Beste liburu bat betetzera

Guaixe 2020ko urt. 21a, 12:22

Bakaikuko San Anton kofradiako kideak elkartu eta aurtengo jarduerarekin euren bigarren akta liburua bete zuten 

San Anton kofradiak elizan elkartu zen eguerdi partean. Bazkaldu aurretik batzarra egin zuten eta 162 urteren ondoren Bakaikuko San Anton kofradiak bere bigarren akta-liburua bete zuten. Osatzeko bi orri besterik ez zaizkio gelditzen eta, horregatik, sanantondar bakaikuarrek liburu berria enkargatu dute, artisau eran egindakoa, larruzko azalak eta paper berezia duena. Liburua gordetzeko kutxa berri bat eginen dute. Kofradiaren liburuan izandako altak eta bajak, buruzagien izendapenak eta bestelakoak jasotzen dituzte urtez urte. 1858 eta 2020 urte artekoa da osatu duten bigarren liburua. 1715tik 1857ra artekoa da kofradiaren aurreneko liburua, duela bi urte Nafarroako Liburutegi Nagusiak zaharberritu zuena eta eskaneatu egin zena. Azken hori kofradiaren 300. urteurrenean egin zen. 

Gaur egun 93 dira sanantondar bakaikuarrak. Akta liburuan jasoa gelditu zen Roberto Ramos maiordomoak Mario Gastaminzari pasa ziola kofradiaren ardura. Eta azken horrek laguntzaile edo belero ardura Eduardo Urrestarazuren esku utzi zuela. Horrekin batera, baja izandako hiru kideen izenak apuntatu zituzten: Estanis Zelaia, Migel Luis Ezkerra eta Migel Ondarra. 45 kofrade elkartu zituen bazkarian ez zen izan aurten 99 urte beteko dituen Jose Barandiaran Albizu, baina kofradiarekin dituen konpromisoak betetzeko prest agertu zen. Bestalde, kofradiatik gazteak izen ematera animatu zituzten. 

Lehengo ospakizuna 
Garai batean, San Anton egunean, aziendarekin elizari bueltaka ibiltzen ziren bakaikuarrak. Horrela, nonbait, animalien zaindariaren babesa eskuratzen zuten. Eta hiru egun irauten zuen: bezpera, San Anton eguna eta San Anton txiki. Merezi duen edozein ospakizunetan bezala, jan-edanak eta dantzak ez ziren falta. Urtero etxe batek hartzen zuen ospakizuna eta etxeko nagusiaren kontura ziren gastuak. Jakina, elizkizunetara ere joaten ziren, tripota-zopa dastatu eta gero. Gizonezkoen festa zen San Antonena. Salbuespena San Anton txiki egunean zegoen, etxeko emakumezko nagusiek soilik parte hartzeko aukera zuten. 

Erlazionatuak