Maiatza, sua eta jana

Guaixe 2019ko eka. 21a, 11:10
Bakaikuarrak maiatza jasotzeko ahalegin betean. Artxiboa.

Bihar, etzi eta etzidamu bada zerbait.

Udako solstizioarekin batera bakaikuarrek urteko bigarren maiatza jasotzen dute. Maiatzaren 1ean mendian pago enborra zutitu bazuten, bihar, 18:00etan, herrian jasoko dute. Ondoren, auzatea izanen da. Festetaraino zutik izanen da maiatza. San Joan ospakizunak domekan izanen du segida. Bakaikuarrak auzoan izanen den auzatean elkartuko dira, 20:00etan. Akordioilariaren doinuek alaituko dute topaketa. Gaua sartzean gazte asanbladak San Juan plazan sua piztuko du. Herritar gehienak han elkartuko badira ere, Hangoian eta Hanben ere su banaren bueltan elkartuko dira. Nahikoa salto egin ondoren, 23:00etan, Bakarrekoetxea elkarteak txokolate-jana eskainiko du.

Asteleheneko San Joan ospakizunetako protagonistak jubilatuak eta haurrak izanen dira. Txikiendako gaztelu puzgarria izanen da egun guztian eskolako belardian. 13:00etan, berriz, akordeoilariak girotutako auzatea izanen da San Joan plazan. Ondoren, jubilatuen urteroko bazkaria eginen da. Bukatzeko, 17:30ean, haurrei opilak, txokolatea eta goxokiak banatuko zaizkie auzoan.

Erlazionatuak