Akta-liburu berria eskuratzea erabaki du San Anton kofradiak

Guaixe 2021ko urt. 28a, 19:22
Sanantondar bakaikuarren talde argazkia.

306. urtez jarraian egindako bilkuran hartu zuen kofradiak, aurreko akta liburua bete baitute. Anaien urteko topaketa “formatu murritzean” egin dute aurten, datorren urtean ospakizuna bere horretan berreskuratzeko esperantzarekin.

Bakaikuko sanantondarrek urteroko bilkura larunbatean egin zuten, hildako anaien omenezko mezaren ondoren. San Anton kofradia 1715ean sortu zen Bakaikun. Ordutik urtero egindako bilkuren berri akta liburuan jaso dute. 1715 eta 1857 urteen artekoa liburu batean jasoa dago eta 1858 eta 2019 artekoa bigarren batean. Azken hori beteta, zahar antza duen akta akta liburu bat non erosi ikertu du Javier Negrin anaiak. 

Kofradiako belero Eduardo Urrestarazu Fernandezek esan duenez, “aukeren artean, Madrilgo zaharberritzaile famatu batek egindako bat aukeratu dugu. Liburu berezia da, bai paperaren gramajearen (lodieraren) aldetik, bai azalagatik. Aurrekoak bildots azala zuen”. Kofradiako arduradunak gaineratu duenez, “urteak pasatuta, edozein paperetan idatzitakoa, askotan ez da ezta irakurtzen. Horregatik izan behar du paper berezia eta liburu berezia izan behar du”. 

Berezitasun horiek guztiek prezioan eragiten dute: “900 euro pasa balio du (2.000 eurotik gorako aukerak ere bazeuden). 600 euro inguru pilatuta ditugu. Beste 400 bat euro eskas beharko genituzke. Mario Gastaminza maiordomoak eta biok ikusiko dugu gastu hori anai guztion artean nola partekatu. Aukera zabaldu dugu dohaintzak egiteko eta mezako diruarekin laguntzeko”. Hirugarren akta liburuan idatziko duten aurreneko akta kofradeek larunbatean onartu zuten 2020 urtekoa izanen da. 

Kofradiaz
COVID-19 gaitzak eragindako pandemia betean egin zen bilkura eta inoiz baino anai gutxiago izan ziren bileran. Horrekin ez zen harritu Urrestarazu: “baldintzak ikusita, normala da. Garrantzitsuena zen tradizioarekin jarraitzea, baina arduragatik ere: 305 urte jarraian izan dira eta jarraitu beharra genuen. Polita izan da 20 bat anai biltzea”. 

Bakaikuko San Anton kofradiak 91 anai ditu. “Baina, normalean, 50-60 bat dira parte hartzen dutenak. Horiek dira anai aktiboenak”. Joan den urtean bi kofrade hil ziren: Zakarias Quintana eta Francisco Uriz. Bestalde, larunbatean kofradeko anai gisa onartu zuten Javier Aldabe. Urrestarazuk azaldu zuenez, “egia da azken urteetan ez ditugula alta berri ugari izan, baina esperantza dugu etorkizunean gazteren bat animatuko dela”. Bestalde, kofradeek onartu zuten Mario Gastaminza maiordomo eta Urrestarazu belero ardurekin beste urte batez jarraitzea. “Uste dut kofradiaren bizitzan lehen aldia izanen dela ardurak errepikatzen direna”. Beraz, beraiek bi akta idazteko ardura izanen dute.