaketelako. Horregatik, 65 urtetik gorako bakaikuar guztiei zuzendutako saioa eginen da astelehenean, 16:00etan, auzo gelan.