Hiru erabilera aurreikusi dituzte eskolen eraikinarendako

Guaixe 2019ko aza. 18a, 11:24
Eskolen eraikinaz egindako batzarreko unea. Argazkia: @Bakaiku_info

Erabilera anitzeko gela bat egitea, gaztetxokoa edota ludoteka hartuko duen espazioa sortzea eta etxebizitza lehentasunezko gai jo ziren larunbateko topaketan. Hori bi proiektutan gauzatzeko lantaldea sortuko da.

Bakaiku plan estrategikoan auzolana, etxebizitza eta eskolen eraikina izan ziren lehentasunak. Aurreneko gaia landu eta gero, bakaikuarrek eskolen eraikinarekin zer egin erabakitzeko prozesua abiarazi zuten larunbatean. Bi solairu eta 575 metro karratuko azalera du eraikinak eta Ekhi Etxeberria Kaiuela zinegotziak aitortu duenez, “nahiko zaharkituta dago, baina, oraindik ere erabilgarria da. Herriarendako elementu garrantzitsu bat izan daitekeela pentsatzen dugu”. 

Eskolak zertarako galderari erantzuteko gogoz 20 bat bakaikuar elkartu ziren larunbatean. Etxeberria zinegotziak azaldu digunez, “plan estrategikoko parte hartze prozesuan sortutako ideia batzuk genituen. Larunbatean ideia gehiago ote zeuden galdetu genuen eta batzuk atera ziren”. Topaketan izen guztiek zein bere lehentasunak zehaztu zituen, komunean jarri eta guztien artean hiru aukeratzeko: erabilera anitzeko gela bat egitea, gaztetxokoa edota ludoteka hartuko duen espazioa sortzea eta goiko solairuko bi etxebizitzak. 

Plan estrategikoan onartuta zuten bi proiektuak lantzea: eskolen eraikina botatzea edo berreraikitzea. Zinegotziak aurreratu duenez, eskolen eraikinen inguruan aritzeko lantaldea sortuko da. “Lehentasunak erabakita ditugu. Beraz, lantaldeak arkitektoarekin bi proiektu horiek landuko ditu. Ondoren, herriari erakutsiko zaizkio eta hark erabakiko du”. Etxeberriak jakinarazi digu euren buruari ez diotela eperik jarri. 

Auzolan
Plan estrategikoaren lehentasunetako bat auzolana izan zen. Herritarrek ondutako proposamena bakaikuarrek beraiek herri galdeketa bidez berretsi zuten. Etxeberriak jakinarazi digunez, udala hura arautuko duen ordenantza egiten ari da. “Urte akaberarako egina izatea espero dugu, martxorako auzolanekin hasteko”.