Eskolen eraikinarekin zer egin erabakitzeko bilera

Guaixe 2021ko urt. 22a, 15:30
Eskolen eraikinaren ikuspegia airetik. Argazkia: Bakaikuko Udala.

Gaur, 18:30ean, udaletxeko goiko areto handian udal arkitektoak landu dituen bi proiektuak aurkeztuko ditu: eraikin berria egin edo eraberritzea. 

Bakaikuko plan estrategikoan hiru gai nabarmendu ziren: auzolana, eskolak izandako eraikina eta etxebizitza. Aurrekoa parte hartze prozesu baten bidez arautu ondoren, bakaikuarrak 2019ko udazkenean eskolen eraikinekin zer egin aztertzen hasi ziren. Lehenengo bileran eraikinak izan zitzakeen erabilera posibleak zerrendatu zituzten herritarrek: erabilera anitzeko gela, gaztetxokoa edota ludoteka hartuko duen espazioa sortzea edota etxebizitzak. Bigarren bileran bi aukeren artean eztabaidatu zuten: egungo eraikina mantendu edo bota eta berria eraiki. Ekarpenak lantalde batek udal arkitektoarekin landu ditu eta hark ondutako bi proiektuak gaur aurkeztuko ditu. Bakaikuko Udalak herritar guztiak bilerara gonbidatu ditu, “gaur proiektu horiekin zer egin erabakiko baita”. 

575 metro karratu 
Azalera hori du eskolen eraikinak, bi solairuetan banatuta.