Atletismoa

Lucas Larraza korrikalari ohia zendu da

Guaixe 2020ko ots. 24a, 14:22
2016ko Aitzkozar lasterketan Larraza omendu zutenekoa.

91 urte zituen 50. hamarkadan korrikalari ezaguna izan zenak

Lucas Larraza korrikalari ohi bakaikuarra, kros espezialista izandakoa, aurreko ostegunean zendu zen, 91 urte zituela. Atleta bakaikuarra erreferente handia izan zen 50. hamarkadan, eta palmares zabala zuen. Gipuzkoako Federazioan zegoen federatuta, garai haietan Nafarroan ez baitzegoen federaziorik. 

Larrazak lautan irabazi zuen Elgoibarko Juan Mugerza Memoriala, 1953, 1955, 1956 eta 1957 urteetan, eta Munduko Kopan, egungo Munduko Txapelketetan, hiru aldiz aritu zen, 1955an Donostian, 1956an Belfasten eta 1957an Waregemen. Aipatzekoa da Donostian jokatutako Munduko Kopan taldeka brontzezko domina lortu zuela. Horretaz gain, Uliako Gimnastikako Krosa hirutan irabazi zuen eta Nafarroako lau txapelketa irabazi zituen. Baina Sakanan 1951. urtean Altsasun jokatutako lasterketa batean egin zen ezaguna, Nafarroako Txapelketako lasterketa bat zen, elur artean jokatu zena, eta lasterketako tarte handi batean oinutsik aritu zen Larraza, zapatila galdu eta gero. 

2016an Aitzkozar Krosean omenaldia egin zioten Bakaikun eta “oso eskertuta” zegoela aitortu zuen Guaixen egindako elkarrizketa batean. 
 

Erlazionatuak

"Gustura egiten nuen korrika; niretako salbazioa zen"

Alfredo Alvaro eta Maider Betelu 2016 mai 27 Bakaiku