June Kintana

"Espainiako Txapelketan ez nuen normalean izaten dudan konfiantza izan"

Maider Betelu Ganboa 2020ko ira. 22a, 11:19
Argazkiak: Espainiako Atletismo Federazioa.

Asteburuan Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutuak jokatu ziren Madrilen. June Kintana (Grupompleo Pamplona Atlético) disko jaurtiketan aritu zen.

Bakaikuarra ez zen ohi bezala ibili, baina hala ere zilarrezko domina lortu zuen kilo bateko pisuko diskoa 49,73 metrora jaurti eta gero. Txapeldunak, Paula Ferrandizek, Junek baino ia metro bat gehiagoko aldearekin lortu zuen urrea (50,64 m), alde oso gutxirekin, egia esan.

Txapelketa bukatu eta berehala adierazi zenuen ez zeundela gustura egindako lanarekin, asteburukoa ez zela zure txapelketarik onena izan. COVID-19ak baldintzatutako urte arraro honek zeharo aldatu al du zure ohiko martxa? 
Pozik nago zilarrezko domina lortu dudalako eta hori baloratu beharra dago. Baina egia da Espainiako Txapelketa Absolutuan ez nuela ongi jaurti. Egindako marka hori niretzat justua da; metro gutxi iruditzen zaizkit dudan mailarako eta entrenatu dudanerako. Ez dakit zein den txapelketa hain ongi ez ateratzearen arrazoia, baina nik uste ez nintzela sasoi egokian iritsi denboraldi hau oso laburra izan delako. Konfinamenduan ariketak egiten jarraitu nuen, baina ez da berdina etxean entrenatzea edo betiko tokian, Leongo Errendimendu Altuko Teknifikazio Zentroan, material berezi gehiagorekin entrenatzea. Konfinamenduaren ondoren bakarrik 3 hilabete izan ditut prestatzeko, denbora gutxi da hori behar bezala prestatzeko, eta uste dut ez zela momentua izan. Ahalik eta hobekien egiten saiatu nintzen, baina Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa ez zen espero nuen bezala atera, eta azkenean bigarren sailkatu nintzen.

2020 hasieran sasoi betean zeunden. Otsailaren 29an Castellongo atletismo kontrol batean 55,70 metroko jaurtiketa egin zenuen eta martxoan jokatzekoak ziren Europako Neguko Txapelketetarako sailkatzea lortu zenuen, 55 metroko gutxienekoa gainditu zenuelako. Eta martxoaren 7an Espainiako Neguko Jaurtiketen Txapelketan urrea lortu zenuen (52,10 m). Egia da marka hobeagoak zenituela urte hasieran. 
Bai. Konfinamenduak asko eragin dit, errendimenduan bereziki. Zuk esan bezala, martxoan emaitza oso onak nituen: Europarako Txapelketetarako sailkatu nintzen, eta egia esan, oso gogotsu nengoen denboraldi honetarako. Baina konfinamendua eta gero, denboraldiko helburu bakarra asteburuan jokatutako Aire Zabaleko Espainiako Txapelketa zen. Ahalik eta hobekien iristen saiatu nintzen, baina azkenean...

Akaso beste batzuetan baino urduriago zeunden? 
Ez negoen txapelketatan egoten naizen moduan. Ez nuen normalean izaten dudan konfiantza hori. Denboraldi normal batean uda iristerako horrenbeste txapelketa egin ditugu, gure gorputza nola dagoen badakigula. Teknika gehiago landuta dago, eta teknika egonkorrago dago. Denboraldi honetan ez ditugu hainbeste txapelketa izan, eta behar bezala egoteko, txapelketa gehiago egitea eta konfiantza gehiago izatea falta zitzaidan, teknika gehiago entrenatzea. Azkenean, Madrilgoa horrela atera zen eta hasieran amorratua nengoen, lehenengoak horren tarte gutxi atera baitzidan… baina baloratu beharra daukat bigarren postua lortu nuela, eta hori ez dela nolanahikoa. Hortaz, alde horretatik begiratuta pozik nago. Iaz lortu nuen lehenengoz Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketan disko jaurtiketan urrea lortzea, aurretik bigarrena eta hirugarrena izan bainitzen.

Martxoan Europako Neguko Jaurtiketa Luzeen Txapelketa jokatzekoa zen Portugalen eta bertan behera geratu zen proba, pandemiagatik. Nazioarteko proba guztiak bertan behera geratu al dira?
Bai. Asteburuan jokatutako Espainiako Atletismo Txapelketa izan da udan jokatu dudan probarik garrantzitsuena. Datorren urtean 2021eko egutegiko probak jokatuko dira soilik. Oraindik ez dakigu zein txapelketa izango diren, baina horietan parte hartzen saiatuko gara, beste txapelketetan aritzeko gutxienekoak lortu ahal izateko. Joko Olinpikoak ere 2021era arte atzeratu dituzte, baina ezin gara fidatu. Negua dator, COVID-19 bertan dugu eta ea zer gertatzen den.

Beraz, 2021ean egindako jaurtiketak eta emaitzak hartuko dira kontuan 2021eko txapelketetarako eta Joko Olinpikoetarako. 
Hori da. Finean, guztia erreseteatuko dute eta 2021etik aurrerako markak bakarrik hartuko dituzte kontuan. Eta ulertzekoa da. Guk zortea izan dugu eta udan entrenatu ahal izan dugu, baina badaude beste herrialde batzuk oraindik ez direla entrenatzen ere hasi. Beraz, alde horretatik ez litzateke bidezkoa udan egin diren markak datorren urterako balio izatea, beste kirolari batzuk ez baitute ez entrenatzeko ez txapelketetan aritzeko aukerarik izan.

COVID-19 birusaren eraginez, asteburuan jokatutako Aire Zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua egoitza batean jokatu beharrean, lau tokitan jokatu zen, ezta?
Bai, gu Moratalazen aritu ginen. Aitortu beharra dut txapelketako giroa, orokorrean, ez zitzaigula inori gustatu. Beroketak maskara jantzita egin behar izan genituen, jaurtiketa batetik besterako tarte osoan maskara jantzita egon behar izan genuen, eta distantziak mantentzeko eskaria entzun behar izaten genuen etengabe. Kide batek marka ona edo lan ona egiten bazuen ezin zenuen berarengana hurbildu eta taldekidea besarkatu, eta hori guretako arraroa da, txapelketan zaudenean animatzea eta emaitza onak ospatzea kirolak duen alde polita baita. Hori guztia faltan bota zen eta nahiko hotza izan zen. Baina egoera berri honetara moldatu beharra dago eta ahalik eta arrisku gutxien hartu.

Leongo Errendimendu Altuko Atletismo Teknifikazio Zentroak noiz zabaldu zituen ateak COVID-19 birusaren agerpenaren ondoren?
Ekainaren hasieran, baina nik ekainaren bukaerara arte ezin izan nuen joan, mugak ireki zituztenera arte, Bakaikun pasa bainuen konfinamendua. Egun, taldeka entrenatu beharra dugu, materiala talde batek erabili badu desinfektatu arte ezin dugu ukitu, sartzean beti tenperatura hartzen digute, kaletik oinetako batzuekin sartu eta barrura sartu baino lehen aldatu behar ditugu, ezin gara dutxatu...

Akaso horrek orain ez du aparteko garrantzirik, baina neguan, izerdituta, gaixotzeko arriskua dago. 
Bai; nik uste dut erabaki berriak hartu beharko dituztela, badaudelako gauza batzuk beste modu batera egin daitekezkeenak. Arriskua beti hor egongo da, baina nesken aldageletan gutxienez bi dutxa egotea eta mutilenetan beste bi eskatuko dugu, eta norbaitek erabili bezain pronto desinfektatzea. Bestela, neguan egiten duen hotzarekin gaixotu gaitezke. Argi utzi digutena da bi positibo agertuz gero zentroa itxiko dutela. Argi eta garbi. Hortaz, zentroan eta zentrotik kanpo ere, gure eguneroko bizimoduan kontu handiz ibili beharra dugu. Nik ez nuke nahi nire erruarengatik zentroa itxi behar izatea. Hortaz, tentuz bili beharra dugu. 

Orain burua 2021ean duzu?
Bai, atsedena hartuko dut eta segidan 2021erako denboraldia prestatzen hasiko naiz, entrenatzen hasi eta betiko martxan, datorren urtekoa prestatzen. 
Albaitaritza ikasten duzu Leongo unibertsitatean. Klaseak hasi dira?
Bai, aste honetan hasi ditugu baina online egiteko aukera dugu. Praktikak presentzialak izango dira baina datorren astean hasiko ditut eta hortaz, aste honetan Bakaikun nago; Madriletik zuzenean etorri nintzen Bakaikura. Uda Leonen eman dut, entrenatzen, udako asteburu batzuk izan ezik, eta gustura nago aste honetan etxean.

Hurrengo urtean Joko Olinpikoak jokatzekoak dira. Gertu edo urrun ikusten dituzu?
Joko Olinpikoetan sartzea zaila da, disko jaurtiketan eskatzen duten gutxienekoa oso altua baita (63,5 metro). Baina iaz puntuen sistema jarri zuten martxan, hau da, txapelketa ezberdinetan hainbat puntu lortzeko aukera, eta zenbat eta puntu gehiago lortu, Joko Olinpikoetarako postu horietara gerturatzeko aukera gehiago daude. Beraz, puntuatzen duten txapelketa horietan parte hartzen saiatuko naiz, ahalik eta puntu gehien lortzeko. Gutxienekoa zaila da lortzen, baina puntuen sistemarekin Olinpiadetarako aukeratutako 32 horien artean sailkatzea lortu daiteke. 2020 denboraldia ez dut gustatu litzaidakeen bezala bukatu, baina uste dut buelta eman ahal diezaiokedala. 2020 hasieran, oso ongi nengoen, eta helburua da, berriro ere, fisikoki eta mentalki momentu horretara iristea eta hortik aurrera jarraitzea. 

2020 urtea madarikatuta dago.
Bai, urte hau halakoa ari da izaten (kar, kar…). Hurrena ezberdina izango da, espero dezagun.