Herri dendarako ekarpen eske

Guaixe 2022ko mar. 7a, 10:01

Talde sustatzaileak bakaikuarren iritziak jaso nahi ditu inkesta baten bidez.

Herria dendarik gabe ez gelditzeko, bakaikuarrek herri kooperatiba bat sortzea erabaki zuten. Hura sortzeko pausoak ematen ari diren bitartean, bakaikuarren iritzia ere kontuan izan nahi dute sustatzaileek eta, horrela, “denda berriaren eskaintza eta zerbitzua egokitzen laguntzeko”. Inkesta bete nahi dutenek Koxko tabernan eta Bakarrekoetxea elkartean opatuko dituzte. Bete ondoren bi establezimenduetan jarritako kutxetan sartu behar dira inkestak. Erantzunak emateko epea ostiralean despedituko da. 

Bakaikuko Udalak Maldai kaleko 3. zenbakian dagoen bajera bat erosi du eta han jarriko da herriko denda berria. Hura egokitzeak 86.000 euroko aurrekontua du. Inbertsio horri aurre egiteko udalak dirulaguntza eskaera egina du Cederna-Garalurren bidez.


Pauso horiek iristen diren bitartean, urteetan zerbitzua eman ondoren, Bakaikuko dendak astelehenean itxi zituen ateak. Kontxi Etxeberria Solisek bakaikuarren omenaldi xumea jaso zuen larunbatean. Haien izenean alkateak lore sorta eskaini zion. 

Erlazionatuak