Auzolana zehazteko hiru lantalde lanean

Guaixe 2019ko ots. 15a, 13:09
Plan estrategikoaren jarraipen batzordea ostiralean elkartu zen estreinakoz. Argazkiak: @Bakaiku_INFO

Gaur, 19:00etan, udaletxean elkartuko dira. Bilera irekiak dira.

Bakaikuko Plan Estrategikoa egin ondoren, joan den ostiralean haren jarraipen batzordea eratu zen. Plan Estrategikoari jarraituz lehentasunezko gai bati heldu zioten: auzolana. 17 bakaikuar elkartu ziren eta erabaki zuten hiru gairen inguruko lantalde bana sortzea. Batek auzolanari buruzko gakoak identifikatuko ditu, zertaz ariko diren argi izateko. Beste lantalde batek auzolanean zein lan egin daitezkeen identifikatuko ditu. Azkenak, berriz, beste herrietako ordenantzak aztertuko ditu eta irakaspenak ateratzeko.

Lantaldeak gaur, 19:00etan, udaletxean bilduko dira. Bakaikuko Udalak gogorarazi du bilera irekiak direla eta edozeinek parte har dezakeela. Auzolana nola eginen den festetarako zehaztuta izan nahi dute. Eta irailetik aurrera Bakaikuko Plan Estrategikoko beste bi lehentasunei helduko diete: etxebizitza eta eskola zaharren eraikina. Biei alternatibak bilatzen hasiko dira bakaikuarrak.