Auzolan proposamenari baiezkoa eman diote

Guaixe 2019ko uzt. 26a, 14:36
Boto zenbaketa egiten.

Herri galdeketan 155 bakaikuarrek parte hartu zuten (% 52,19). Baiezkoa 96k eman zuten; ezezkoa 57k; boto txuri bat izan zen; eta boto baliogabe bat.

Parte hartze dinamiken bidez udaberrian ondu den auzolanerako proposamenak bakaikuarren oniritzia jaso du. Udalak proposamenaren inguruko herri galdeketa antolatu zuen, eta 155ek eman zuten bere iritzia (35ek aldez aurretiko boto bidez). Emandako botoen % 61,93 proposamena aurrera egitearen aldekoak izan ziren eta botoen % 36,77, kontra. Auzolanaren proposamena onartua izan ondoren, Bakaikuko Udalak hura ezartzeko beharrezko pausoak emanen ditu irailetik aurrera. Proposamena dena auzolan ordenantza bihurtuko da, eta udalbatzak oniritzia eman ondoren jendaurrean egonen da, bakaikuarrek ekarpenak egin ditzaten. Udalaren asmoa da heldu den urtean martxan jartzea.


Ekhi Etxeberria Kaiuela zinegotziak esan digunez, “oso ongi” ikusi dute udalekoek atzoko herri galdeketa. “Jendeari erabakitzeko aukera bat eman zaio, eta jendeak parte hartu du. Udalak hori nahi zuen hasieratik, jendeak bere iritzia ematea”. Bakaikuarren erdia botoa eman zuela eta pozik daude udalean: “emaitza ona da”.  Etxeberriak esan digunez, “herri txikietan baliabide gutxiago ditugu, eta horiekin ez gara nahi dugun lekuraino iristen. Ikusten dugu auzolana beharrezkoa dela eta herriaren aldeko lan bat dela”.



Zinegotziak gogorarazi duenez, herriko plan estrategikoa lantzeko parte hartze prozesuan bakaikuarrek auzolana lehentasunetako bat  zela erabaki zuten; “herriaren etorkizunerako auzolana beharrezkoa dela erabaki zen”. Auzolanaz hitz egiteko herritarren artean beste bi bilera ireki egin ziren. “Handik auzolanaren oinarriak zein izanen ziren atera zen”, igandeko bozketan berretsi dena. Udal ordenantza indarrean sartzen denean, 18 eta 55 urte arteko bakaikuar bakoitzak urtean bost orduko auzolan bat eginen du. “Erabaki zen suabe hastea, batekin, nola doan ikusteko”.

Erlazionatuak

"Auzolana herriaren aldeko lana da"

Beleixe Irratia 2019 uzt 22 Bakaiku