Asteburuan Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu zen Getafen eta Grupompleo Pamplona Atletico taldeko June Kintana Larraza emakumezkoen disko jaurtiketan aritu zen. Bakaikuarrak lan bikaina egin zuen, eta estatuko emakumezkoen aurtengo disko jaurtiketarik onena egin zuen: 54,12 metro. Kintana 2019an izan zen lehenengoz Espainiako txapelduna, iaz ez zen posible izan, eta aurten tronua berreskuratu du.
Zorionak Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua irabazi izanagatik! Pozik egongo zara…
Eskerrik asko! Pozik ez, horren hurrengoa: oso pozik. Denboraldi gogorra izan da niretzat, COVID-19 birusaz kutsatu nintzenetik gorabehera nahikoak izan ditudalako. Nazioarteko txapelketetan ezin izan nuenez aritu, geratzen zitzaidan helburu bakarra Espainiako Txapelketa zen. Ez nintzen espektatiba handiekin joan, gutxi gorabehera zein marketan nengoen banekielako, baina, azkenean, lasai eta ziurtasunarekin arituz, sekulako txapelketa atera zen.
Aurretik aipatu zenuen bizkarrean arazoekin zenbiltzala, oinazeekin.
Aspalditik dut bizkarreko mina. Pandemia aurretik nituen oinazeak handitzen joan ziren. Eta azkenean entrenamenduetako intentsitatea jaistea erabaki genuen, gutxiago entrenatzea, pisua bizkarrean ez jartzea eta ariketak nire gorputzaren pisuarekin bakarrik egitea. Horren helburua zen bizkarra erlaxatuago heltzea Espainiako Txapelketara. Bide horretan fisioengana eta osteopatarengana joateak asko lagundu dit. Nire entrenatzailea ere osteopatia ikasten ari da, eta bere osteopatiako irakaslearen eta nire osteopataren artean lortu genuen txapelketara bizkarra deskargatua edo behintzat min gutxiagorekin iristea. Alde horretatik ere pozik nago.
Oinazeekin egonda ere, 51 metroren bueltako markak egiten ari zinen eta Getafen, aldiz, 54,12 metroko jaurtiketa egin zenuen. Hor salto bat badago.
Bai. Banekien nire egoera nolakoa zen eta zein marketan nengoen, 51 metroren bueltan. Baina banekien ere edozer gerta zitekeela, aurten emakumezkoen diskoan lau atleta antzeko mailan geundelako, marka ia berdinetan. Nire helburua izan zen, batez ere, ongi pasatzea. Txapelketa nola bukatuko zen ez zegoen argi, eta oso ongi atera zen.
Bigarrenez zara Espainiako disko jaurtiketa txapelduna maila absolutuan. 2019an lehen aldiz lortu zenuen, baina joan zen urtean Paula Ferrandiz gailendu zen. Beraz, aurten txapela berreskuratu duzu.
Beste urte batzuetan topera joan izan naiz Espainiako Txapelketa Absolutura, dena ematera, urrezko domina lortzeko borrokatzera, baina aurten ongi pasatzera joan nintzen gehiago. Duela bi urte lortu nuen, iaz ez zen atera, eta aurten bai. Urrezko bi dominez gain beste bi domina gehiago ditut, zilarrezkoa eta brontzezkoa.
Getafen Katalunia taldeko Andrea Alarcon izan zen bigarrena (52,69 m) eta Tenerifeko Emma Garcia gaztea hirugarrena (49,74 m). Nola ikusi zenituen arerioak?
Emma gaztea da, eta oso ongi aritu zen. Bere marka pertsonala horrenbeste hobetzea eta bat batean halako sorpresa ematea oso polita zela esan nion. Izan ere, jaurtiketak, eta neskenak batez ere, ez dira atletismoko beste proba batzuk bezain ezagunak, ez dute publikoan horrenbesteko atentzioa deitzen, eta halako sorpresak ongi etortzen dira. Asko poztu nintzen berarengatik, baina batez ere 2. sailkatu zen Andrearengatik. Andrea nire lagun minenetako bat da, atletismoan hasieratik elkarrekin egon gara, eta nahiz eta txapelketetan gure artean lehia egon, hortik kanpo erlazio oso ona dugu.
Pentsatzekoa da honekin nazioarteko probetan aritu ez izanaren arantza kenduko zenuela.
Hura kolpe gogorra izan zen, denboraldi guztia eten egin baitzen. Helburu guztiak aldatu behar izan nituen eta bistan soilik Espainiako Txapelketa jarri. Tokioko Olinpiar Jokoetarako plaza lortzeko eskatzen zuten gutxieneko jaurtiketa egitea oso zaila zen, eta Tokion egon ahal izateko aukera bakarra podium batzuekin rankingean postuak lortzea zen, munduko 33 atleta hartzen baitituzte emakumezkoen diskoan. COVID-19arengatik Europako Txapelketetara joan ahal ez izatea, infekzioa pasata eta antigorputzak izanda, horrek asko izorratu zidan. Baina PCR-etan positibo ematen jarraitzen nuen, “infekzio iraunkorra” deitzen diotena dudalako. Espainiakoa irabaztearekin nolabait arantza kendu dut, denboraldi bukaera ona delako.
Grupompleo Pamplona Atletico taldekoek sekulako erakustaldia egin zenuten Espainiako Txapelketetan. Nafarroara 10 domina ekarri dituzue, eta tartean Asier Martinezek Tokiora joateko gutxienekoa lortu zuen. Asko duzue ospatzeko.
Bai, sekulakoa izan da. Talde gisa ikusgarri aritu zen Grupompleo Pamplona Atletico. Nafarroan lortu ziren 10 dominetatik 9 Grupompleoko atletok lortu genituen eta bestea New Balance klubeko Sergio Fernandezek, urrea. Nafarroan azken urte hauetan atletismoan maila oso handia lortu dugu. Espainiako Txapelketetatik aurten 10 domina ekarri ditugu, eta hori poz handia da, erakusten duelako Nafarroan atletismoa nolako maila dagoen eta atleta bakoitzak zenbat lantzen duen bere gorputza helburu horiek lortzeko. Ikusgarria izan zen Asier Martinez Joko Olinpikoetara joateko gutxienekoa lortzen. Guztiak poz-pozik geunden, saltoka. Izan ere, hain denbora gutxian egin duen saltoa eta eman duen pausoa ikusgarria da. Tokion egotea berearendako egia bihurtu den ametsa da. Gure klubekoa eta laguna delako, oso harro gaude berarekin.
Oraindik entrenatzen jarraitzen duzu, uztailean udako azken proba jokatuko duzulako, Federazioen Arteko Espainiako Txapelketa. Nola ikusten duzu?
Bai, hemendik bi astera izango da, uztailaren 10ean eta 11n, L´Hospitalet de Llobregaten. Bi aste hauetan entrenamendua luzatuko dugu, lasai-lasai, teknika batzuk eta ariketa gutxi batzuk egiten. Orain arte nire kirol ibilbidean izango dudan udarik luzeena izango da hau. Joko Olinpikoak direnez, gainontzeko txapelketa guztiak aurreratu dira, eta uztaileko azken bi asteak eta abuztu osoa izango ditut oporrak. Egia esan, Bakaikura etorri eta oporrak hartzeko irrikaz nago.