June Kintana: "Helburua lortu nuen, lehena izatea, eta oso pozik nago"

Maider Betelu Ganboa 2019ko ira. 6a, 10:41

Aurreko asteburuan Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketak jokatu ziren Alacanten. June Kintana bakaikuarrak txapelketa horretan bere lehendabiziko urrea lortu du eta, egun, Espainiako disko-jaurtitzaile onena da

Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketetan maila absolutuan urrea lortu duzun lehendabiziko aldia izan da hau. Lorpen handia, ezta?
Bai. Lehenengo urrezko domina da Aire Zabaleko Espainiako Txapelketan maila absolutuan, eta oso pozik nago. Txapelketa oso polita izan zen, marka ona egin nuen (54,56 m) baina marka hori pixka bat hobetzeko gogoekin gelditu nintzen, sasoitsu sentitzen nintzelako. Ez zen atera, baina helburua lortu nuen, lehena izatea. 

Zein da zure markarik onena?
56,30 m da nire markarik onena, eta aurtengo denboraldiko markarik onena 55,72 m, Zaragozan egin nuena, liga batean. Helburua marka hobetzea zen, baina dena ezin da eta egindakoarekin oso pozik nago. 

Honen atzean lan asko dago. Leonen jarraitzen duzu, Espainiako Atletismo Federazioko Teknifikazio Zentroan trebatzen.
Bai, egunero hiruzpalau ordu entrenatzen ditut, batzuetan gehiago. Gero, aparte, fisioterapia tratamenduak daude, eta prebentzio ariketak egitera ere banoa. Hau ez da bakarrik entrenamendu teknikoa, baizik eta horrek atzetik dakarren guztia. Baina ohitu naiz, horrela urte asko daramazkit eta gustura nago. 

Eta horri ikasketak gehitu behar dizkiozu, albaitaritza ikasketak, ezta?
Bai. Nahiko gogorra da, Leonen asko exigitzen digute eta kirolarekin biak aurrera atera ahal izateko dudan aukera bakarra da ikasgaiak gutxinaka ateratze, ikasgaiak urtero ateratzea ia ezinezkoa baita. Nik uste bizpahiru urte beharko ditudala ikasketak bukatzeko. Lizentziatu ondoren, zaila izango dut albaitari bezala lan egin eta aldi berean goi mailako kirolean aritzea, baina momentua iristean erabakiko dut zer egin. 

Asteburuko Espainiako Txapelketan alde polita atera zenien Andrea Alarconi eta Paula Ferrandizi. Goian zaudela eta Espainia mailan ez duzula areriorik diote prentsako titularrek. 
Txapelketan giro bikaina egon zen, baina disko jaurtiketako maila teknikoari erreparatuta nahiko arraroa izan zen txapelketa. Orain arteko txapeldun Sabina Asenjok aurten denboraldia utzi du, eta ez zen aritu, baina ziurrenik hurrengo denboraldian itzuliko da. Ondoren, maila altuenean dagoena ni naiz, eta nire atzetik dauden bi neskek, Andrea Alarconek eta Paula Ferrandizek, urduritasunagatik edo dauden momentuagatik ez zuten euren maila eman eta nahiko pattal iritsi ziren txapelketara. Ni ziur nengoen txapelketara oso ongi iritsi nintzela, baina ez nuen markarik hobetu, eta nazioarte mailan aritzeko asko hobetu beharra daukat. Beraz, ea lortzen dugun maila hobeago bat nazioarte mailan lehiatu ahal izateko. 

Nazioarte mailan aritzeko zein distantzia minimoak eskatzen dituzte?
Esaterako, Qatarreko Dohako Mundialetara joateko, nesken disko jaurtiketan 61,20 m eskatzen dituzte, eta Joko Olinpikoetara joateko 63 m-ko gutxienekoa. Nire markatik nahiko urrun dago; ez da erraza 5 m bat-batean hobetzea. 

Gaztea zara, 24 urte dituzu, eta entrenamenduak ongi badoaz eta lesioek uzten badizute, baduzu tarte nahikoa zure denborak hobetzeko…
Bai, oraindik tartea badut eta horretan saiatuko naiz.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Datorren Neguko denboraldian Jaurtiketen Europako Kopa jokatuko da eta bertan aritzeko gutxienekora heldu nahi nuke, eta datorren udan Europako Txapelketa Absolutuak jokatuko dira Parisen eta ea bertan aritzeko ea lortzen dudan eskatzen duten gutxienekoa, 58 m ingurukoa. Baditut bizpahiru metro hobetzeko. 

Grupompleo Pamplona Atletico taldekoa zara. Talde bikaina osatzen duzue, sekulako emaitzekin. Nafarroako atletismoa gorenean dago...
Aurten uste dut urterik onena izan dela Nafarroako atletismoarendako. Oso harro nago ditugun atleta eta kirolariekin, genituen postuak mantendu edo hobetu ditugulako. Garaipen handia izan da. Klubekoak oso pozik daude, asko zoriondu gaituzte, Nafarroako Atletismo Federazioko presidentea ere Alacanten bertan zegoen eta oso pozik zegoen… Txapelketa hau ikusgarria eta historikoa izan da Nafarroako atletendako. 

Orain atsedena hartzeko tartea duzu, ezta?
Bai, aste pare bateko tartea dut ikasketak hasi baino lehen, eta deskonektatzeko aprobetxatuko dut. Orain Murtzian nago oporretan. Gero Leonera bueltatuko gara, inurri lana egiten hasteko. 

Zer diote etxekoek eta bakaikuarrek?
Oso pozik daude. Ez naute ikusten beraiek nahi duten bezainbat. Saiatzen naiz etxera joaten, behintzat astebururen batean. Asteburuan, telebistan ikusi ninduten eta oso pozik zeuden, Whattsap mezu mordoa ditut oraindik erantzuteko… oso pozik nago dudan afizioarengatik. 

Nori eskaintzen diozu garaipen hau?
Nire inguruan dauden guztiei eta kirol honetan geroz eta hobeago izaten eta hobeto jaurtitzen laguntzen didaten guztiei; baita pertsona bezala garatzen laguntzen nauten guztioi.