June Kintanak ez du areriorik

Guaixe 2019ko ira. 3a, 15:14

Bakaikuarrak asteburuan jokatutako Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketetan disko jaurtitzaile onena izan da, maila absolutuan lehenengoz urrea lortu eta gero

Asteburuan Alacant atleten topagune izan da. Bertan jokatu dira Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketak, eta Nafarroako atletek lan bikaina egin dute. Inoiz baino hobe aritu ziren eta 6 urre lortu zituzten, horietako 5 Grupompleo Pamplona taldeko atletek lortutakoak. Talde horretako atleta da  June Kintana Larraza bakaikuarra. Kintana emakumezkoen disko txapelketan aritu zen La Nucían eta urrea lortu zuen, merezitakoa. 

June Kintanak disko jaurtiketan Espainiako onena izatea lortu du. Azken urtetan Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketetako podiumera lau aldiz igo zen bakaikuarra, brontzeak edo zilarrak jasotzera, Sabina Asenjo beteranoa bere gainetik baitzegoen. Maila absolutuan Asenjok agintzen zuen, baina aurten ez da aritu. 

Igandean Alacanten jokatutako finalean nagusi izan zen Kintana, eta proba goitik behera kontrolatu zuen. Sei tiraldi egin zituen, horietako bost 51,50 metrotik gora eta bestea baliogabekoa. Azkenean, 54,56 metroko jaurtiketarekin lortu zuen urrea, zilarra lortu zuen Andrea Alarcón atletari 3 metro luze ateraz (48,01 m.). Horrela, June Kintanak Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketako lehen urrea lortu zuen.