Joan den urtean hasitako ibilbidea larunbatean despeditu zuten bakaikuarrek 2018-2028 Bakaikuko Plan Estrategikoa aurkezpenarekin. Egoitz Urritza alkateak azaldu digunez, prozesua gidatu zuen Emun kooperatibaren aurkezpenean 40 bat bakaikuar izan ziren. Prozesua laburbiltzearekin batera, ondorioen berri eman zuen Emun-eko kideak. Aner Galartza zinegotziak gaineratu duenez, larunbatean “lehentasunak zeintzuk diren eta zeri ekinen diogun, nola antolatuko garen. Horretaz aritu ginen”.
Galartzak azaldu digunez, “herritarrek hala aukeratuta, eskola zaharra haren egoera dela eta horri irten bide bat ematea, alternatiba bat ematea etxebizitzaren gaiari eta herrian dauden beharrei eta, azkenik, auzolana”. Zinegotziak argitu duenez, “diagnosian agertu da etxe huts dexente daudela, nahikoa zaharrak. Eta, gero, herriko gazteak etxetik ateratzean eta beren proiektua abiatzerakoan zailtasunak daudela. Gai horri behar bezala heltzea dagokigu”. Eskola zaharrez galdetuta, Urritzak azaldu digu eraikin handia dela eta “urte luzez pixka bat utzita egon da. Ez da mantentze lanik egin. Egia esan, oso egoera txarrean dago. Bestetik, gimnasia, zumba eta besteak udaletxean egiten dira, baina ez da leku aproposena. Erabilera anitzeko lokal bat falta da”. Egoitzarako ideia falta ez dute bakaikuarrek: haurrendako eta adinduendako gelak… “Horri buelta handi bat eman beharko diogu”.
Badaude beste gai batzuk, garrantzitsuak direnak, baina aukeratzeko orduan babes gutxiago izan zutenak”. Azken horien artean daude, besteak beste, kultura eta aisia, arkitektura-oztopoak, zerbitzuak, lehen sektorea…
Bakaikuarrak Emun-eko teknikariaren azalpenak entzuten. Argazkiak: @Bakaiku_info.
Egutegia eta ardura
Alkateak azaldu duenez, inauteriak, Aste Santua, hauteskundeak eta udal aldaketa datozela jakinik, aurreneko lehentasuna ez bada ere, auzolanarekin hasiko dira. “Nola izan behar duen, eztabaida abiatu, proposamena sortu…” Otsailetik garilera arte ariko dira horretan, azken erabakia hartu arte. “Eta erabaki genuen irailetik aurrera etxebizitza eta eskola zaharrari alternatiba bilatzen hastea. Bi gai horiek sakonagoak dira, lan gehiago dute. Luze emanen du”.
Galartzak azaldu digunez, “udalak plan estrategikoa osatzeko prozesua martxan jarri zuen. Baina ikusita herrian zein interesa sortu duen, jendearen ekarpenarekin eta lan honekin segitzeko, ahalik eta zabalena izateko, larunbatean plan estrategikoaren jarraipen batzordea egitea proposatu genuen. Herritarrek eta udaleko ordezkariek osatu dugu”. Bere lana plana gauzatzeko segimendua egitea da. Batzuek larunbatean eman zuten izena, baina parte-hartzeko deialdi irekia egin da. Galartzak: “jende dexentek eman du izena. Pozik gaude horrekin ere”. Jarraipen batzordeak aurreneko bilera gaur du, 19:00etan, udaletxean. “Orain dator lan politena, eta zailena”.
Prozesua
Bakaikuko Plan Estrategikoa egiteko prozesua laburtu digu Urritzak. Lehenik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso zuten. Prozesua dinamizatzeko ardura Emun-i eman zion udalak. Diagnostikoa egiteko hiru bakaikuar elkarrizketatu zituzten. Jubilatuekin ere saio bat egin zuten eta, azkenik, bakaikuar guztiei irekiak ziren hiru saio egin ziren. Zer Bakaiku nahi duzun, zein behar dauden eta zer egin daitekeen galderei erantzuna eman zieten bakaikuarrek. Bukatzeko, ondorioak eta balorazioa.
Udalean “oso balorazio ona” egin dutela esan digu alkateak. “Jende pila bat gerturatu da, 340 biztanletik 80-90 pertsona, askotarikoa, adinari, sexuari eta hizkuntzari dagokienez. Kopuru aldetik pozik gaude. Baina jendearen jarrera, ekarpena, gogoa, ilusioa… Bileretan egon diren pertsonen artean ahalmena dagoela ikusi da. Gu oso pozik eta herriari oso eskertuta gaude”.
Urritzak gaineratu du “oso aberasgarria” dela: “herri bakoitzak bere etorkizuna pentsatu eta egin behar du”. Egindako prozesua nahiago du udala osatzen duten pertsonek “borobil itxian” hartutako erabakiekin baino. Beste herrietara esportagarria den galdetuta, “herri bakoitzak bere ezaugarriak eta errealitateak” dituela esan du Galartzak. “Jendea halakoak egitera animatzen dugu”. Sakanako Garapen Agentziaren laguntza ere izan dutela argitu dute.