Bakaikuarren omenaldia jasota, dendaren itxieragatik pena adierazpenak entzunez, hala joan zaizkio azken egunak orain arte mostradore atzean zerbitzatzen egon denari.
Noiz zabaldu zituen ateak dendak?
Nire aitonak eta amonak ez zuten bakarrik estankoa, denda eta taberna bazuten ere. Gero gurasoen eskutara pasa zen. Ni azkenekoa naiz. Ama hil zenean erabaki genuen taberna ixtea eta denda eta estankoa izatea bakarrik.
Garai bateko denda haietako bat izanen zen.
Bai, ehun urte pasa bai. Denetarik zuten. Eta orduak, goizetik gauera arte. Egun osoa egoten ziren, gelditu gabe. Gainera, amari sukaldean ibiltzea gustatzen zitzaion eta jendea merendatzera eta afaltzera etortzen zen. Gaixotu eta hil zen, eta ondoren taberna ixtea erabaki genuen. Denda lotura da, baina taberna okerragoa da.
Noiz hasi zinen dendan?
Gazte nintzela, 18 urterekin hasi nintzen dendan jarraian lanean. 45 urte ego naiz dendan. Hartu nuenean lehengo denda modukoa zen, balda altu batzuk eta mostradore altua. Niretako zaharra. Garaiak eskatzen zuen beste denda mota bat. Nik dendan jarraitzea erabaki nuenean erosoago jartzea erabaki nuen, nire gustuko denda. Obra egin eta supermerkatuen moduan jarri nuen, jendeak produktuak hartzeko. Garai hartan oso berria zen.
Zer esan zuten bezeroek aldaketarekin?
Jendea ez zegoen ohituta baldara joan eta hartzera. Ez zekien gauzak non zeuden, zeren dena aldatu genuen. Baina hasieran. Jende gaztea ez, baina jende heldua, amonak-eta, bai. Baina berehala ohitu ziren. Lehendabiziko eguna. Gero bigarrena eta hirugarrena, oso erraza, bazekiten non zeuden gauzak.
Zein etortzen zen dendara erostera?
Gehienetan bakaikuarrak ziren. Iturmenditik ere etortzen ziren, han ez baitago estankorik, zigarro eske-eta. Eta Urdiaindik ere, han ere ez baitago estankorik. Gainera, jendea gelditzeko oso toki erraza da, bideberri ondoan dago. Batzuetan Etxarritik. Gelditzeko oso erosoa da.
Zer erosketa mota egiten zuten?
Urteekin gauzak aldatu dira. Garai batean jendea gauzak erostera etortzen zen. Baina azkeneko urteetan gauzak aldatu dira. Jendeak erosketak kanpoan egin eta hemen eguneroko gauzak erosten ditu: ogia, egunkaria, fruta… Gauzak aldatu dira eta bizitza aldatzen da. Onartzen dut. Horrela da.
Denda kateren baten barruan zeunden?
Betidaniko denden kooperatiban egon naiz. Azken urteetan Coviran da. Baina lehen, Iruñetik, San Migel kooperatiba zen. Ondoren, Euskadiko denden kooperatibekin elkartu ginen. Eta orain dela hamar bat urte Espainian Coviran sortu zen. Zentrala Granadan dago, baina banaketa plataforma Gasteizen dago. Beraz, nik astean behin eskaera egiten nuen eta generoa zekarren kamioia ostegunetan etortzen zen. Fruta astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan etortzen zen.
Kooperatiba denden indarrak batzeko eta zerbitzu hobea eskaintzeko izanen zen, ezta?
Orain dela 20 urte eta gaur egun abantaila handia zen, bestela prezioekin lehiatzea ezinezkoa da. Prezio aldetik-eta, niretako eta jendearendako hobe da.
Merkataritza zentro handiak hirietan ezarri zirenean, kontsumo aldaketa izan zen. Zer moduz moldatu zinen?
Gauzak aldatu dira, gehien bat, azkeneko hamar urteetan. Gauzak horrela dira. Bizitzak jarraitzen du. Badakigu aldaketa batzuk onak direla, eta beste batzuk ez hain onak. Baina onartu behar da.
Internet bidez erosteko ohiturak eragin dizu?
Ez. Nire dendara etortzen zen jendea adina zuten bakaikuarrak ziren. Jendeari gustatzen zaio ikustea gauzak, erostea, zurekin egotea. Beste modu bat da. Niri jendearekin egotea gehiago gustatzen zait. Badakit Internet etorkizuna dela, baina ez zait batere gustatzen.
Sare sozialak erabili dituzu?
Ez. Egia esan, azken urteetan gauzak eskatzeko modua aldatu da, makinen bidez. Baina, esaterako, betidanik gustatu zait fruteroari nik eskatzea eta hitz egitea, nahiz eta telefonoz izan. Asteburuan erantzungailuan utzi behar nuen, baina niri prezioez, generoaz galdetzea gustatzen zait. Nahiago jendearekin Internet edo Whatsapparekin baino. Batzuetan bai, baina nahiago dut beste modura, bestela oso hotza da.
Konfiantza sortzen da.
Hori da. Duela bi aste despeditzen eta jendea penaz. Harremana sortzen da, nahiz eta ez ezagutu. Batzuk ez ditut ezagutzen, telefonoz hitz egiten genuelako. Hitz egiten harreman polita sortzen da.
Herriko denden bereizgarria da beti egoten zela libreta edo koaderno bat zeinetan apuntatzen zen erosi eta zorretan utzitakoa. Halakorik izan duzu?
Bai, jendeak batzuetan dirua etxean ahaztu eta… Baina ez dago inongo arazorik, zeren hurrengo egunean, jendea etortzen zenean pagatzen zuen. Jendea horretarako oso txintxoa izan da, eta ordaintzen zuen. Gogoratzen dut denda berritu genuenean, nire amaren garaiko libreta opatu genuela, jendeak oraindik ordaindu gabeak zituen. Garai hartan pezetetan eta zentimoetan zen. Nirekin jendea oso txintxo izan da, eta jendearekin oso pozik nago.
Pezetak aipatu dituzula, nola moldatu zinen euroaren aldaketara?
Gogorra izan zen hasieran. Okerrena pezetekin eta euroekin batera egon ginen hilabeteak izan ziren. Erokeria izan zen. Azkenean, pixkanaka-pixkanaka, jendea ere ohitu zen. eta ni baita, baina kostatu zitzaidan hasieran, bi monetekin. Batzuk pezetak ekartzen zituzten, besteek euroak. Bueltatzeko zer nahi zuen galdetu… Nik eurotan pentsatzen dut. Baldin bada pisu bat erosteko, horretarako, bai, pezetak, baina eguneroko gauzetarako nik pezeta ahaztuta dut.
353 biztanleko herri batean denda bat errentagarria da?
Garai batean bai, jende gehiago etortzen zelako. Aldatu dira gauzak, normala da hori, aldaketa. Jende gazteak beste pentsaera bat du, beste… Oso zaila orain denda. Gehien bat pertsona bakar batek eramatea, ezinezkoa. Behar bada familia bat, jendea txandakatzeko. Baina, bestela, gaur egun oso zaila da. Gauzak ez dira lehen bezala: Internet…
Estanko baimena noiztik du?
Betidanik. Baina orain estankoa asko jaitsi da. Jendeak ia ez du erretzen, jendeak onartu du ez dela ona. Oztopoak jarri dituzte: ezin duzu tabernetan erre, kanpora atera behar duzu. Orokorrean, asko jaitsi da. Beste estankoetakoek berdina esaten dute.
Garai batean kontrabandoko tabakoa ere ibili zen.
Gogoratzen dut, bai. Aitaren garaian izan zen. Jendea nola ibiltzen zen entzun nuen txikitan. Nire garaian hori jaitsi zen.
Estankoan posta zerbitzuko zigiluak ere saltzen ziren, ezta?
Uff. Jendea etortzen denean batzuk ez dakite ezta zigiluaren prezioa ere. Azken bost urteetan, egia esan, oso gutxi saldu ditut. Eskutitzak bidaltzeko zigiluak behar dituzten autonomo batzuk besterik ez dira etorri. Gainontzeko jendeak hori ahaztuta du. Nik gabonetan saltzen nituen, postal pila bat saltzen nituen. Azken urteetan inork ez ditu erosi. Hori desagertu da. Jendea, gazteak, Whatsapparen bidez aritzen da. Normala da.
Kostatu zaizu denda ixteko erabakia hartzea?
Ez. Pandemia garaian pentsatzen hasi nintzen. Dagoeneko nekatuta. Nire adinarekin ixtea erabaki nuen. Jendeak alokatzeko eskatu zidan, baina nik ez dut nahi. Nire asmoa da obra egin eta txoko bat egitea, familiarekin elkartzeko. Gainera, nire etxea da. Nahiago dut nire etxean lasai egon.
Eta jendeak zer esan dizu?
Azken egunetan jendea penaz. Ulertzen dute nik nire bizitza behar dudala. Pena bi aldeetatik, baina bizitza horrela da. Onartu dute.
Nora joanen dira orain?
Udalak bajera bat erosi zuen eta orain lanak egiten ari dira. Espero dugu aurki irekitzea. Jendea itxoiten dago. Ideia ona da, zeren herri txiki bat dendarik eta tabernarik gabe oso tristea da. Nire erreleboa, ni pozik.
Denda berria zabaldu nahi dute. Aholkuren bat?
Oraindik obretan daudenez, ez dugu asko hitz egin. Uste dut egonen garela. Jendeak badaki non nagoen eta behar dutenean hemen egonen naiz laguntzeko. Orain gauzak aldatu dira, eta desberdina da guztia, baina zer edo zer behar badute…
Dendak otsailaren 28an itxi zituen ateak. Baina denda bat ixtea ez da horren erraza, ezta?
Ez da, ez. Hau bigarren astea da eta gauzak jasotzen, garbitzen egon gara. Erokeria. Nik ere ez nuen pentsatzen denda batean hainbeste gauza zegoenik. Etxe handia, denda handia, eta toki asko gauzak gordetzeko, azkenean, errefusara botatzeko, baina, beno. Eta paperak. Fakturak, goian pila bat dauzkat. Egunen batean su emanen diet, eta denarekin bukatuko dut.
Jubilatuta, zein asmo dituzu orain?
Betidanik bidaiatzea gustatu zait. Beraz, bidaiatu. Mendira joatea ere gustatzen zait. Asko ibiltzen naiz mendian. Fisikoki ongi baldin banago, gustatuko litzaidake trekking egitea. Gustatuko litzaidake Himalayan egitea, oso lasai. Ongi baldin banago, orain bidaiatzen hastea espero dut.